Identitatearen eraikuntza

Naiara Ozamiz Etxebarria eta Nahia Idoiaga Mondragon / Psikologo ebolutiboak

Nerabezaroko erronka nagusia nork bere identitatea definitzea da. Nor naiz ni? Zein dira nire balioak? Desberdina izan nahi dut? Eric Erikson psikologoak teoria psikosozialean azaltzen duenez, gizakion bizitzan zortzi etapa izaten dira, eta garapen-etapa horietako bakoitzean bizitzaren krisi bati egiten zaio aurre.

BIZITZAREN KRISIAK:

1. urtean: konfiantza lantzen da. Garapena osasuntsua ez denean, mesfidantza garatzen da.

2-3 urte artean: autonomia/zalantza dikotomia lantzen da.

4. urtean: ekimena/erruduntasuna.

5-12 urte artean: sormena/gutxiagotasuna.

12-21 urte artean: identitatea/nahasmena.

21-30 urte artean: intimitatea/bakardadea.

30-50 urte artean: sortzailetasuna/moteltasuna.

50 urtetik aurrera: integrazioa/etsipena.

Eriksonen iritziz, nerabeek beren identitatea argitu nahi dute, rol desberdinak probatuz. Testuinguruaren eta bizipenen arabera, lau identitate-mota ikusten dira nerabeetan:

  • Identitate propioa: pertsona definitu egin da, eta bere balioak eta erabakiak aukeratzen ditu.
  • Hipotekatutako identitatea: gurasoek edo zaintzaileek gehiegizko eragina izan dute haur eta gaztearen proiektu eta balioen garapenean, eta ez du identitate indartsua garatu.
  • Identitatearen atzerapena: luzatu egiten da norberaren balioak eta proiektuak erabakitzen.
  • Identitatearen difusioa: erabakirik hartu gabe geratzen den nerabea, betiko nerabe.

Zer lantzen dute identitatea garatzen ari direnean?

Identitatearen sorreran hainbat gaitasun lantzen dituzte:

  • Autoezagutza eta autoulermena: nerabezaroan, gazteak beren burua aztertzen eta nor diren ulertzen hasten dira. Autoezagutza hori funtsezkoa da edonoren ongizate emozional eta psikologikorako.
  • Egonkortasun emozionala: ongi definitutako identitate sendo batek egonkortasun emozionalaren sentsazioa ematen die nerabeei. Estresa eta presio sozialak hobeto kudeatzen laguntzen die.
  • Erabakiak hartzea: identitate argia duten nerabeek erabaki koherenteagoak har ditzakete, beren balio eta sinesmen pertsonalekin bat datozenak. Beren etorkizun akademikoei eta harremanei buruzko erabakiak hartzen dituzte.
  • Erresilientzia: identitate sendo batek erresilientziari laguntzen dio, ezbeharrei eraginkortasunez aurre egiteko eta gainditzeko aukera emanez. Nor diren eta zer baloratzen duten jakiteak oinarri sendoa ematen die erronkei aurre egiteko.
  • Pertsonen arteko harremanak: identitatearen argitasunak harreman osasungarriagoak eta esanguratsuagoak sortzen laguntzen die nerabeei. Muga egokiak ezar ditzakete eta benetan balioa emango dieten harremanak bilatu.
  • Jokabide arriskutsuak prebenitzea: ondo ezarritako identitate batek jokabide arriskutsuen intentsitatea murriztu dezake. Beren buruak eta xedeak ulertzeak jarduera kaltegarrietan erortzeko asmoa ken diezaieke.
  • Autoestimuaren garapena: identitate positibo baten eraketa autoestimu on bati estuki lotuta dago. Nor diren ziur eta harro sentitzeak beren buruarekiko konfiantza indartzen du.
  • Moldagarritasuna eta malgutasuna: ingurunean aldaketa esanguratsuak gertatzen badira, ondo garatutako identitate batek nerabeak malguagoak izatea ahalbidetzen du. Beren ekintzak eta erabakiak doitu ditzakete, nor diren eta haientzat garrantzitsua zer den ahaztu gabe.
  • Helburuak: identitate argia izateak helburua eta norabide-zentzua ematen dizkio bizitzari. Nerabeek helburuak ezar ditzakete, eta horiek gauzatzeko lan sendoa egin.

Bidean azaltzen diren zailtasunak:

Gazte gehienek bizitzako ohiko zailtasunei egoki egiten diete aurre, eta arazorik gabe igarotzen dute nerabezaroa. Badira, ordea, bidean paira ditzaketen hainbat arazo:

  • Arazo larrienak: kontsumoa, bullyinga, elikadura-nahasmenduak, autopertzepzio-arazoak, nahaste emozionalak, istripuakā€¦
  • Autoestimu baxua: nerabeek, askotan, beren gorputzaren eta irudi pertsonalaren onarpenarekin borrokatzen dute.
  • Gurasoekiko gatazkak: belaunaldien arteko desberdintasunek eta independentzia bilatzeak gatazkak eragin ditzakete etxean.
  • Dibortzioa eta familia-disfuntzioa: familia-egoera konplexuek eragin negatiboa izan dezakete nerabeen garapen emozionalean.
  • Presio akademikoa: eskola-errendimenduaren itxaropenak eta unibertsitaterako edo lan-merkaturako prestakuntza ere estres-iturri esanguratsuak izaten dira.
  • Sexu-portaera: babesik gabeko sexu-jarduerak nahi gabeko haurdunaldiak eta sexu-transmisiozko gaixotasunak eragin ditzake.
  • Teknologiarekiko menpekotasuna: mugikor eta sare sozialen gehiegizko erabilerak eragin kaltegarria izan dezake loan, errendimendu akademikoan eta harreman pertsonaletan.
  • Ziberjazarpena: Lineako jazarpena gero eta mehatxu handiagoa da, eta nerabeen osasun mentalean eragin larria izaten ari da.
Scroll to Top