Adimen emozionalaren garrantzia

Naiara Ozamiz Etxebarria eta Nahia Idoiaga Mondragon / Psikologo ebolutiboak

Adimen emozionala funtsezkoa da nerabeentzat, haien garapen emozional, sozial eta akademikoan eragiten duten hainbat arrazoirengatik:

Nork bere burua ezagutzea eta onartzea

Emozioak identifikatzea: adimen emozionalak nerabeei laguntzen die beren emozioak ezagutzen eta ulertzen. Hori funtsezkoa da emozioak eraginkortasunez kudeatzeko.

Autoebaluazioa: beren indarguneak eta ahulezia emozionalak ebaluatzeko aukera ematen die. Aldaketa eta esplorazio pertsonalek beren burua hobeto ezagutzea eta onartzea errazten die.

Emozioak kudeatzea

Emozioak erregulatzea: emozioak erregulatzen ikastea funtsezkoa zaie, estresa, antsietatea eta frustrazioa modu osasungarrian kudeatzeko.

Frustrazioarekiko tolerantzia: zoritxarrari eta zailtasunei modu eraikitzailean aurre egiteko trebetasunak garatzen dituzte.

Pertsonen arteko harremanak

Enpatia: adimen emozionalak besteen lekuan jartzeko gaitasuna ematen du, eta hori funtsezkoa da pertsonen artean harreman osasungarriak eta asegarriak garatzeko.

Komunikazio eraginkorra: emozioak modu argi eta ulergarrian adierazteko eta besteen emozioak ulertzeko trebetasuna ematen du.

Errendimendu akademikoa

Motibazioa: adimen emozionala berezko motibazio handiarekin lotuta dago, eta horrek eragin positiboa izaten du errendimendu akademikoan.

Kontzentrazioa eta erabakiak hartzea: eskolako lanetan erabaki informatuak eta orekatuak hartzen laguntzen du.

Ongizate orokorra

Estresa kudeatzea: adimen emozionaleko trebetasunek presio sozial eta akademikoak kudeatzeko gaitasuna ematen die nerabeei.

Erresilientzia: ezbehar emozionaletatik errekuperatzeko gaitasuna ematen du, eta osasun mentala eta ongizate orokorra indartzen ditu.

Etorkizunerako prestatzea

Moldagarritasuna: adimen emozionalak aldaketetara eta trantsizioetara egokitzen laguntzen die nerabeei, eta hobeto prestatzen ditu helduaroko etorkizuneko erronketarako.

Lidergoa eta lankidetza: talde-lanerako gaitasuna eta lidergorako joera naturala azaltzen dute.

Eredu berriak

Komunitate zientifikoak osasun mental ona izateko prebentzio-faktore nagusiak identifikatu ditu, eta gaitasun emozionalak lantzea da ongizate mentala ahalbidetzeko baliabide pertsonal garrantzitsuena. Gaitasun emozionalak ikastetxeetan lantzea proposatzen dute.

Ikertzaileen aldetik arreta gehien jaso duten adimen emozionalaren ereduetako bat Mayer & Saloveyrena izan da. Haren arabera, trebetasun hauen batura da adimen emozionala: emozioak behar bezala hautemateko eta adierazteko gaitasuna, gure emozioetatik ateratzen dugun informaziotik abiatuta erabakiak hartzeko gaitasuna, norberaren eta besteen emozioak ulertzeko gaitasuna (enpatia) eta egoera emozionalak erregulatzeko gaitasuna.

Eredu berriak sortzen ari dira, ordea. Falcó, Marzo eta Piquerasen proiektuak (2020) kobitalitatearen eredua proposatzen du, hamabost indargune biltzen dituena; hauek, besteak beste: gaitasun emozionala (enpatia, autokontrola eta erregulazio emozionala), bizitzarekiko konpromisoa (esker ona, gogoa eta baikortasuna), norberarengan sinestea (autoeraginkortasuna, autoezagutza eta iraunkortasuna) eta besteengan sinestea (eskola-laguntza, familiaren babesa eta berdinen babesa). Ebidentziek erakutsi dute Falcóren ereduak (2023) gazteen pentsamendu suiziden aurrean babesteko elementu gisa balio duela, besteak beste.

Scroll to Top