Zer da Zurrunbiloa?

Euskal gazteen 5etik 1ek osasun mentaleko asaldura bat du diagnostikatua. Antsiolitikoen kontsumoa 6 aldiz handitu da azken urteotan, eta bereziki deigarria da zer adinekin preskribatzen zaizkien antsiolitikoak neskatoei: 11-12 urte eskasekin. Zer ari da gertatzen?

Gizarte moduan interpelatzen gaituen gaia da, zalantzarik gabe. Egungo gazteen osasun mentalarekin zer gertatzen ari den ezagutzeko asmoz, Zurrunbiloa proiektua sortu du Elhuyarrek. Gazteei arretaz entzun, gizartearen begirada horra bideratu eta gazteen osasun mentala eraldatzeko bideak irekitzea da asmoa.

Bost ikus-entzunezko aurkituko dituzu hemen, 4 gazte eta 10 aditu dituztenak protagonista. Nerabeek osasun mentaleko arazoekin izan dituzten bizipenak kontatu dituzte, istorio gordin bezain hunkigarriak. Adituek zientziaren ikuspegi eraikitzailea ekarri dute: soziologoek, neurozientzialariek, farmazialariek, psikologoek, sexologoek, psikiatrek, irakasleek, osasun digitaleko adituek… Eta denek bat egin dute: sustrai soziala du krisi honek.

Lagungarri izan daitekeen material asko ere aurkituko duzu: adituei egindako elkarrizketak, gurasoentzako eta gazteentzako aholku eta proposamenak, laguntza behar dutenentzako baliabideak eta gazteen garapena ulertzen laguntzen duten eduki sakonagoak.

Gazteen osasun mentala erdigunean

Euskal gazteen artean, 5etik 1ek osasun mentaleko asaldura bat du diagnostikatua. Antsiolitikoen kontsumoa 6 aldiz handitu da azken urteotan, batez ere neskatoen artean. Zer gertatzen ari da?

Aroa, Eneko, Garazi eta Laura. Lau gazteren istorioak, min emozionalari hitza jarri diotenak. Orain, beren burua berregin, eta ikasitakoa kontatu nahi dute.

Psikologoak, neurozientzialariak, soziologoak, farmazialariak, sexologoak, irakasleak, psikiatrak eta osasun digitaleko adituak. Hamar aditu, gazteen min emozionalaren sustrai soziala agerian jartzen dutenak.

Gizarte moduan, ezin ditugu begiak itxi. Izan ZURRUNBILOA, eraldaketaren haizea.

Zurrunbiloaren haizeari eragiten

Proiektua ez da hemen amaitzen. Sustrai sozialak dituen krisi bat izanik, komunitatetik erantzuteko baliabideak sortzea da Zurrunbiloaren asmoa. Hori dela eta, herri bat hautatu da, Elgoibar (Gipuzkoa), eta bertako errealitateari begiratuko zaio. Herri-mailako diagnostiko bat egingo da. Hasteko, herrian osasun mentalaren inguruan dauden baliabide publiko guztien argazkia eta gazteen beharren diagnostikoa egingo da. Azkenik, herrian nerabeekin lan egiten duten eragileekin lan-saioak egingo dira, haien ikuspegia jasotzeko.

Proiektuaren azken faseak komunitateari, herriari, emango dio protagonismo osoa. Ateratako ondorioetatik abiatuta, hausnarketa-prozesu bat irekiko da herrian nerabeen inguruan lan egiten duten eragile publikoekin: aisialdia, kirola, hezkuntza, kultura… Helburua nerabeen ongizate emozionala zaintzeko herri-mailan dauden erronkak identifikatzea izango da, etorkizuneko esku-hartzeak irudikatzeko.

Kontaktua:
zurrunbiloa@elhuyar.eus

Proiektuan parte hartu duten gazte eta ikertzaileak

Lau gazteak:

  • Aroa Colás Fariña, 18 urtekoa.
  • Eneko Sagastume Rajado, 23 urtekoa.
  • Garazi Olaizola Badiola, 22 urtekoa.
  • Laura De la Iglesia Sánchez, 24 urtekoa.

Hainbat esparrutako adituak:

  • Maitane Ormazabal Esnaola psikologoa.
  • Xabi Martinez Mendia farmazialaria.
  • Nerea Lertxundi Iribar neuropsikologoa.
  • Amaia Bacigalupe De la Hera soziologoa.
  • Nahia Idoiaga Mondragon psikologo ebolutiboa.
  • Telmo Lazkano Muga osasun digitalean aditua.
  • Maider García de Bikuña Quintana sexologoa.
  • Jon García Ormaza psikiatra.
  • Miriam Arrieta Lertxundi orientatzailea.
  • Naiara Ozamiz Etxebarria psikologoa.

Eskerrik asko guztiei!

Zurrunbiloa proiektua Danobatgroup-en laguntzarekin egin da.

Scroll to Top