Kirolean inklusibitatea eta berdintasunerako eskubidea urratzen duten dinamikak
Goizegi klasifikatzen du
Errendimendu handiko gazteak lehenesten ditu, kirola nerabeen garapenerako espazio bat dela ahaztuta. Emaitza onenak lortzen dituzten kirolariek arreta eta baliabide gehienak jasotzen dituzte, besteak ikusezin bihurtzeraino. Ez dira kontuan hartzen denen ahalegina, garapen-maila edo gaitasuna, eta horrek kirola uztera eramaten ditu gazte asko. Lehian deseroso sentitzen diren gazte asko ere kanpoan geratzen dira. Haurtzaroan eta nerabezaroan, guztien partaidetza eta kirolarekiko lotura sustatu behar ditu.
Gizonen neurrira egina dago
Kirol-materialak, entrenamenduak eta erritmoak. Entrenatzean, ez da kontuan hartzen hilekoaren zikloa. Ez dira lantzen alderdi batzuk edo besteak, fasearen arabera: indarra noiz landu, atsedena noiz hartu… Nesken fisiologia oso ondo ezagutu behar dute entrenatzaileek. Bestela, hilekoari lotutako ezagutza-faltak eta isiltasunak eragin zuzena dute neska kirolariengan: autozaintzari uko egin beharra, mina eta nekea ez adieraztea, errendimendu-presioa areagotzea…
Ez dago genero-ikuspegirik
Berdintasuna ez da neskek ere kirolerako aukera izatea. Genero-ikuspegirik gabeko kirola ez da neutroa: neskek gizartean jasaten duten diskriminazio estrukturala iraunarazi eta mutilen neskekiko nagusitasuna naturalizatzen du, gizonen kirola baita eredu. Genero-ikuspegiz egiten ez bada, autoestimua urratu eta kirola neskentzat dagoen gillotinarik handiena bihur daiteke. Are gehiago, ikuspegi inklusiboagoa behar du, aintzat hartuz gorputzen aniztasuna, LGTBIQ+ kolektiboaren izaera, desgaitasunak dituztenak…
Entrenatzaile emakume gutxi dago
Erreferenterik ez izateak nesken etorkizuna baldintzatzen du. Neska kirolariek ez dituzte ikusten beren antzeko emakumeak botere, gidaritza edo jakintza teknikoaren posizioetan, are gutxiago emakume arrazializatu edo etorkinen kasuetan. Horrek transmititzen dituen mezuak argiak dira: “kirola ez da zuretzat”, “adin batetik aurrera ez duzu tokirik”, “emakumeok beste rol bat duzue”. Entrenatzaile emakumeak daudenean, neskek ez dute kirola hain erraz uzten.
Beste kulturak kanpoan uzten ditu
Kirola, bere potentzial hezitzailean, dibertsitatea baloratzeko eta gazte migranteak integratzeko tresna indartsua izan daiteke. Praktikan, askotan ez du bermatzen beste kultura batzuetatik datozen gazteen familien integrazioa. Hegemonia kultural baten isla da kirola, eta, ondorioz, beti ez ditu kontuan hartzen gazte migratuen esperientziak, ohiturak, balioak, muga kulturalak… Hori gutxiesten denean, kirolari migratuen parte-hartzea eta ibilbidea oztopatzen da.
Intimitatea urratzen du
Aldagelak ez dira beti espazio seguruak izaten. Baldintza horietan, gazte askok ez dute biluzik dutxatu nahi izaten, baina behartuta sentitzen dira. Hala, ohikoak izaten dira intimitateari, gorputz-irudiari, genero-identitateari eta ohitura kulturalei lotutako mehatxu eta deserosotasunak. Askotan, ordea, ez dira behar bezala aintzat hartzen, eta segurtasun emozional eza pairatzen dute nerabeek. Pribatutasuna aukeratzea eskubide bat da.

