Kirolaren presio-dinamikak

Kirolak nerabeen osasun fisiko eta emozionala sustatzeko potentzial handia du, baita talde-pertenentzia indartzeko ere. Baina 6 dinamika arriskutsu ageri dira, indarkeria-jarrerak direnak eta nerabeengan ondorio kaltegarriak dituztenak.

Minaren erromantizazioa

Kirola emaitzetan eta errendimenduan oso zentratuta dagoenean, autoesplotaziora bultzatzen ditu nerabeak. Mina, muturreko nekea edo zailtasun emozionalak izan arren entrenatzen jarraitzera bultzatzen ditugunean, emaitzetarako ahalegina eta taldearekiko konpromisoa goraipatuz, beren mugak gainditzera behartzen ditugu. Ondorioak lesioak eta osasun mentaleko arazoak izaten dira. Sufrimenduaren erromantizazioa kirolean izaten den biolentzia sinbolikoaren adibide bat da.

Jarrera autoritarioak

Entrenatzaile batzuek estilo autoritarioa erabiltzen dute kirolari gazteekin. Ez dute onartzen beren agintea ezbaian jartzea, eta kirolari izatearen ezinbesteko baldintzatzat aurkezten dituzte diziplina zein obedientzia. Jarrera horrek kritikarekiko intolerantzia adierazten du, eta nerabeek, beldurrez, beren beharrak ezkutatzen bukatu dute. Baldintza horietan, kirola ez da hazteko espazio seguru bat. Nerabeek ere botere-figuren jarrera desegokiak zalantzan jartzeko aukera izan behar dute.

Zaurgarritasuna barregarri uztea

Kirolaren egungo ereduak emozioen kontrol zorrotza baloratzen du, eta sendotasun emozionalaren faltatzat jotzen du beldurra, tristura, nekea zein kezka adieraztea. Ironiaz eta mespretxuz tratatzen dira adierazpen horiek. Ahultzat jotzeko beldurrez, isiltasunera kondenatzen ditu nerabeak, eta bere potentzial maximoa garatzea eragozten du. Zaurgarritasuna ukatzea indarkeria psikologikoa da. Isiltasun emozionalaren kultura honek ondorio gogorrak ditu nerabeengan: lehenago edo beranduago, osasun emozionala urratzen die.

Helduen espektatibak

Nerabeek kirolean erakusten duten autoexijentzia beren motibazio pertsonalaren ondorio balitz bezala aurkezten da, baina entrenatzaileek eta gurasoek ezarritako gehiegizko espektatiben isla baino ez da. Exijentzia horiek ez dira modu esplizituan adierazten, eta, ondorioz, sortzen duten indarkeria psikologikoa ikusezin bihurtzen da. Autoexijentziaren ardura nerabeengan jartzea botere-harreman desorekatuetan oinarritutako biolentzia-mota bat da.

Kirolaren hizkera

Distantzia handietan elkar komunikatzeko, onargarria izan daiteke oihukatzea. Baina inoiz ez gertuko distantzian eta espazio pribatuetan. Errendimendua hobetu nahi izateak ez du justifikatzen oihurik, ez irainik, ez umiliaziorik, ez mespretxua adierazten duen inolako keinurik. Ezta hizkera arrazista, matxista zein homofoborik ere.

Konplize isilak

Kirolaren kultura lehiakorrak bizitzako beste esparruetan onartuko ez genukeen jarrera oldarkorrak onartzera eramaten gaitu askotan: haur eta nerabeen garapen emozionala arriskuan jartzen dutenak, autoestimuan eta ongizate mentalean eragin zuzena dutenak. Jarrera bortitzak dituztenez harago, haien aurrean isilik mantentzen den komunitate zabal bat dago. Indarkeria normalizatzen duen kultura bat sortzen du kirolak. Nerabeen kirol segurua bermatzea ez da aukera bat, legezko betebehar bat baizik.
Scroll to Top