Maitane, ariketa fisikoak onura asko ditu osasun mental eta emozionalean. Are gehiago nerabeetan, ezta?
Bai, beti ditu onurak, baina nerabezaroan inoiz baino garrantzitsuagoa da. Oso hauskor daude, identitatea sortzen ari diren une horretan, eta, bestetik, estres-maila handia izaten dute, izan ikasketak, izan gurasoekin dituzten gatazkak, lagunekikoak… Horrek guztiak sortzen dien frustrazioa eta haserrea ateratzeko lekua bihurtzen da kirola. Amorru horrek berak ematen die bultzada korrika azkarrago egiteko, gola sartzeko… Alegia, amorru kudeatua da.
Gorputza mugitzeak gure garuna eta gorputz emozionala ere mugitzea eragiten du. Nolabait, gauzak prozesatzen laguntzen die, eta, ondorioz, onura egiten die osasun mental eta emozionalean. Baina batzuetan ihesbide huts bezala erabiltzen da kirola. Kirolarekin batera ez badugu paraleloki alde emozionala lantzen, ihes egiteko erabiltzen den formula bat besterik ez da, eta ez du funtzionatzen. Kirolak izan behar du, mugimenduaren bitartez, alde emozionala eta mentala lantzen laguntzen duen espazio bat.
Bestetik, kirolak estruktura bat ematen die. Nerabezaroan gure identitatea sortzeko egitura sendo bat behar dugu kanpoan, muga batzuk, sostengua eskaintzen dutenak, eta, gaur egun, gizartean ez dago egitura sendo askorik. Kirolak ematen die, askotan.
Kirol bat praktikatzen badute, oso modu desberdinean hartzen dituzte erabakiak.
Baina, batez ere, taldeko kirola izateari ikusten diot potentziala, egun daukagun arazo nagusietako bat izaten ari baita nerabeek ez dituztela ondo ulertzen arau sozialak. Haurtzaroan, jolas librearen eta jolas sinbolikoaren bidez lortzen dute arau sozialak barneratzea. Jolas sinbolikoaren bidez eraikitzen dira. Jolas sinboliko horretan, batzuetan ni bestea naiz, bestea ni da… Hor lantzen dituzte harremanak. Gaur egun jolas libre eta sinboliko hori asko murriztu da, denbora gehiena egituratuta dutelako, eta gazteei kosta egiten zaie harremanen sinbolismoa ulertzea: zure begirada batek zer esan nahi du nigan? Ez dira topatzen bestearen begiradan.
Talde-kirolean sortzen den jolas horretan, taldekide bakoitzak gure bizitzan dugun harreman bat sinbolizatzen du: izan daiteke gurasoekin dudan harremana, bikotearekin dudana, lagun batekin dudana… Pena da adinean goizegi galtzen dela jolasaren aukera kirolean.
Azter dezagun kirolaren kultura. Zer balio transmititzen ditu eta nola eragiten dute gazteengan?
Balio batzuk oso modu indartsuan transmititzen ditu: diziplina, esfortzua, taldea, osasuntsu egotea…, eta horiek onura handia dakarte. Baina, errendimenduaren eta arrakastaren gizartean bizi garenez, joera arriskutsu bat hartu du kirolak azken hamarkadetan: dena errendimenduari begira egiten da. Esan bezala, jolasa izateari goizegi uzten dio, eta gozatzeari uko egiten diote nerabeek. Niretzako hor dago arriskua.
Ez gara kirolak transmititu beharko lituzkeen balioak transmititzen ari benetan, baizik eta errendimenduaren eta arrakastaren eremuan mugitzen diren oso bestelako balioak.
Errendimenduaren begirada horrek nola egituratzen ditu nerabeak?
Errendimenduaren logikapean gaudenean, bestearekiko etengabeko konparaketan gaude. Errendimenduari begira, ez gaude gure barrenarekin kontaktuan, gure mugak sentitzen eta gure muga propioak errespetatzen. Baremo orokor batzuetan sartu behar dute, ekipo jakin batean egoteagatik edo adin jakin bat izateagatik eskatzen zaiena.
Arrakasta patologiko batean murgilduta gaude gizarte moduan. Kirolari gazteak bere garaipenen edo galeren baitan sortzen ari dira beren identitatea, eta, ondorioz, beren muga propioak saltatzen ari dira. Norbere mugak saltatzen ditugunean hasten dira osasun mentaleko arazoak.
Ez badira iristen eskatzen zaien horretara, porrot moduan ikusten dute. Oso modu indibidualean bizi dute, gainera. Eta hori ikaragarrizko autoesplotazioa da. Gure burua autoesplotatzen ohitzen ari gara, eta osasun mentaleko arazo asko horri lotuta datoz.
Gainera, orain arte ezkutatu egin dira horren ondorioak. Nire ustez, beren mugak saltatzeagatik osasun mentaleko arazoak izan dituzten kirolariak erakutsi behar dizkiegu.
“Beren mugak saltatzeagatik osasun mentaleko arazoak izan dituzten kirolariak erakutsi behar dizkiegu gazteei”
Gogorra da esaten ari zarena. Autoesplotazioa gorpuzten dugu?
Autoesplotazio hori gure identitatean sartzen da, kirolaren izenean, hezkuntzaren izenean… Errendimenduaren gizarte honek ez du uzten pausarik egiten. Agian gaur ezin dut jokatu, etxean zerbait gertatu delako, baina aurrera egin behar dut. Ezin dut pausarik ere egin, beti eskatzen zaigu bat gehiago. Ez dugu ikusten, batzuetan, pauso bat atzera egitea eta gelditzea gakoa dela gero aurrera egiteko. Pausarik gabe, hautsi egiten gara.
Ondorio latzak ekartzen ditu, baina beti gerora. Estres eta autoesplotazio horren ondorioak beranduago azaltzen dira gorputzean. Ez momentuan. Agian, hilabetera. Superbibentzia moduan gaudenean ezin du, gelditzen garenean azaltzen dira. Kirolean askotan superbibentzian daude, ez jolasean, ezta gozamenean ere.
Zer adinetik aurrera sartzen dira dinamika horretan kirolean?
12-13 urterekin sartzen dituzte jada. Ordurako, A edo B taldean sartu behar dute. Kirola desitxuratu egiten da hor. Osasuntsu egoteko izan behar zuenak, norbere buruarekin gustura egoteko eta besteekin erlazionatzeko, oso bestelako bidean sartzen ditu.
Lehia dago oinarrian, ezta?
Bai, ikaragarria da. Kirol-entrenatzaileek ez dute ikusten zenbateraino duten barneratuta lehia beharrezkoa dela. Ez dira konturatzen elikatzen dutela. Eta benetan arrisku handi bat bihurtzen ari da, taldekideen artean sustatzen delako konpetitibitatea. Ez gara transmititzen ari taldekide guztien artean zerbait hobea sortuko dugula. Gazte batzuek dagoeneko adierazi digute haientzat muga gorri bat dela taldekideen arteko lehia hori. Ezin dute horrekin.
Eta hau esan egin behar da: kirolaren ondorioz, trastorno obsesibo-konpultsiboak sortzen ari dira. Gazteetan ikusten ari gara. Obsesionatzera eramaten ditu: obsesioa arrakastarekin, gorputz konkretu bat izatearekin, obsesioa irabaztearekin, obsesioa estrategiarekin, obsesioa besteek nirekiko duten irudiarekin, obsesioa perfekzionismo neurotiko horrekin, perfekziora iritsi nahi izate horrekin… Oinarrian daude kirolaren exijentziak, lehiakortasuna, etengabe bestearen fokuan egotea eta, gainera, une horretan horri aurre egiteko erremintarik ez izatea. Baliteke obsesioak garatzen dituzten gazte batzuek baldintzatzaile genetikoren bat ere izatea, baina lehia dago oinarrian.
“Kirolaren lehiakortasunaren eta exijentziaren ondorioz, trastorno obsesibo-konpultsiboak sortzen ari dira”
Zurruntasuna ikusten zaie. Nerabezaroaren berezko ezaugarri nagusia egonkortasun-falta da berez: lehen, rockeroak izaten ginen lehenik, gero punkak… Aukera guztiak probatzeko unea zen nerabezaroa. Baina orain, arrakastaren eta exijentziaren gizarte honetan, azkarregi bihurtu nahi ditugu heldu eta ez dute malgutasunik hori guztia probatzeko. Nortasun oso zurrunak eraikitzen ari dira gazteak.
Nahikoa ez izatearen sentsazioa dute etengabe, eta horrek ekartzen ditu jarrera obsesiboak, batzuetan nahasmendu obsesibo batean amaitu dezaketenak. Helburu oso zurrunak jartzen dizkiegu kirolean, eta beti hobetzen eta hobetzen ibili behar dute. Beraz, kontuz diziplina, errendimendua eta esfortzua bezalako hitzekin.
Diziplinak eta esfortzuak ere badute beren kontrapartida, testuingurua zorrotza denean?
Hori da. Arraunean, adibidez, lehen ez zuten pisuaren muga zorrotzik arraunlariek. Baina gaur egun, ezin dira pasa 60-65 kilotik, trainerua hain aerodinamikoa egin dutenez, kilo bat gehiago alde batean edo bestean, segundo baten aldea izan daitekeelako. Muga handi bat pasatzen ari gara.
Ondo egoteko sufritu egin behar dut, bestela ez naiz nahikoa egiten ari. Eta hori, nortasuna eraikitzen ari diren une honetan, bizitzaren esparru guztietara eramaten dute.
Horren ordez, kirolak umiltasuna landu beharko luke. Ezin dira egon denbora guztian maximizazio batean, arrakastaren bila. Kontuz promesa horiekin. Hankak lurrean behar dituzte gazteek. Arrakastaz ari gara etengabe, helduen espektatiben ondorioz, eta hegan egiten jartzen ditugu goizegi. Baina kontuz hegan asko egitearekin, lurrean behar ditugu hankak. Gehienek ez dute lortuko eliteko kirolean sartzea, eta orduan etorriko dira sufrimendua, antsietatea, depresioak…
“Kirolak umiltasuna landu behar du. Ezin dira etengabe egon arrakastaren bila”
Gainera, gaur egun oso goiz sartzen dira gazteak eliteko kirolean. Frantzian errugbiko ikonoa den Sébastian Chabalek berak aitortu du, kirolaren krudeltasunean hainbeste kolpe hartu dituela buruan, memoria galdu duela, erabat. Ez du gogoratzen jokatutako errugbi-partida bakar bat ere. Dementzia garatu du. Noraino eramango gaitu espektakuluaren gizarte honek? Gazteei azaldu behar diegu muturreko kirolak ondorioak dituela gorputzean.
Mina erromantizatzera iristen da kirola?
Bai, mina erromantitzatzen da, eta baita autoritatea bera ere. Eta biak batera doazenean, adi, niri min emateko eskubidea ematen diot norbaiti. Adibidez, irainen bitartez hitz egitekoa. Hor beldurra eta mendekotasuna sortzen dira.
“Kirolak egitura ematen die gazteei, baina, batzuetan ez dagoenez autoritate osasuntsu bat, ondorio kaltegarriak ere baditu”
Arazoa da gaur egungo gizartean autoritatea falta dela. Autoritate osasuntsua, esan nahi dut. Hori zuzenean lotuta dago eskuineko ideien gorakada honekin. Nerabeek zerbait egonkorra behar dute eusteko, baina gurasoak ez daude sendo, ezer ez dago egonkor, eta eskuina etortzen da bere lau ideiekin, eta estruktura ematen die nerabeei. Oso gogorra da. Mugak jartzen ditu, nerabeek behar dituztenak justu. Gurasook ematen ez badizkiegu, horrelako pentsamenduek ematen dizkiete.
Une honetan, kirolak ere ematen die egitura, baina, askotan ez dagoenez autoritate osasuntsu bat, baizik eta autoritarismoa eta hierarkia, aipatu ditugun ondorio horietara eramaten ditu.


