“Kirolari dagokio gazteenganako indarkeria-egoerak prebenitzea”

Iñaki Alonso neska gazteen futbol-entrenatzailea da, eta kirolari lotua eman du bere bizitza osoa. Gazteekin duen konpromisoa harago doa, ordea: mundu mailako erreferente bat da kirolean haurrek eta gazteek pairatzen duten indarkerian. Elkarrizketa honetan, kirolak luzaroan normalizatu dituen indarkeriazko dinamikei izena jarri die.

Nerabeentzat ongizate-espazio bat da kirola?

Bai, batzuetan bai. Baina kirola oso leku ona edo oso leku txarra izan daiteke. Jendeak uste du kirolak gazteen egoera emozionala orekatzen laguntzen duela. Eta bai, baina, askotan, egoera bortitzak sortzen dituena ere bada.

Gure seme-alabek kirola egitea nahi dugu, baina zertarako? Zein da helburua? Lehian aritzea, profesionalki haztea, giro osasuntsuan haztea, lagunak egitea? Agian egingo dute hori guztia, baina agian ez.

“Ez, kirola ona da taldea sortzen delako “. Bueno, segun, jazarpen-egoera bat ere izan dezake. “Kirolak ohitura onak finkatzen ditu”. Bada jendea bere kirola utzi eta berriro zapaldu ere ez duena. “Kirolak sakrifizioaren eta ahaleginaren balioa barneratzen laguntzen du”. Bada, batek baino gehiagok jokatu ez zuen bigarren partidan bertan alde egin zuen.

Are gehiago, nire ustez, kirolean oso kultura markatua dago, indarkeria-egoerak normalizatzekoa eta ikusezin bihurtzekoa, eta horiei buruz hitz egiteko garaia iritsi da.

Indarkeria-egoera horiek identifikatzen hasteko: nolakoa da kirolaren kultura nerabeen kirol-esparruetan?

Funtsean, arlo lehiakorrera bideratutako kultura bat da kirola. Gizarte lehiakor batean bizi garelako. Batzuek kirolaren izaera hori kritikatzen dute, baina ikastetxeetan ere notak jartzen dira etengabe. Gure gizarte-ereduan, arrakastatsu ikusten dugu etekin ekonomiko altua duen jendea, lan ona eta estatus sozial ona duena. Konturatu behar gara kirola gizarte-eredu horri bete-betean erantzuten dion esparru bat dela, onartuz, beti ere, kirola oso lehiakorra dela eta oso txikitatik ezartzen duela lehia, gainera.

Beraz, oso gizarte lehiakorrean bizi gara, eta estigma handia dago lehiatzeari uko egiten dioten guztien aurka. “Kakati bat da!”. Gizarteak ez daki nola kudeatu gazte batek lehiarik egin nahi ez izatea. Kirolean, lanean eta esparru guztietan. “Gazte horrek bost izarreko chef izateko ahalmena badu!”. Bai, baina ez du nahi. Janaria prestatzea gustatzen zaio, baina ez du bost izarreko chef bat izan nahi, nahiz eta potentzial handia izan. Nola kudeatzen du gizarteak hori? Orain arte, niretzat izan daitekeen modurik krudelenean kudeatu du: anbizio gutxikoa dela esanez, konformista soila.

Baina kirolaren kulturari buruz hitz egiten denean, ni gehien kezkatzen nauena da indarkeria-egoerak ikusezin bihurtzen dituela. Baita indarkeria-egoerak normalizatzen dituela ere. Niretzat hori da kezkagarriena. Eta helduen akonpainamendu egokia ez izatea. Entrenatzaileek barne. Uste dut hor dagoela kirolaren kulturaren gakoa.

“Kirolean indarkeriazko portaera jakin batzuk baimentzen dira, kirol-errendimenduaren parte balira bezala ikusten direlako”

Batzuetan, baita familian eta eskolan jarrera babeslea duten familiek ere onartzen dituzte jokabide bortitzak kirolean, tratu hori kirol-errendimenduarekin lotua balego bezala. Niretzat paradigmatikoa da. Burua hausten dit kontu horrek. Kirolean portaera jakin batzuk erlatibizatzen ditugu, eta oso kontuz ibili behar da. Hori da kirol-munduak duen gauzarik zailena. Hori da hautsi behar dugun kirolaren kultura.

Batzuetan gertatzen zait esfortzuaren inguruan dudan irizpidea ez datorrela bat gazteek dutenarekin. Zer den esfortzua, zer den arduratsua izatea, zer den konprometitua izatea… Belaunaldi bakoitzak bere kontzeptua duelako. Ez dut belaunaldien arteko borroka batean sartu nahi, inolaz ere, baina pertzepzio desberdina dugu. Beraz, entrenatzean, azaldu behar diet niretzat ahalegina eta sakrifizioa beharrezkoak direla kirolean.

Ondo pasatu behar dugu, noski, baina ahalegina ere oinarrizkoa da. “Mundu guztiak du jokatzeko eskubidea”. Bai, baina gehien ahalegintzen denak beste batzuek baino eskubide gehiago izango ote du! Zaila da, eta uste dut gaur egun ez dugula batere argi hori guztia kirolaren munduan.

Bada beste faktore bat ere: kirol-jardueren merkantilizazioa gertatu da. Hau da, eskolaz kanpoko beste jarduera batzuek bezala, klubari kuota bat ordaintzen diogun gizarte batean bizi gara, eta, orduan, familia askorentzat kuota horrek esan nahi du beren seme-alabak jolasteko eskubide osoa duela. Nolabait, bezero bat bihurtu da. Kirola gaizki ulertzen ari garela uste dut.

Laburbilduz, kirolean bateragarria izan behar da gazteei erantzukizuna eskatzea, entrega eskatzea, konpromisoa eskatzea eta, aldi berean, pertsonak ondo tratatzea, giro seguru eta babeslean. Eta hori guztia guztiz bateragarria dela uste dut, haurrak babesteak eskatzen duelako ahalegina bi aldeetan: indarkeria-egoerak prebenitzen, baina, aldi berean, gazteei arduraz jokatzen erakusten ere.

Adibide bat. Alebinen ekipoa. Aste honetan, neska gazte bat ez da etorri entrenatzera. Larunbatean, partidaren amaieran, aitak esaten dit: “Aizu, zergatik ez du ezer jokatu hirugarren denboran?”. Esaten diot: “Aste honetan entrenatzen aritu direnek jokatu dute. Zure alabak jokatu du Aldundiak jokatzera behartzen gaituena “. Orduan aitak begiratzen dizu eta esaten dizu: “Ez da bidezkoa”.

Gauza asko nahasten ari garela uste dut. Ez da zigor bat, erantzukizuna hartzea baizik. Haurrak babesteak hori guztia ere esan nahi du. Horrelako portaerak belaunaldi honen ezaugarri bereizgarri bat dira. Gurasoen belaunaldi honetakoa, esan nahi dut. Gero, entrenatzaileek erabiltzen duten indarkeriaz nahi beste hitz egingo dugu, baita klubek berek nola jokatzen duten ere. Baina gurasoek asko dute hausnartzeko.

Beste adibide bat. Gazte bat negarrez ateratzen da. Gurasoek besarkada bat ematen diote, azken 35 urtean ikusi ez balute bezala. Ez da ezer gertatu; negarrez ari da besterik gabe. Ez da negarrez ari besarkada bat behar duelako. Negarrez atera da kontziente delako ez duela hartu bere gain partidan zuen ardura. Egoera honetan besarkada bat ematen diozunean, jokabide negatiboa indartzen ari zara. Besarkada bat eman behar diogunean, besarkada bat ematen ikasi behar dugu, noski. Askotan behar dutelako. Baina bere erantzukizunaz paso egin duelako negarrez ateratzen bada, besarkada hori ematen diozunean mezu bat ematen ari zara: “Beno, eskakeatu egin naiz”.

Arazoa da gurasoek, entrenatzaile askok ere, ez dutela horien artean bereizteko baliabide pertsonalik. Mezu okerrak bidaltzen ari gara etengabe.

Hitz egin dezagun presioaz. Zer presio-dinamika identifikatzen dituzu nerabeen kirolean?

Batzuetan, autoexijentziaz hitz egiten dugu, norberak bere buruari ezartzen dion presioaz. Baina izan gaitezen errealistak; ez da nerabea bere burua estutzen duena. Normalean, bere buruari gehiegi exijitzen dionak atzean gehiegi exijitzen duen heldu bat izaten du, inguru exijente bat, izan kirol-klubean, izan etxean. Etxean aitarena izaten da, normalean; ez hainbeste amarena.

Nik ikusten dudana da aita presioa sartzekoa izaten dela askotan, eta ama, berriz, justifikatzekoa. Aita gehienek arreta jartzen dute ondo kirol-zelaian jokatzen duen edo ez, eta gainerakoak berdin die. Ez dute arreta jartzen bere nerabeak beste jokalari batzuekin izan ditzakeen jokabide bortitzetan, edo jazarpen-jokabideetan, adibidez. Eta amek, askotan, jokabidea justifikatzen dute, edo ezinezkoa dela bere seme-alabak hori egitea.

Bestetik, kirol-presioa bera dago. Alde batetik, kirol-ibilbide bat izan nahi dutelako edo eliteko klubak inplikatu nahi dituztelako. Eta presio hori entrenatzeko moduagatik dator, batez ere entrenatzaileak ematen dien errefortzuagatik. Entrenatzailearen akonpainamendu egokia baldin badute, erraz kudeatzen dute presioa, espazio seguru batean sentitzen direlako.

Nolakoa izan beharko litzateke entrenatzailearen akonpainamendua?

Kirolean akonpainamendu egokia, nire ustez, entrenamendu-sistema ondo azaltzearekin hasten da: “Begira neska-mutilak, orain hauxe egingo dugu. Une honetatik bukaeraraino kontzentratuko gara. Ariketa hau honetarako da, eta beste ariketa hau honetarako. Benga, dena emanda egingo dugu! Norbaitek minik badu, mesedez, esan diezadala, baldintza onetan entrenatu behar dugulako beti”.

Norbait itotzen ari dela ikusten badut, edo minez eta herrenka badabil, ez diot esaten: “E, segi topera bukatu arte!”. Zeren denok baldintza egokietan entrenatzen badugu, gero ikusten badut ariketa-segida hori ez dutela ondo egin, feedbacka eman diezaieket lasaitasunez: “Ez dugu gure onena eman. Hau ez zen erritmoa. Ea, errepikatuko dugu?”. Elkarrekiko errespetuz lan egiteak eta geroko horrelako komentarioek elkar ulertzen laguntzen dute, eta konfiantzazko espazio txikiak sortzen dituzte. Garrantzitsua da elkarrizketarako espazioak sortzea, elkar ulertzeko espazioak eta, batez ere, haur eta gazteak entzuteko espazioak sortzea, aurrera indartsu jarraitu ahal izateko.

Niretzat bereziki garrantzitsua da entzuteko espazioak sortzea. Ez dakit ados egongo naizen esango dutenarekin. Ez dakit egokia izango den esango dutena. Baina komunikaziorako kanal egonkor bat sortu behar dugu, lotura emozional bat. Entrenatzaileok ezin dugu etengabe defentsiban egon, etengabe zurrun, akademia militar batean bageunde bezala.

Entrenamenduan zer egingo dugun azaldu behar dugu, zergatik egingo dugun, eta, gainera, nola sentitzen diren ulertu behar dugu. Ulertu behar dugu bestelako iritzia izan dezaketela, eta une jakin batean agian ahalegina ekidin nahiko dutela, edo beren ardurari ihes egin… Edo beren frustrazioa adierazi behar dutela. Baina badakite esan diezazuketela: “Begira, oraintxe irten naiz eskolatik, hilekoa daukat eta minez nago, ezin dut ezta mugitu ere egin. Badakit Iñakiri esan diezaiokedala eta esango didala: “Lasai, atseden hartu. Min ematen badizu, ez duzu zertan egin. Eseri lasai””. Ez diot esango ahula denik. Nik badakit hurrengo egunean normaltasunez entrenatuko duela. Elkarrizketa horiek oso garrantzitsuak dira kirolean. Ez sentitzea etiketatuta, ez sentitzea ez naizela nahikoa ahalegintzen, nire minari kasu egiten diodalako.

Beste adibide bat. Entrenamenduetara hutsik egiten ez duen gazte batek esaten dit: “Aizu, begira, Iñaki, 36. jornadarako kontzertu bateko sarrerak erosiko ditut. Beraz, egun horretan ez naiz egongo. Aldez aurretik esan nahi dizut, jakin dezazun”. Badaki hurrengo partidan ez dela deitua izango jokatzera, eta onartu egiten du.

“Nik ulertzen dut lehian, distantzia handietan eta bihotza 300era doakizunean, komunikatzeko oihu egitea. Baina ez dut inoiz ulertzen oihua lasaitasun-espazioetan. Aldageletan inoiz ez.”

Akonpainamenduan beste gai garrantzitsu bat oihuarena da. Nik ulertzen dut lehian komunikatzeko oihu egitea, distantzia handietan eta bihotza 300era doakizunean. Baina ez dut ulertzen oihua espazio pribatuetan. Inoiz ez lasaitasun guneetan. Inoiz ez aldagelan.

Adibide bat jarriko dizut: duela zenbait asteburu partida batean egon nintzen. Huts eta huts gindoazen. Neskak ez ziren ondo jokatzen ari. Atsedenaldian etxolan sartu eta esan nien: “Nola ikusi duzue partida?” Eta denek esan zuten: “Gaizki, oso gaizki”. Eta, beno, negoziatzen hasi ginen: “Zer egingo dugu bigarren denboran?”. Eta orduan, nire iritzia zein zen galdetu zidaten: “Hau egin dezakegu, hau eta beste hau, lehen denboran hemen egin duzuelako kale”. Eta kito! “Goazen bigarren denborara”. Eta esaten dute: “Ados. Irabazi egingo dugu. Hobeto jokatzen saiatuko gara”. Eta esan nien: “Erraza da aurrekoa baino hobeto egitea”. Eta kiroltasunez hartu eta esaten zuten: “Bai, bai, bale”. 1-4 irabazi genuen.

Amaitu zenean, gurasoek esan zidaten: “Iñaki, bigarren denbora ikusgarria izan da. A zer kaña sartuko zenien atsedenaldian! E, a zer nolako errieta botako zenien!”. Erabat barneratuta dago ideia hori gure buruan. Mundu guztiak lotzen du jarrera hori kirolarekin. “Ez bazaie kaña sartzen, ez dute beren onena ematen”.

Zure esperientzian, zein da gazteek kirolean beren onena emateko modurik eraginkorrena?

Askotan, ondo senti daitezen bilatzea da sekretua. Baina ondo sentitzea ez da denekin ondo geratzea, oso desberdina da. Ezin dugu mundu guztiarekin ondo geratu, hori argi izan behar dugu. Erabaki batzuk guk hartu behar ditugulako, taldearen onerako. Baina ondo tratatu behar dugu elkar.

Batzuetan, nerabeak barrez hasten dira entrenamenduan. Entrenamenduan txiste batzuk botatzea normala da, talde bat izatearen parte da. Baina entrenatzaile batzuek uste dute joko-zelaia zapaltzen duenetik aurpegia izan behar duela antzinako Errusiako presidenteordea balitz bezalakoa: “Zeri egiten diozu barre?!”. Zeri egingo dio barre, bada? Barre egiten du bizitzaz, barre egiten du estropezu egin duelako… Nola ez du barre egingo?

Horrelakoak ez baditu onartzen, gazteek mespretxatu egiten dute, nahiz eta, beldurrez, ez diren ausartzen ezer esatera. Beldurra. Horrela funtzionatzen du sistemak. Etiketatua sentitzeko beldurra, deitua ez izateko beldurra, ez jolasteko beldurra, gaizki hitz egiteko beldurra. Hori beti izan da horrela kirolean. Eta min handia eragiten du.

Zer proposatuko zenieke haur eta gazteekin lan egiten duten entrenatzaileei?

Niretzat ezinbestekoa da ulertzea eskola-garaiko kirola haurren hezkuntza-prozesu bat dela. Aldi berean, formakuntza-prozesu horretan, trebetasunak eta talentua bideratu beharko ditugu, ezinbestean. Ados, egin dezagun, baina egin dezagun ondo.

Uler dezagun haurrak direla. Eta ikusten badugu haur batek besteek baino zailtasun handiagoak dituela jokoan, horri ere bere espazioa eman behar diogu. Ikusia sentitu behar da, akonpainatua. Dohainak dituena bezainbeste. Eta dohainak dituenak ulertu behar du talde bateko kide dela, eta gaitasun gutxiago dituen jendea ere badagoela. Hau da taldeko bizitza.

Baina, batzuetan, ez diegu bizitza ulertzen laguntzen kirolaren bidez: baloia oso ona denak hartzen duenean, onartu egiten diogu baloia amaierara arte ez pasatzea, hain onak ez direnek baloia gal dezaketelakoan. Zergatik? Gure seme-alabak kirolaren bidez balioetan heztea nahi badugu, balio horiek ulertzen lagundu beharko diegu.

Zer balio transmititu beharko lituzke kirolak?

Esfortzuaren, erantzukizunaren eta talde-lanaren balioak transmititu behar ditu kirolak. Baina hori, benetan balio horietan sinesten badugu lortuko dugu. Zeren, askotan, benetan transmititzen ari garena da entrenatzaileari kasu egin behar zaiola ezinbestean, edozer esaten duela ere. Desegokia den gauza bat esaten badu, zergatik egin behar diote kasu? Aukera izan behar dute adierazteko “Ez zait ondo iruditzen esan berri duzuna”. Entrenatzailea autoritate-figura bat da; ez botere-figura bat. Hau ulertzea oso garrantzitsua da.

“Entrenatzailea autoritate-figura bat da; ez botere-figura bat. Hori ulertzea oso garrantzitsua da.”

Iñaki Alonso Romero

Kunina Sport and Education aholkularitzako zuzendaria da. UNICEF eta Save the Children erakundeetan lan egin du, eta kirolaren barruan haurren eta gazteen aurkako indarkeriaren prebentzioan mundu mailako erreferentea da. Athletic Club-en haurrak babesteko lehen protokoloaren sortzailea izan zen. Neska gazteen futbol-entrenatzailea ere bada.

Scroll to Top