Kirola oso eremu maskulinoa izan bada ere, neskak indartsu sartu dira kirolean. Egitura bera, ordea, ez al da oraindik oso maskulinoa?
Bai, hau ez da berdintasuna. Eta kontuz, berdintasunaren izenean, neskak erritmo horietan ibiltzera behartzen ari garelako, kirolari onak direla erakutsi nahi badute. Berdintasunaz hitz egin aurretik, “kirolari onaren” profila aldatu beharko genuke. Lehen “langile ona” ordu gehien egiten zituena zen bezala, eta bizitza pertsonalean lan bakarrik egiten zuena, gauza bera egin behar dugu kirolariekin. Zer da kirolari on bat izatea?
Kirola tresna ahaltsu bat da, baldin eta ongizatetik eta gazteen garapen integraletik abiatzen bada. Harremanak eta nortasunak errespetatuz egiten bada. Irabaztea guztiaren gainetik jartzen badu, ez du osasunerako balio.
Orain nola ikusten dituzu kirolean urte asko pasatu dituzten gazteak?
Osasuntsua izan bada bidea, egia da badaukatela estruktura potente bat, bizitzako gatazketarako oso ondo etorriko zaiena. Egitura horrek ematen die nortasun sendo bat, frustrazioa bizitzeko gaitasuna duena, galerak bizitzekoa. Egitura hori emateko gaitasuna du kirolak. Baina, horretarako, modu osasuntsuan akonpainatu behar dira gazteak kirolean, eta hori, gaur egun, ez dute gazte askok izan.
Gazte gehienek ez dute kirolean horrelako bide osasuntsua egiterik izan. Lehia, errendimendu eta arrakasta-beharraren dinamikan, egitura zurrunak eraiki dituzte; zurrunak beren buruarekin eta besteekin. Horregatik, autoritarismo-puntu bat duten pertsonak izaten dira gazte horiek. Besteen gainetik daudela uste dute.
Kirolak talde-lana potentziatu nahi du, baina talde-lanerako joera duten pertsonak sortzen ditu?
Ez, eta hor badugu zer pentsatu, akonpainamendu osasuntsua izan ez denean, nartzisismo-puntu bat garatzen dutelako. Identitatea sortzen dute soilik beren buruaren baitan, ez dutelako besteekin sinbolismoan eta jolasean eraiki, modu osasuntsuan. Eta sistema honetan, ez da sortzen kooperatibotasuna, ez.
“Kirol-sistema honetan ez da kooperatibotasuna sortzen taldean”
Kooperatibotasuna sustatzeko eta kirol-talde batek bere potentziala maximizatzeko, kideek taldearen barruan beren zaurgarritasuna erakuts dezaketela sentitu behar dute. Taldeak zaurgarritasun hori jaso dezakeenean indartzen dira gure gaitasunak, baina gu kirolean justu kontrakoa egiten ari gara.
Ezin ditugu jarri haien artean lehiatzen, elkar matxakatzen, bestearen gainetik geratzeko… Zerbait gaizki egiten ari gara. Horrela ez da sortzen kooperatibotasuna taldean. Baldintza horietan, etengabe beren hauskortasuna gordetzen egon behar dute, eta ez dute nahiko besteen hauskortasunarekin kontaktuan egon ere.
Talde-lanean hezi nahi baditugu, eta benetan taldeak bere onena ematea, hauskortasuna erakuts dezaketen espazioak sortu behar dira; ez da lortuko gazteak ahalik eta gehien zukutuz. Gertatzen dena da, hasieran, ahuleziak ateratzen direnean, taldeak ez duela partidarik irabaziko. Emaitza txarrak izango dituzke hasieran, gero onena eman aurretik. Eta ez gaude prest.
Ondorioz, talde-pertenentziaren falta sumatzen ari gara taldeetan, eta kirolak izan beharko luke pertenentzia-sentsazio hori ematen duen leku bat, espazio seguru bat.
Nola ekar dezakegu begirada eraldatzaile hau kirolera? Zer behar dute entrenatzaileek?
Prestakuntza psikologikoa eta emozionala egin behar dute. Egia da entrenatzaile batzuk oso bide polita egiten ari direla, eta formakuntza interesgarria egiten ari direla. Baina hau orokortu egin behar da. Gizarte honen egituraren parte izanda, eta jakinda nola gauden, tokatu egiten zaie. Ulertu behar dituzte nerabeen behar psikologikoak: haurrenak ulertu ditugu gutxi gorabehera, orain nerabeenak ere ulertu behar ditugu. Nerabe batek behar dituen alderdi emozionalaren kudeaketa estrukturaren konplexutasuna ulertu behar dute. Pentsatu behar dute nerabeak oso adin konplexuan daudela.
“Entrenatzaileek prestakuntza psikologikoa eta emozionala behar dute”
Eta gazteen eliteko kirolean, are gehiago, hauskortasunerako faktore bat gehiago daukatelako gazte horiek, estres gehigarri bat. Badakit hau ez zaiela batere gustatzen esatea, baina entrenatzaileek eta gurasoek jakin behar dute, beren seme-alaba eliteko kirolean dagoen momentuan, baduela hauskortasunerako probabilitate handiagoa.
Bestetik, kirolak itzuli beharko luke jolasa eta disfrutatzea lehentasun bihurtzera. Helduek begirada horrekin sortu behar dute kirola.
Horretarako, kirolean diskurtsoak aldatu behar ditugu. Esaten diegu kirola osasuntsu egoteko egiten dugula, eta gero, partidetan gurasoak edo entrenatzaileak garrasika egoten dira. 12 urteko ume batzuen partidan! Adin horretan ibili beharko lukete lurrean korrika, barrez, eta gero aldageletara lasai asko joan. Baina Realaren partidu batean dirudite. Dinamika horiei buelta bat eman behar diegu. Ongizatearen eta osasunaren ikuspegitik begiratu behar dugu kirola.
Eta gazteen ahotsa entzun behar da kirol-esparruan. Zeren beti da alderantziz: “Nik dakit, ni naiz entrenatzailea. Zuek ez dakizue”. Humanizatu egin behar dugu kirola.
Nola humanizatu dezakegu kirola?
Nire ustez, gako nagusia da kirolean hauskortasunari bere lekua ematea. Eliteko kirola hauskortasuna tapatzeko etengabeko saiakera bat da. Superheroiak balira bezala aurkezten ditugu, eta ez dugu erakusten zeri egin behar izan dion uko horraino iristeko. Hauskortasunari lekua egin eta humanizatu egin behar ditugu.
“Kirola humanizatu egin behar dugu”
Badira gazte batzuk beren burua kiroletik kanpo uzten dutenak, gaur egun horrek dituen ondorio guztiekin. Zergatik uste duzu uzten dutela beren burua kanpoan?
Gaur egun kirola egitea moda bat da. Askotan, geure buruarentzat egin beharrean, besteen begirada lortzeko egiten da, oso baloratua dagoelako gizartean. Baina gazte batzuek ez dute hori erosten. Batetik, izan daiteke ez direlako oso trebeak, eta epaituak sentitzeko beldurrez. Baina, normalean, kirolari uko egiten diotenak hauskortasuna askoz ere azaleratuagoa duten gazteak dira. Kirolak ez du zaurgarritasuna erakusteko zirrikiturik uzten, eta ez dute arriskua hartzen. Beste sentsibilitate bat dute, eta alderdi humano hori tapatzen duen esparru bat topatzen dute kirolean.
Aipatzen duzun aldaketak klubek ere egiturazko aldaketak egitea eskatzen du?
Bai, erabat. Orain kirolak dituen egiturak eraikita daude gertatzen ari den guztia gerta dadin: irabazteko pentsatuta daude, lehia egoteko, oso maskulinizatuta daude. Batek irabazi eta besteak galdu egin behar du. Hori dena beste modu batera egituratu behar da.
“Lehia neurtzeko sistema beste modu batean eraiki beharko genuke”
Lehia bera ere beste modu batera eraiki beharko genuke, batez ere neurtzeko sistema. Ez genuke baloratu beharko zeinek sartu dituen gol gehien bakarrik. Zergatik ez dugu baloratzen talde-kohesioa egon den? Esango nuke gaur egungo kirolean izaten den lehiaketa-mota oso primitiboa dela. Gertatzen dena da partida horiek ikusten dituzten gizonezko askori ez litzaiekeela gustatuko aldatzea. Hor ere badugu beste hegemonia bat.
Eskerrak entrenatzaile batzuk hasi diren jada beste gauza batzuk baloratzen eta goraipatzen: “Ondo ikusi zaituztet taldean, baloia elkarri pasatzen…”.
Gurasoen gaiak ere aztoratzen du kirola. Toki batzuetan planteatzen ari dira ez uztea gurasoei entrenamenduak ikustera joaten, ezta?
Klub batzuetan hasi dira jada egitura hori aldatu nahian, bai, eta planteatu beharko genuke. Izan ere, gurasoek animatu bai, baina ezin diete seme-alabei oihukatu, entrenamenduaren erdian, nola jokatu behar duten, entrenatzailearen pare jarrita: “Segi eskuinetara! Segi ezkerretara!”. Seme-alabak pianoa jotzen badu edo ingelesa ikasten badu, ez dira joaten klaseetara, nola egin behar duen agintzera. Kirolean berdin, konfiantza osoa jarri behar dugu hor dagoen helduarengan eta taldearengan. Presio handia iristen zaie hortik gazteei. Gurasoen begiradak asko baldintzatzen ditu une horietan. Kirolak erabaki propioak hartzeko lekua izan beharko luke.
Gurasoekin lotuta, uste dut badagoela birplanteatu beharreko beste kontu bat: dutxarena. Nerabezaroan dutxaren momentua konplexua da: gorputza aldatzen zaigu, baten bat genero-identitatea aldatzen ari bada ere zaila zaio… Eta gaur egungo gurasoek nahiago dute hor ez dutxatzea, etxean egitea, askok bizipen traumatikoenak pasatzen baitituzte. Baina aldagelako espazioa zainduta dagoenean, konplizitate handiko momentuak sor daitezke. Gazteak hasten direnean beren gauza pertsonalez hitz egiten, konfiantzazko giroa lortuta, oso espazio potentea da. Musika jartzen dute, besteen aurrean biluzten dira… Konplizitate handia sor daiteke. Baina horretarako entrenatzaileek oso ondo zaindu behar dute espazio hori.
“Aldagelek eremu seguruak izan behar dute”
Adibidez, oso zaindua egon beharko luke aldagelan mugikorrarekin ez sartzea. Argazkiak ateratzen dituzte orain. Legez ezin dira sartu, eta hemen Altxa Burua mugimenduarekin lortu dugu. Baina badakigu horrelako gauzak pasatzen direla. Ezin du hori izan, aldagelek eremu seguruak izan behar dute.


