Gero eta gehiago begiratzen zaio esparru askotan gazteen osasun emozionalari. Nola ikusten duzu kirola une honetan?
Esango nuke transformazio-prozesu batean dagoela. Badaude egitura anakroniko batzuk aldatzea kostatzen direnak, eta badira aldaketarako erresistentziak ere, baina esango nuke federazioetan jendeak ulertzen duela baduela ardura bat.
Erritmo desberdina daramate udal mailako klubek, Euskal Federazioak edo klub profesionalek, baliabide desberdinak dituztelako.
Ez da erraza izango kirolean aspalditik errotuta dauden jarrerak aldatzea.
Gizartean osasun mentalaren inguruan gertatzen ari den eraldaketa sozial hori kirolean ere hasi da islatzen, baina atzetik doa, bere egiteko modua beti izan delako maskulinitate hegemoniko eta indartsu batean oinarritutakoa.
Egia esan, uste genuen klubetatik kanpo errazagoa izango zela kirola eraldatzea eta, gazteak gimnasioetara hurbiltzen ari zirenez, gimnasioetan gerta zitekeela. Baina jarrera zeharo bortitzak eta paternalistak aurkitzen ari gara hor. Emakumeen ahalduntzeaz hitz egiten genuenean, ez ginen horretaz ari. Emakumeak taldean joatea nahi genuen, ez zedin izan espazio bortitz bat haientzat. Jarduera garrantzitsuenak hausnarketa kolektiboa, gorputzaren ahalduntze kolektiboa, plazera eta ongizatea sustatzen dutenak dira, ez indibidualtasuna eta gorputz-itxuraren garrantzia betikotzen dutenak.
Azken finean, kirola ez da gizartetik kanpo dagoen uharte bat; gizartean bertan ditugun dinamikak islatzen dira hartan ere. Arazoa da, askotan, dinamika horiek handitu egiten direla kirolean, justifikatu egiten direlako errendimenduaren izenean. Beste espazio askotan onartzen ez diren dinamika batzuk onartzen dira kirolaren arloan.
“Errendimenduaren izenean, abusu-mota pila bat justifikatu izan dira kirolean”
Errendimenduaren izenean, pertsona gogorrak izatea eta sufrimendua goratzen dira. Horrekin justifikatu izan dira abusu-mota pila bat: fisikoak, psikologikoak, hitzezkoak… Aginte eta diziplina zorrotza eta jendea tratatzeko modu zakarra erabili da, emaitzek justifikatu izan dute jokaera hori.
Psikologiatik, badakigu lan egiteko modu bortitzek ez dutela emaitza onik ekartzen. Beldurra ikaskuntza guztien kontrakoa da. Beste leku batetik lortu behar da. Ezin duzu jendea gaizki tratatu eta manipulatu zure ego pertsonalari erantzuteko.
Kirolak badu hizkuntza propio bat, zuk diozun bezala. Zergatik sortu da?
Bai, badu, eta hizkuntza propioa izatea bera baliatu egiten du kirolak. Errendimendu ona lortzeko beharrezkoa dela esanez justifikatzen du, metodologia bat balitz bezala. “Zuk ez duzu ulertzen”, esaten dute. Alardea gogorarazten dit: “Ez zarenez Hondarribikoa, ezin duzu ulertu”. Kirolak aitzakia hori bera baliatu du hizkuntza propio eta ukiezin hori eraikitzeko.
Orain dela gutxi ikerketa bat egin zuten futboleko Premier Leagueko lehenengo mailako jokalari profesionalen artean. Galdetu zieten zergatik ez zuten adierazten, indarkeria-egoera horien aurrean, indarkeria ikusten zutela. Zergatik laguntzen zuten normalizatzen. Maskulinitate hegemonikoa izan duen esparru batean sortu da hizkuntza bortitz hori, eta jokalariek ere normalizatu egin dute taldean onartuak izateko. Ezin dute dinamika horretatik atera. Kuadrilla galtzea bezala da: isolatu egingo zaituzte, eta zure talde-pertenentzia eta identitatea kolpatuko ditu.
“Maskulinitate hegemonikoa izan duen esparru batean sortu da kirolak erabiltzen duen hizkuntza bortitza”
Nola atera daiteke dinamika horietatik?
Hausnarketa norbanakotik taldera ekarri behar dugu, jokalariei pauso hori ematen laguntzeko, zaila baita bakarka egitea. Taldean adierazi behar da jokalari on bat izateko ezinbestekoa dela pertsona eta taldekide ona izatea, besteekiko begirunez jokatzea.
Baina enpatia ez da lantzen esate hutsarekin. Adimen emozionalean gabezia handi bat ikusten dut. Egia da kirol batetik bestera aldatu egiten dela, ezin da orokortu: desberdina da futbola, eskubaloia, saskibaloia, eskrima edo arrauna izan. Dinamika bortitzak eta botere-harremanak desberdinak dira bakoitzean.
Eta badago kanpora begirako bortizkeria bat ere, oso lotuta dagoena diruarekin, boterearekin eta futbolarekin. Gazteen artean ere azaltzen da: biktimismoan kokatzen dira mutil gazte horiek, diskriminatuak sentitzen dira. Oso jarrera toxikoak dira. Eta, bereziki futbolean, badago oraindik bortizkeriaren horrelako gotorleku bat, haustea zaila dena.
Azken hamarkadetan neskak kirolean presentzia handiagoaz murgiltzeak lagundu du zerbait aldatzen? Edo genero-alborapen handiak ikusten dituzu oraindik?
Orain sotilagoak dira. Ez dira denen aurrean adierazten. Baina oraindik neskei esleitzen zaizkie ordutegi okerrenak, entrenatzaile kualifikatuenak ere mutilei jartzen zaizkie… Beste argudio batzuekin, seguru aski: esaten da neskek kirola lehenago utziko dutela, eta, hortaz, profesionaletara iritsiko ez diren aitzakian, jokaera horiek onartu egiten dira. Mutilen aldean, espektatiba txikiagoa dago neskekiko, eta neskak hori barneratzen joaten dira, ibilbide osoan.
Genero-ikuspegia falta da kirolean. Entrenatzaileek, beren formakuntzan, ez dute psikologiaren ezagutzarik jasotzen, ezta genero-ikuspegirik ere. Orain ari gara horren guztiaren berrikuspen bat egiten.
Genero-lanketaren abiadura tokian tokiko politikaren isla izaten da. Eusko Jaurlaritzak aurrera egin du, baina asko kostatzen ari da gauzatzea: 2006an sartu zen federazioetan berdintasun-planak egiteko derrigortasuna, eta orain ari dira egiten klubak. Konparazio bat egite aldera, LOPIVI, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriaren aurrean Babesteko Legea, bi urtean jarri da martxan.
Eta nola ikusten dituzu gaur egun neskatoak kirolean?
Bueno, hor ere beste transformazio bat gertatu dela esango nuke, eta pozgarria da. Kirolean aktiboki aritzen direnetik, uste dut neskak fisikoki aktiboagoak direla eta jarduera fisikoa euren bizitzan txertatu dutela.
Baina klubetara iristen direnean, oso garrantzitsua da haiekin ahalduntze kolektiboa lantzea, edo berehala galduko dituzte. Eta, batez ere, emakume entrenatzaile erreferenteak behar dira, ikuspegi feminista dutenak. Oso garrantzitsua da hori. Neska gazteak haiengan proiektatzea, etorkizun batean entrenatzaile izan daitezkeela ikustea.
Eta eskaintza zabaldu behar da. Jada ikusten dira errepidean emakume txirrindulariak eta frontoietan emakume pilotariak. Eta badaude beste proiektu batzuk —adibidez, Emakumea Surflari*—, oso interesgarriak direnak. Batzuek lehiatzen dute, baina beste askok ez. Emakumeak elkartu, eta kirola beste modu batean egiten dute. Ahalduntze-prozesu bat gertatzen ari da eremu irekietan, naturarekin kontaktuan. Emakumeetan ikusten ari garen aldaketa garrantzitsuetako bat da hori. Jada ikusten dira neska gazteak ur ertzean, surfean sartzen, espazioa haiena egiten. Hori eraldaketa bat izan da. Gustatzen zaizkit ikusten ditudan talde-prozesuak, haien artean espazioak partekatzeko modua.
Hori bai, tradizioz oso maskulinoak izan diren kiroletan, arriskua ikusten diot espazio mistoak sortzeari. Kezka sortzen dit edozein kiroletan egiteak. Badaude gauza batzuk ez daudenak idatzita, bizipenak: nire gorputza, biluztea, bestearen onarpena, mugimenduan dauden gorputzen onarpena, bidaiatzea, partida jokatzea… Zaila da esplikatzen, ez daude inon idatzita. Bueno, kontatu dugu pixka bat, baina ez nahikoa. Eta hor zu bakarrik baldin bazaude mutilekin, nerabezaroa gerturatzen ari denean, oso indartsua izanda ere, sufrimendua egon daiteke.
Bestela ere, norbaitek galdetu al die umeei zer nahi duten, neskek eta mutilek elkarrekin edo aparte jokatzea nahi duten? Zeren niri neskek esaten didate ez dutela nahi mutilekin, mutilek ez dietela baloia pasatzen. Ez dute esaten mutilek jarrera matxista dutenik, ez dute hizkera hori erabiltzen, baina ikustera joaten naizenean negargura sartzen zait. Eta ezin ditugu eredutzat jarri soilik mutilekin ondo konpondu direnak, biziraun dutenak, jarrera matxistak betikotuko ditugu bestela. Hau eraikuntza bat da.
Adierazten dute neskatoek nolako kirola nahiko luketen egin?
Ez dira egiten horrelako elkarrizketak, baina oso garrantzitsua litzateke haiei galdetzea. Uste dut gabezia handi bat dagoela horretan: neskekin batera eraiki behar da kirola.
Kirol-eskaintzan alternatiba gehiago falta dira. Uste dut oso garrantzitsua litzatekeela kirolariekin hitz egiteko ohitura hartzea eta galdetzea: “Zuek zer nahi duzue?” Askotan entzuten dut: “Ez dakite zer nahi duten”. Noski, introspekzio horretan lagundu egin behar diegu.
Federazioei askotan esaten diegu: “Baina zergatik tematzen zarete tradizioz egin den eskaintza bera proposatzen? Zergatik ez duzue beste mota bateko eskaintza bat pentsatzen? Esan bezala, Emakumea Surflari da adibide oso garbi bat. Zergatik izan behar du, derrigor, lehiaketa bidez? Posible da beste modu bateko eskaintza bat egitea, ludikoagoa?
Zure ustez, badu zentzurik lehiarik gabeko kirolak?
Ez zait gustatzen lehia deabrutzea, uste dudalako ikaskuntza-prozesuaren parte dela. Segun zer adinetan, badauka bere zentzua, baina beti ere planteatzen badugu ez helburu nagusi bezala, baizik eta jardueraren parte bezala. Ondo eginda, taldean helburu komun bat sortzen laguntzen du lehiak: elkarrekin irabaztea. Bizipen onak sortzen ditu. Gure buruari jartzen dizkiogun erronkak dira. Arazoa da nola gorpuzten dugun lehia hori. Eta, batez ere, arazoa da lehia helburu bakarra eta obsesio bihurtzea, batez ere txikiekin.
“Lehia obsesio bihurtzea da arazoa. Ondo eginda, taldean helburu komun bat sortzen laguntzen du”
Eskola-kirolaz hizketan hasten direnean ere… Lehia kendu egin behar dugu? Benetan? Ez dut uste eskola-kiroleko lehia arazo bat denik. Lehiari dagokion garrantzia eman behar zaio, dagokion testuinguru eta mementoan. Bizitzak beste gauza asko ditu. Uste dut erakutsi behar diegula kirolean irabaztearen balioa beste balio guztiekin batera: laguntasuna, norbere buruaren onarpena, gaizki egindakotik ikastea, egoera jakin baten aurrean beste jokalariekin izaten dudan jarreraz hausnartzea… Horretarako balio behar du kirolak.
Dena dela, uste dut hausnarketa ez dela lehia bai edo lehia ez. Gehiago kezkatzen nau kirol-eskaintza zabala izateak. Kirola ez egotea oinarritua bakarrik lehiaketa tradizional horietan. Nik uste dut hori izango dela gakoetakoa bat etorkizunean.
“Uste dut hausnarketa ez dela lehia bai edo lehia ez. Gehiago kezkatzen nau kirol-eskaintza zabala izateak”


