Gaur egun, kirolean biolentzia normalizatu egiten da, baita haur eta nerabeen kirolean ere. Nola bihurtu dira ikusezinak gehiegizko presioa, abusua eta babesgabetasuna kirolean?
Bai, kirolean badira zenbait jokabide desegoki baimendu direnak eta oraindik ere baimentzen direnak. Kirolaren izaera lehiakor horrek ahalbidetzen du jokabide horiek onartzea. Uste dut horretan gehien eragiten duen faktorea espektatiba dela. Askotan, ikusezina bihurtzen da helduen espektatibek eragiten duten abusua. Baina eskolan bezalaxe, eta familian bezalaxe. Ez ahaztu gure gizartean familia dela indarkeriaren iturri nagusia. Eta hori ere ikusezina da.
Bestalde, egoerak gutxiesten direlako normalizatzen da. Pentsatzen dugu, beno, kirolean beti estutu dugula, beti exijitu dugula. Batzuetan, tratu txarretatik, eta, besteetan, exijentziatik.
“Kirolean ikusezin bihurtzen da helduen gehiegizko espektatibek sortzen duten abusua”
Normalizatu egin dugu entrenatzaileak gazte bati esatea ea herriko izozki-denda guztiak jan ote dituen, korrika gehiago egin dezan motibatzeko estrategia moduan. Edo marikoia dirudiela; neska batek bezala korrika egiten duela. Gazte batek beste bati egindako erasoa ez dela hainbesterako izan, jo besterik ez diola egin, nahiz eta beti gazte bera jotzen duen. Aldagelako gauzak direla. Gatazkak beren kabuz konpontzen ikasi behar dutela. Jakina ikasi behar dutela gatazkak konpontzen, baina ez indarkeriaz.
Frustrazioa da benetan kudeatzen ikasi behar dutena. Hori bai. Aulkian banago, jokatu gabe, nola kudeatuko dut? Nire parean ni baino askoz handiagoa den aurkari bat badut, zer egingo dut? Ba al dut baliabiderik nire frustrazioa kudeatzeko? Bizitza horrelakoa da, eta hori kudeatzen ikastea ezinbestekoa izango dute.
Arazo bat izaten da bizitzak parean jartzen dizun egoerei aurre egiten ez jakitea. Osasun emozionalari eragiten dion arazoa da. Eta kirola bada, hain zuzen, frustrazioaren aurrean etengabe hobetzeko aukera asko ematen dizkizun espazio bat: zerbait gaizki egin baduzu, taldean eragina izan duen akats bat, hurrengo 30 minutuetan baloia berriz hartu eta beste modu batera jokatzeko milaka aukera dituzu. Hezkuntzarako potentzial ikaragarria du kirolak, golean huts egin duenarentzat.
Eta entrenatzaile gisa esango dizut huts egin duzula golean. Baina ez da ezer gertatzen, gero bost ekintza ikaragarri egin baitituzu. Eta ez dizut oihukatuko huts egiten duzulako. Garrantzitsua da entrenatzaileak gauza hauek ondo bideratzea, gazteak horrela ikasten baitu bizitzan bost gauza egin ditzakezula ondo eta bat gaizki. Hala, aurre egin diezaiokezu zerbait gaizki egin izanaren erantzukizunari. Bai, hurrengoan beste modu batera jarriko dut gorputza eta ez dut huts egingo. Kito.
Baina entrenatzaileak ez badaki bere espektatibak kudeatzen, ez badaki ezta bere frustrazioa kudeatzen ere, eta gaztea gaizki tratatzen badu, transmititzen duena balio on guztien kontra doa. Gauza bera gertatzen da gurasoek frustrazioa eta gehiegizko espektatibak kudeatzeko dituzten zailtasunekin.
Nola kudeatu beharko genituzke helduok kirolean sortzen diren espektatibak eta frustrazioa?
Nire ustez, garrantzitsuena da ulertzea norenak diren espektatibak, askotan gaztetxoen espektatibak eta gureak nahasten ditugulako. Helduok handitzen eta artifizialki puzten ditugu haien espektatibak. Gehienetan ez dira haienak, helduenak baizik.
“Batzuetan autoexijentziaz hitz egiten dugu, baina bere buruari gehiegi exijitzen dionak inguruko helduen gehiegizko exijentzia bat izaten du atzean”
Gaztetxoek ez dute etorkizun urrutiko espektatibarik. Momentuko espektatibak dituzte. Etorkizunekoak badira, helduenak dira. Momentuko espektatibak dituzten haurrek, berezkoak dituztenak, presio txikiagoa izaten duten etorkizuneko espektatibak dituztenek baino. Hobeto jokatzen dute eta gehiago gozatzen dute.
Zer behar du kirolak, eta zer behar dute entrenatzaileek kirola nerabeentzako leku segurua izan dadin?
Kontzientzia, ezagutza eta tresnak behar ditu. Baina, niretzat, funtsean, portaera bortitzak normalizatzeari uztea da garrantzitsuena. Portaera bortitzen bat ikusten badugu, gelditu egiten da partida. Ezin da jokatu; amaitu da. Nik uste dut, garai honetan, hori egin daitekeela. Duela 5-6 urte horrela hitz egitea pentsaezina zen. Baina, orain, normaltasun handiagoz hitz egiten ari gara osasun mentalaz eta emozionalaz, gazteek behar dituzten ingurune seguruez. Lehen, kirolaren munduan, jendeak beste alde batera begiratzen zuen.
Arazoa da nerabeek 14 urte daramatzatela portaera bortitz horiek kirolean normalak direla ulertzen. Gurasoak ikusi dituzte entrenatzailea lepotik heltzen. Gurasoak harmailetan oihuka, beste guraso bati aurre egiten. Eliteko kirolean ikusten dituzten portaerek ere eragina dute gazteenengan.
Ondo dago arrazakeriaren aurkako kanpainak egitea, baina kanpainarik onena da harmailetatik lehen iraina entzuten momentuan bertan partida gelditzea. Erabat disruptiboa izateko garaia iritsi da, behingoz esateko: “Hau ez du onartuko”.
Baita eliteko kirolean irizpideak guztiz ekonomikoak badira ere, hasi dira kirolarien osasun mentalaz eta emozionalaz hitz egiten. Presioaren, lehiaren eta minaren gaiak errotik landu behar dira. Lesionatuta jokatzea normaltzat jotzen jarraitzen dugu. Eredugarritzat jartzen ditugu lesio handi bat gainditu eta berehala jokatzen jarraitzen duten kirolariak. Munduko motoziklismoko txapelduna bera, Jorge Martín: gorputzeko 67 hezur hautsi zituen, eta bi astera berriro lehiatzen ari zen. Zergatik ematen diegu like istorio horiei?
Beste adibide bat: gol bat sartu duen jokalariak, kamera aurrean jarri, eta jaio berri den semeari eskaintzen dio gola. Nire buruari galdetzen diot: “Baina zer egiten duzu hemen, zergatik ez zaude zure semearekin?!”. Edo aitona hil berri zaionez, belaunikatu eta musu bat botatzen duena gora. Zergatik ez zara bere ondoan egon hil denean?
Beraz, kiroletik transmititzen diren balioek ez ezik, gizarteak berak ere eragiten du. Nola eragiten dute sare sozialek eta sare horien bidez iristen zaizkien kirol-erreferenteek?
Ikaragarrizko presio dute gazteek kirolean, sare sozialei lotuta. 12 edo 14 urterekin jada, eragin handia dute itxurakeriak eta espektatibek sare sozialetan.
Eta kirol-erreferenteei dagokienez, behar-beharrezkoa da erreferenteak izatea, baina ez sare sozialetan. Garrantzitsua da aurrez aurrekoak izatea, haiekin benetako elkarrizketak izateko. Espazio horiek behar dituzte nerabeek. Baina espazio horiek sortzeko, garrantzitsua da, aurretik, ongizate emozionalaren kontzeptuak ondo definituta izatea nerabeekin berekin. Hortik eraikitzea elkarrizketak.
Nola galdetuko zenieke nerabeei zer behar duten kirolean ondo sentitzeko?
Galdera hori egin ahal izateko, nerabeek lasaitasun-giroa behar dute: espazio lasai bat, beren hizkuntzan hitz egiten duen norbaitekin, baina ez dena haien kirol-entrenatzailea. Galdetu behar diegu: “Zer behar duzue ondo sentitzeko? Zer kezka dituzue?”. Eta hasiko dira esaten: “Ez dugula irabazi”. “Ahaztu hori. Zer behar duzue bizitzan ondo sentitzeko? Eta zer behar duzue ondo sentitzeko zelaian egiten duzuen bizitzan? Zer behar duzue pertsona batengan konfiantza izateko? Zerk kezkatzen zaitu talde honetan?”.
“Entrenatzailea autoritate-figura bat da; ez botere-figura bat. Hori ulertzea oso garrantzitsua da.”
Horretarako, osasun emozionalaren kontzeptuak birdefinitu behar ditugu, eta haurrek eta nerabeek ulertzeko duten gaitasunari neurriratu. Eta galdera erabat irekiak egin behar dizkiegu benetan beren kezkak atera daitezen: gurasoek nola bizi duten seme-alabaren kirola, oihu egiten dien entrenatzaileak umiliatzen ote dituen… Gauza asko dituzte kontatzeko! Baina espazio seguru bat sortzen badugu bakarrik adieraziko dute. Espero ez ditugun gauzak aterako dira.
Kontakturik gabeko sexu-indarkeria dago, askotan identifikatzeko gai ere ez direnak, normalizatuta dagoelako. Aldageletan bullyinga dago: baimenik gabeko argazkiak eta memeak egiten dira, dutxetan gazte batzuei pixa egiten zaie… Gauza horiek normalizatu egiten dira eta ez dira argitara ateratzen. Edo entrenatzaile batek nerabe bati esatea: “Nazkatuta nago zurekin. Inoiz entrenatu dudan okerrena zara”. Grooming-a ere azaltzen da, nerabeen identitatea hartzen duten pederastak, eta sare sozialetan gazte kirolariekin harremanetan jartzen direnak. Elikaduraren nahasmenduak ugaritzen ari dira, neurrigabeko exijentzien ondorioz. Horretaz guztiaz hitz egin behar dugu.
Ugariak dira kirolari lotutako elikadura-nahasmenduak?
Bai, kirolean elikadura-nahasmenduak izaten dira. Kirolak berak eramaten ditu neurrigabeko exijentziara. Kirol batzuetan, egunero, neska-mutil bakoitza pisatu eta azaleko tolesturak neurtzen zaizkio. 12, 13 edo 14 urterekin. Adostutakoa baino 100 g gehiago pisatuz gero, ariketa gehigarri bat egin behar izaten dute, eta arduragabetzat jotzen dira.
Galde diezaiogun gure buruari: benetan lodia dago 100 g horiekin? Lehiatzeko ederki dago berez, arazoa da kirol bakoitzak estereotipo jakin bat duela. Gainera, agian hilekoaz dagoelako besterik ez da. Agian puztuta dago, likidoa atxiki du, edo beste arazoren bat du… Hori pentsatzen ere ez gara gelditzen. Arduragabea dela pentsatzen dute, eta ez dela zaintzen. Presio handiegia da.
Eta elikadura-nahasmenduak ez dira neskengan bakarrik agertzen. Mutilengan ere bai. Baina ikusezina da. Esango nuke kirolaren eremuan, haurren eta nerabeen aurkako indarkeriaren gai hori guztia are ezkutatuago dagoela mutiletan. Batez ere, sexu-abusuen eta elikadura-nahasmenduen gaietan. Hain zuzen ere, gizarte matxista batean bizi garenez, sexu-indarkeria jasan duen mutil batek bortizkeria gehigarri bati egin beharko dio aurre: bere maskulinitatea zalantzan jarriko da. Estigmatizazio handia dago.
Gauza bera gertatzen da bulimia edo anorexia duenean, horiek ere nesken nahasmendutzat jotzen direlako. Kirolean oso errotuta daude estigma horiek. Garrantzitsua da kirolak bere gabezia hauek denak identifikatzea eta haiei aurre egitea.


