“Gizarteak erreprimitu egin digu mutiloi dantzarekiko berezkoa dugun barne-bulkada”

Ez dira konparagarriak mendebaldeko gizartean kirolak duen boterea eta dantzak duena, ezta transmititzen dituzten balioak ere. Dantzaren funtzio sozialak aldarrikatzen ditu Oier Araolaza antropologoak, komunitateen zein pertsonen garapenerako gakoa ikusten baitu. Besteak beste, gazteen garunean plastikotasun neuronala handitzen du.

Zer balore transmititzen ditu dantzak, kirolaren aldean?

Dantzak kooperazioaren eta aniztasunaren balioak transmititzen ditu; beraz, funtzio garrantzitsuak ditu gizartean. Jakina, dantzan ere badago tradizio bat oso toxikoa izan dena. Eredu oso zurrun bat eta oso estereotipatua sortu duena. Baita musikan ere. Bai musika eta bai dantza klasikoak ikaragarrizko kaltea eta ondoezak eragin dituzte, hainbat eta hainbat belaunalditan. Musika eta dantza ulertzeko oso modu estua dutelako, eta, gainera, horren transmisioa egiteko moldeak oso desegokiak izan direlako. Baita gaur egun ere. Eta horrek kirolak adina ondorio kaltegarri izan du.

Izan ere, badago mendebaldean nagusitzen ari den ikuspegi bat, non dantza bakarrik ikusten den adierazpen artistiko bezala. Funtzio estetikoa du. Askotan, funtzio poetikoa da aitortzen zaion espazio bakarra.

Baina gauden mendebalde horretatik atera, eta gainerako gizateria guztiak pretentsio artistikorik gabe egiten du dantza. Egiten du komunikatzeko, partekatzeko eta bizitzeko bere modu naturala delako. Erritualak egiteko. Erritualek garrantzi handia daukate gizarteen eta komunitateen kohesioan. Mundu guztian eta zibilizazioaren historia ia osoan, funtzio artistikoa ez da izan dantzak jokatu duen funtzio nagusia.

Gizakiok dantzarako berezko gaitasuna dugu, horretarako programatuta gaudelako, hitz egiteko berezko gaitasuna dugun moduan. Are gehiago, berbazko gaitasuna garatu aurretik dantzatzen gara. Gaitasuna oso txikitatik jartzen du martxan umeak. Berbazko hizkuntzarekin gertatzen den bezala, umeak hasieran soinu sinpleak, egituratu gabekoak egiten ditu intuizioz, imitazioz erreproduzitzen dituenak, baina ez daukatenak oraindik kode-sistema oso garbi bat. Dantzan berdin, mugimenduak egituratzen joaten dira.

Baina badago jendea uste duena ez duela gaitasunik dantzarako.

Bai, gizarteak erreprimitu digu dantzarekiko berezko barne-bulkada hori. Argi dago. Gero eta gehiago gaude mutilatuta. Erreprimitu zaigun bulkada bat da. Eta mutilen kasuan, mutilazioa bi zentzutan: txiki-txikitatik gure oinarrizko espresio-kanal bat mozten zaigu, eta, gainera, horrek laguntzen gaitu mutil bihurtzen. Dantza egiteak mutil izate horretatik urruntzen gaitu. Mutilazio horri buelta ematea ez da erraza. Adin batetik aurrera, ia-ia ezinezkoa.

Gure gizartean, mutilek hiru edo lau urtera arte bakarrik egiten dute dantza. Hiruzpalau urterekin jada konturatu dira mutilek kirola egiten dutela, ez dantza, eta ez dute gehiago dantza egin nahi. Lehen, laupabost urterekin konturatzen ziren; orain, hiruzpalaurekin. Dantzazale amorratuak direnek ere, utzi egiten dute. Konturatzen dira: “Epa! Ni mutila naiz. Zer egiten dute mutil nagusiek? Futbola. Zer egiten dute neskek? Dantza”. Genero-identitatea dago jokoan.

Okerrena da mutilazio hori duenak ez duela horren kontzientziarik, askotan. Zer ondorio ditu mutilazio horrek pertsonengan, espresio kanal hori mozteak?

Pertsona moduan mesede handia egiten digun tresna bat galtzea ekarri digu. Batez ere, garapen-fasean egiten du kalte. Azken urteetan asko ari dira ikertzen, neurozientziatik, garunaren eta adimenaren garapen-fasean zer garrantzia duen dantzak. Dantza egiteak neuronen arteko konexio asko erabiltzea eskatzen ditu, eta burmuinaren plastikotasuna ikaragarri indartzen du.

“Dantza egiteak gazteen garapenean eragiten du: burmuinaren plastikotasuna ikaragarri indartzen du”

Dantza egiteak plastikotasun neuronala handitzen du?

Bai. Neurozientzialariak ari dira ikertzen  dantza, eta ikusi dute dantza egiteak garunari etengabe argazkiak egiten joatea eskatzen diola: gorputzeko atal bakoitzak kokapen jakin bat behar du, espazioan eta denboran, eta hori garunak irudien bidez josten du. Pelikula bat izango balitz bezala, fotogramaz fotograma sekuentzia osoa sortzen doa buruan, gorputzarekin konektatuta. Garunean plastikotasun handia garatzea eskatzen du horrek.

Neurri batean, kirolak ere eskatzen dio ariketa hori garunari. Baina badago diferentzia bat: kirolean helburua denez ahalik eta azkarren mugitzea, edo ahalik eta indartsuen jaurtitzea, mugimendu eraginkorrenak bilatzen ditu beti, eta, ondorioz, bere mugimenduen abanikoa oso murritza da. Dantzan ez dago mugimendu perfektu bat, gorputzaren espresioak une bakoitzean mugimendu bat eska dezake.

Norbanakoari egiten dion ekarpena aipatu duzu, baina gizarteari zer ekarpen egiten dio dantzak?

Dantzaren puntu interesgarrienetako bat da taldea nola egituratzen duen, zer gaitasun daukan kohesionatzeko. Dantza egitea jarduera oso emozionala da. Eta esperientzia emozional bat konpartitzeak batu egiten gaitu. Musikarekin gertatzen den bezala: gustuko musika bat entzuten dugunean, emozionatu egiten gara. Eta musika hori taldean entzuten dugunean, are gehiago. Emozio hori guztia dantzaren bidez gorpuzten dugu.

“Dantza jarduera oso emozionala da eta taldea kohesionatzeko gaitasun handia du”

Beraz, elkarrekin dantza egiteak ikaragarri batzen du taldea. Psikologo ebolutiboek diote kohesiorako gaitasun hori dela dantza gizarte guztietan eta garai guztietan egin izanaren arrazoia. Elkarrekin dantzatzen den komunitate bat askoz kohesionatuago dago dantzatzen ez dena baino.

Gaur egungo testuinguruan, oso tresna baliagarria izan daiteke dantza. Elkarrekin dantza egiten dugunean, gure bihotzen taupadak ere sinkronizatu egiten dira. Ez da metafora bat, errealitatea baizik. Elkarrekin abestea bezala. Esperientzia emozional hori konpartitu izanak oso modu indartsuan batzen gaitu. Beraz, dantzak onura handiak ditu buruari begira, gorputzari begira eta baita taldeari begira ere.

“Elkarrekin dantzatzen den komunitate bat askoz kohesionatuagoa dago dantzatzen ez duena baino”

Emakume askori entzun diet: “Niri dantzak bizitza salbatu dit”. Maialen Araolaza fisioterapeutak dantza tradizionalak adinekoen gorputzaren gainbehera frenatzeko duen ahalmena ikertu zuen, batez ere adineko emakumeen kasuan, horiek baitira zaurgarrienak. Haientzat dantza egitea plazera da. Ez da mugimendu mekaniko eta errepikakorrak egitearen parekoa. Ariketa fisiko moduan mesede ikaragarria egiten du, baina bizipoza ere ematen die.

Baina dantzan plazerarekin konektatzeko, dantzan gaztetatik hastea komeni da. Haurtzaroan eta nerabezaroan ez dantzatzeak zaildu egiten du gero gaitasun horiek garatzea, eta dantzan ez jakiteak jarduera horretatik aldentzen gaitu. Kirolaren nagusitasunagatik dantzari uko egin dion belaunaldi bat sortu dugu, eta horren ondorioak pairatuko ditugu etorkizunean.

“Kirolaren nagusitasunagatik dantzari uko egin dion belaunaldi bat sortu dugu, eta horren ondorioak pairatuko ditugu etorkizunean”

Oier Araolaza Arrieta

Antropologoa da Oier Araolaza. Baita dantzaria eta kazetaria ere. Bere doktoretza-tesian dantza ikertu zuen, eta “Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan” izeneko liburua argitaratu zuen. Dantzan elkarteko arduraduna da.

Scroll to Top