Nola ikusten duzu egungo gaztetxoen kirol-mundua?
Eibarko Klub Deportiboko zuzendaritzan aspaldi ari gara detektatzen gero eta gehiago direla, aktibitatearekin gustura izanik ere, lehiatu nahi ez duten haurrak. Ez dute entrenamendu bat galtzen, baina ez dute konpetitu nahi.
XXI. mendeko fenomeno bat da hau, urtetik urtera areagotzen doana. Nik ez dakit zerk eragiten duen. Baliteke izatea ez dutelako sentitu nahi onena ez izateak eta galtzeak eragiten duen min edo frustrazio hori. Izan daiteke hori, eta ondo dago hala izatea, sufrimendu hori sentitu nahi ez izatea. Baina beste gauza batzuk ere hautematen dira: irabazita ere deseroso sentitzen direla, pertsona bati irabazteak suposatzen duelako norbait mendean hartzea, zapaltzea, gainetik jartzea.
Lehian presio eta esposizio handia egoten da, eta horrek antsietatea, estresa sortzen die, baita entrenatzaileari, gurasoei eta lagunei huts egiteko beldurra ere. Hainbesteko espektatibak jartzen dituzte haur horiengan… Baita txikiekin ere, aitarekin jolasean bakarrik daudenean. Zeren kirolak dauka dinamika bat non etengabe demostratu egin behar duzun, eta etengabe galdu edo irabazten duzun. Eta nik uste dut horrek ume askori deserosotasun bat sortzen diela, ez dutela horren beharrik.
Gizarte moduan geure buruari galdetu behar diogu hori ote den benetan nahi duguna, denak hortik pasaraztea. Zeren diskurtso nagusiak esaten du baietz, ona dela galtzen ikastea eta lehiakorrak izatea. Galtzen besteekin lehian ikasten dela.
Zer ondorio ditu lehiak gizartean?
Lehiakortasunak duen ondorioa da pertsonak hierarkizatu egiten gaituela. Ordinalki antolatzen gaitu: nor den onena eta lehenengoa, nor den bigarrena, nor hirugarrena… Zenbatgarren postuan sailkatzen garen, horrek definitzen gaitu. Lehiak antolatzen gaitu.
Okerrena da oinarria bera ontzat ematen dela. Gordina da naturaltzat ematea pertsonak hierarkikoki sailkatzeko joera hori, berezkoa bagenu bezala. Eta kirola hori da: lehiak eta txapelketak.
Jendeak esan dezake: “Baina nahi ez duenak ez du parte hartzen”. Denok gaude klasifikazio horretan. Parte hartzen ez duena ere badago klasifikazio horretan, beheko mailan. Baina ez da hori bakarrik, nik ez dut onartu nahi sailkatze-sistema bat. Eta kirola guztiz harrapatuta dago horrekin. Une honetan, kirola da tresna bat, gizakion klasifikazioaren ideologia hori gizartean normalizatzeko ardura daukana.
Beraz, ia-ia gutxienekoa da lehiak zer eragiten duen kirolariengan, zeren gizarte osoari eragiten dio. Gizarte osoak normalizatu du pertsonak modu horretan klasifikatzea naturala dela.
Kirolari esleitzen diozu funtzio hori?
Kirola horretarako erreminta nagusia bihurtu da. Uste dut kirolaren gaur egungo ikuskera asmakizun berria dela. Ni ez naiz kirolaren historian aditua, eta badakit badaudela joko batzuk tradizio luzekoak: desafioak eta borrokak. Baina kirolaren gaur egungo ulermena oso modernoa da.
Beti hitz egiten da olinpiaden lehertze horretaz, eta Aro klasikoko Olinpiaden eredua aipatzen da. Baina kirolaren ikuspegi moderno hau, kirola osasunarentzat ona dela diona, eta uztartzen duena osasun-jarduera bat eta lehia bera, esango nuke oso kontu berria dela. Aurretik baziren jokoak, borrokak eta norgehiagokak, baina ez zegoen lehia osasunarentzat ona zela jasotzen zuen diskurtsorik. Erromatar garaiko “Mens sana in corpore sano” horrek ez du XIX. mendearen bukaera arte orain duen zentzua hartu.
Zer inplikazio dauka horrek?
Bada, ideologikoki, gizarte osoa lehiara bultzatzen ari garela. Osasunaren izenean, lehian sartzen gara, eta, horren bidez, pertsonen sailkapen-sistema horretan. XIX. mendea arte oso bestelakoa zen: ez zegoen ideologia hori, osasuntsu egoteko kirola egin behar dela. Ordura arte oso ondo bereizten zen: borroka eta norgehiagoka horiek ziren bestea baino hobea izateko, bestea zapaltzeko bakarrik.
“Kirolarekin, ideologikoki gizarte osoa lehiara bultzatzen ari gara. Osasunaren izenean sartzen gara lehian.”
Zer eragin du gizartean sailkatze hori egiteak?
Kontrol soziala errazten du. Oso eraginkorra da onarpena lantzeko: bakoitzak gure tokia onartzen dugu. Kirolean 17.a naizela onartzen badut, errazago onartuko dut gero bizitzan ere ezingo dudala aspiratu nahi dudan horretara, dagokidan tokia onartu behar dudala. Bizitzan ditudan premietan 57. nagoela, eta horrek hala behar duela. Gai antropologiko potenteak dira.
Umeek eskolaz kanpoko jardueretan kirola ala jarduera artistikoak egiteak eragin zuzena du beren lagun-taldeen harremanetan. Kirol-dinamiketan buru-belarri dabiltzan umeek lagunarteko giroan ere joera dute dominazio- eta mendekotasun-harremanak erreproduzitzeko. Aldiz, ikusi izan da kulturan dihardutenek kooperazioan edo aniztasunaren tolerantzian oinarritutako harremanak sortzeko joera handiagoa dutela haien zirkulu txikietan.
“Kirol-dinamiketan buru-belarri dabiltzan umeek lagunarteko giroan dominazio- eta mendekotasun-harremanak erreproduzitzera jotzen dute.”
Azkenean, kirolak gizarte-eredu jakin batera eramaten gaitu. Nola hezten ditugu gure umeak, onartuak izan daitezen? Gizarte-eredu bat sortu dugu oso hierarkikoa, zeinean agintean eta boterean dauzkadanek zapaldu ahal nauten eta nik nire azpian daudenak zapaldu ahal ditudan.
Hori oso lotuta dago azkeneko urteotako eskuin muturraren gorakadarekin, eta indibidualismoaren etengabeko gorakadarekin. Denak bat egiten du.
Eta zer gertatzen da lehia horretatik kanpo geratzen den jendearekin, zer ondorio ditu sistema honek haientzat?
Bada dantzan, antzerkian eta arteetan dabiltzanak belaunaldi bakoitzeko frikiak dira, bazterrenean geratzen direnak. Baina esango nuke onurak dituela sistema horretatik kanpo geratzeak, libreago baitira nahi dutena egiteko. Nire sentsazioa da mutilak oso gaizki pasatzen ari direla kirolean, oso gaizki.
Eta ondoriorik okerrenak dira kirolean oso ondo aritzen diren mutilentzat. Futbolean hain onak izan ez direnek ostikada azkar jasotzen dute eta utzi egiten dute, eta oraindik garaiz daude haien bizitza birbideratzeko. Zorteko dira. Baina futbolean onak direnek zorte okerragoa dute, ezin baitira sistematik atera. 20 urterekin ostikada iristen zaienerako eta taldetik botatzen dituztenerako, beranduegi da: ondorioak denbora luzeegiz pairatu dituzte. Ez dakite beste ezer egiten. Badakite futbolarekin ez dutela ezer ezingo, nahiz eta beren belaunaldiko onenak izan diren.
Zer baldintzapen dituzte pertsona horiek?
Lehiaren logikan egituratuta daude. Oso barneratuta dute ezen, ez badira onenak, ez direla nahikoa ezertarako. Eta hori eramaten dute bizitzaren esparru guztietara.
Kirolaren bidez haiengan errotzen dena lehiarako grina da, eta ez horrenbeste aktibitate fisikorako. Haietako asko, goi-mailako futbol-taldetik botatzen dituztenean, ez dira beheko taldera joaten. Haientzat umiliazio bat da eta futbola utzi egiten dute. Goi-mailako lehia uzten dutenean, kirola uzten dute. Baina lehia ez. Hori ezin dute utzi, barrutik egituratzen dituelako jada. Bai, eta orduan ludopata bihurtzen dira asko. Apustutan jokatzen dute, kirolari lotutako apustuetan, mugikorraren bidez.
Esaten ari zara kirola, gaur egun egiten den bezala, ludopatiarako sarbide bat dela?
Bai. Eta ez da kasualitatea.
Nerabe eta gazteetan zenbat gizonezko eta zenbat emakume dago ludopatiak harrapatuta? Makinetan entxufatuta daudenak, apustu-etxeetan sartuta daudenak, mutilak dira, eta, gainera, oso profil zehatz bateko mutilak, kirolaren dinamika guztiz barneratua dutenak.
Apustuen mundua oso lotuta dago kirolarekin. Zergatik elikatzen dira kiroletik apustu-etxeak? Bada, kirolak lehiarekiko adikzioa sortzen duelako.
Lehiak beti izan du funtzio hori gizartean, kontrolarena?
Ez dakit. Gaur egun horrela funtzionatzen du. Mingarria da, baina hala da. Lehia oso-oso lotuta dago boterea eskuratu nahi izatearekin, dominazioan oinarritutako gizarte-ereduarekin.
Neskak kirolean sartu dira azken hamarkadetan. Zer ondorio izan ditu haientzat?
Kirola da neskentzat dagoen gillotinarik ikaragarriena, kirolaren bidez gizonezkoek emakumeekiko nagusitasuna naturalizatzen baitute. Neskatoak kirolean hasten direnerako, mutilak aspaldi ari dira jokatzen. Normalki, txiki-txikitatik mutil horiek ez dute besterik egin, bakarrik kirola. Mutilen sozializazioa hor gertatu da. Mutilen aisialdia, jolasa bera, beti da kirola. Jolas orduetan, bazkalorduan eta arratsalde osoan, etengabe. Hiru-lau urtetik aurrera ez dute besterik egiten. Neskek askoz ere jolas-esparru zabalagoa dute: haien espresiorako eta ongi pasatzeko erabiltzen duten jolas sinbolikoa, besteak beste.
“Kirola da neskentzat dagoen gillotinarik ikaragarriena, kirolaren bidez gizonezkoek emakumeekiko nagusitasuna naturalizatzen baitute.”
Zer gertatzen da 8-10 urterekin hasten direnean neskei esaten: “kirola egin behar da”. Sartzen dira eskola-kirolan, eta aurkitzen dutena da mutilek, ordurako, oso garatuta dutela lehiakortasuna. Bat-batean, neskak hasten dira konturatzen mutilak hobeak direla, ordura arte besterik ez dutelako egin, eta lehiarako grina sorrarazi zaielako. Beraz, egurra ematen diete. Mutilentzat “ahalduntze” ikaragarri bat da. Eta neska eta mutilen artean izugarrizko hierarkia sortzen da: oso garbi dute mutilak daudela beste generoaren gainetik.
Inork ez du esplizitatu behar, beraiek frogatzen dute topaketa bakoitzean. Eta neskek ikasten duten lezioa hauxe da: egiten dutena egiten dutela, mutilak beti izango direla hobeak kirolean, ezin direla horren kontra lehiatu.


