Euskal gazteen bostetik batek osasun mentaleko asaldura bat du diagnostikatua, eta antsiolitikoen kontsumoa 6 aldiz biderkatu da gazteen artean. Bereziki deigarria da zer adinekin preskribatzen zaizkien antsiolitikoak neskatoei: 11-12 urte eskasekin. Zer ari da gertatzen? Gizarte moduan interpelatzen gaituen gaia da.
Gazteen osasun mentalaren krisiaz hitz egitean, gazteengan jartzen da fokoa, arazoa pertsonalizatuz. Baina adituek oso argi diote: sustrai soziala duen krisi bat da. Hamar ikertzaile eta adituren iritziak bildu ditu Zurrunbiloak, zientziaren ikuspegi eraikitzailea ekarri dutenak: soziologoak, neurozientzialariak, farmazialariak, psikologoak, sexologoak, psikiatrak, irakasleak, osasun digitaleko adituak… Gazteen osasun mentalaren krisian zuzenean eragiten ari diren presioak aletu dituzte, banan-banan.
Eta zer diote gazteek? Aroa, Eneko, Garazi eta Laura osasun mentaleko arazoetatik pasatako lau gazte dira, beren burua berregin eta kontatzera etorri direnak. Zurrunbilo honi guztiari ahotsa jarri diote.