
Gurasoentzako proposamenak
Gazteen osasun mentalaren auziak gizartean egiturazko aldaketak egitea eskatzen du, baina badira maila pertsonalean egin daitezkeen hausnarketak ere:
- Ez bota errurik osasun mentaleko arazoak dituen gazteari.
Gaur egun ohikoenak diren asaldurak ez dira arazo indibidualak bakarrik, arazo soziala ere badira. Osasun mentaleko arazoak dituzten gazteek ez dute jaiotzetik akatsik ekarri, ez dira besteak baino ahulagoak. Etengabe arrakasta soziala exijitzen dien gizarte baten gehiegizko presio eta espektatiben biktima dira. Batzuetan, presio hori eskutan lehertu zaien gazteak dira; ulertu eta sostengatu ezin dituen gizarte baten isla, besterik ez. - Begirada maitekorra izan gaztearekiko. Zu zara bere burua ulertzeko aurrean jarriko duen ispilua.
Nerabezaroan, identitatea, autoestimua eta nortasuna eraikitzen ari dira. Baina ez dira barrutik kanpora eraikitzen, kanpotik barrura baizik. Hain zuzen, inguruan haiekiko somatzen duten inputaren arabera eraikitzen dituzte. Entzun, ez epaitu. Sortu konfiantzazko harremana. Bizipen gogorrek inpaktu epigenetiko bat dute gorputzean: estres kronikoak, beldurrak eta esperientzia traumatikoek geneen espresioa eraldatzen dute. Organoen funtzionamenduan eta garunaren garapenean kalteak eragiten dituzte. Emozionalki zaintzea gorputza zaintzea ere bada. - Nerabearen portu segurua izan, ekaitzak datozenerako.
Toki seguru bat behar dute gazteek, kezkak eta beldurrak adierazteko. Beraz, gazte batek bere alderdi hauskorra erakusten duenean, ez epaitu gogor. Alderantziz, ikusi bere ausardia. Norbere zaurgarritasunarekin konektatzea eta emozioak identifikatzea osasun mentala zaintzeko oinarrizko baliabidea da. Nerabeak zerbait esaten dizunean, entzun arretaz, une erabakigarria izan baitaiteke. Batzuetan, denbora eman beharko diozu dena espresatzeko. Eta entzundakoak zure beldur propioak astintzen baditu, bilatu zuretzat ere espresatzeko toki seguru bat. - Hitz egin nerabeari zuk dituzun presio sozialez ere.
Helduak gazteari exijitzen diona gizarteak helduari eskatzen dionaren isla da. Jarri izena genero-rolen presioei eta bizi dituzun bestelako presio laboral, ekonomiko, estetiko eta sozialei. Azaldu nola baldintzatzen zaituzten. Zuk hitza jartzeak bere hitzak aurkitzen lagunduko dio gazteari. Beretzat eredu izango zara eta konfiantzazko harremana sortzen lagunduko dizue. - Ezagutu garunaren garapena, nerabearen jokaerak ulertzeko.
Nerabezaroan hiru ezaugarri gako ditu garunak: inoizko plastikotasun handiena du, guztiz garatu gabe dago arrazoitzen eta bulkadak apaltzen laguntzen duen eremua (kortex prefrontala) eta, era berean, bereziki aktibatuta dago erantzun emozionalak kudeatzen dituena (sistema linbikoa). Ondorioz, emozioen borbor aldi betean daude, baina emozio horiek ordenatzeko eta arrazoitzeko gaitasunik gabe. Esperientzia berriak bizitzeko eta mundua esploratzeko irrikaz daude, baina ez dira gai arriskuak neurtzeko. Ez da gazte inkontziente baten jokaera, garunak markatzen duen bide-orria baizik. - Baliatu natura; gazteen atseden kognitiborako lekurik onena da.
Egunerokoan estimulu asko ditugu (bisualak, auditiboak, kognitiboak…), eta gure arretaren zati handi bat kontsumitzen dute. Naturak arreta berreskuratzen eta estresa murrizten laguntzen du: han, atseden neurokognitiboa lortzen du organismoak, eta kortisol-mailak behera egiten du, automatikoki. Ebidentzia zientifikoek diote naturak haur eta gazteen garapen neuropsikologikoan eta identitatearen eraikuntzan eragin zuzena duela, eta mendebaldeko gizarteetan naturarekiko eragin dugun deskonexioak ekarri duela, besteak beste, osasun mentalaren krisia. Denentzat ez da erraza, baina, ahal duzula, gerturatu naturara, eta konektatu berriz. - Lagundu komunitatearekiko pertenentzia-sentimendua garatzen, sustrai sendoak izan ditzan.
Ondo errotuta egotea da osasun mentalaren giltza. Identitate indartsua eta segurtasuna garatzen laguntzen du. Nerabezaroan, borbor ikaragarrian daudenean, lur sendo bat behar dute inguruan: min emozionala badago, erro sendoek ekaitzei aurre egiteko gaitasuna ematen dute; aldiz, deserrotuta dagoena erraz eraman dezakete bizitzako ekaitzek. Komunitatearen parte sentitzeko modu asko daude: familiaren parte garrantzitsu bat dela sentitzea, herriko hizkuntza eta kulturarekiko lotura sendoa sortzea, kirol-taldearen parte sentitzea… Migratu dutenentzat, jatorrizko herriko ohiturekin harremana mantentzea izan daiteke. - Ez estutu gazteak zure aurreiritzi eta estereotipoekin.
Diren bezala azaltzea galarazten die, eta, ondorioz, beren buruarekiko begirada oso kritikoa garatzen dute. Baliatu haien freskura, plazerarekiko konexioa eta adimen irekia zure aurreiritziak eta adinak ekarritako zurruntasuna berrikusteko. Desikasi, berrikasteko. Eman aukera bat haiek esaten duten horri. Agian, baliagarria da zuretzat ere: gaztea osasuntsu haziko da, eta zuk bizitzarekiko malgutasuna berreskuratuko duzu. - Seme-alabak ez dira zure arrakasta sozialaren neurgailua.
Beraz, ez presionatu besteen begietara arrakastatsuak eta perfektuak izan daitezen. Ez akademikoki, ez kirolean, ez fisikoki, ez sozialki. Askatu presio horretatik, eta utzi akatsak egiten eta hankak barruraino lokatzetan sartzen. Akatsak egitea da edozer ikasteko mekanismorik eraginkorrena, eta inoiz ez da porrotaren adierazle. Erresilientzia garatzeko modu bakarra da. - Baliatu gazteak zure puntu itsuak ikusteko.
Helduon ispilu dira seme-alabak: haien mina ikustean, gure haurtzaroan ebatzi gabe geratu ziren minekin konektatzen dugu, inkontzienteki. Beraz, gure barne-gatazka propioak identifikatzeko eta sendatzeko aukera ezin hobea da, bizitzak ematen duen bigarren aukera bat. Egoerak frustrazioa sor diezazuke hasieran, baina baliatu zure alde. Eboluzioak espeziea hobetzeko topatu duen mekanismo bat da. - Piztu alarmak.
Batzuetan, zailtasun eta nahasmendu mentalen seinale garbiak ematen dituzte nerabeek: umore-aldaketa handiak, bat-bateko argaltzeak, lo egiteko zailtasunak, mugikorrarekiko adikzioa, isolatu eta denerako interesa galtzea, jarrera oldarkorra, kontzentratzeko zailtasuna, buruko eta urdaileko minak, autolesioak, pentsamendu suizidak, substantzien eta drogen abusua, denboran irauten duten jokabide arriskutsuak… Halakoak nahasmendu baten seinale izan daitezke. Kontrastatu ingurukoekin eta hartu neurriak. - Psikofarmakoak hartzea ez da irtenbide bakarra, ezta beti komenigarria ere.
Psikofarmakoak lagungarriak izan daitezke gure ondoeza eramangarriago egiteko eta prozesu terapeutikoa abiatzeko. Alabaina, ez dute gure ingurua eraldatzeko gaitasunik eta, askotan, norbanakoan bakarrik kokatzen dute arazoaren iturria. Indikazio terapeutikoek adierazitakoa baino epe luzeagoan eman ohi dira psikofarmakoak, eta arazo fisiologiko eta emozional gehigarriak sor ditzake horrek. Askotan, egungo bizimoduak exijitzen digun erritmo biziari jarraitzeko estrategia hutsa bihurtzen dira psikofarmakoak. Ondorioz, arazoen errora zuzenduago dauden irtenbideak alboratzen ditu. - Galduta bazaude, eskatu laguntza.
Seme-alaben arazoei bakardadean erantzutea etsigarria izan daiteke, eta, gainezka eginez gero, gazteak mina hartzeko arriskua dago. Laguntza profesionala eskatzea ez da porrotaren seinale, zure buruarekiko eta seme-alabekiko maitasun-ekintza bat baizik. Baliabide publikoak eskura dituzu:
Zure udaleko Gazteria sailean, Gizarte Zerbitzuetan eta Berdintasun sailean dituzten zerbitzuak, psikologoak eta gizarte-hezitzaileak.
Osakidetzako pediatria eta lehen mailako arreta-zerbitzuak.
Osasun mentalaren inguruan lan egiten duten laguntza-elkarteak