“Suizidioaz ez hitz egiteak eragiten du erruduntasunez bizitzea”

Jon García Ormaza neurozientzietako ikertzailea da EHUn eta mediku psikiatra Zamudioko Ospitalean. Suizidioan espezializatua dago. Eta argi du zein den suizidioa prebenitzeko modurik eraginkorrena eta sinpleena: sufritzen ari den gaztearengana gerturatu eta, epairik gabe, entzutea. Une batez, bere mina sostengatzea. “Elkarrizketa txikiek bizitzak salbatzen dituzte”.

Azken urteotan, zer buru-nahasmendu ikusten dituzue gehien kontsultan?

Buru-nahasmenduen artean, antsietate-arazoak eta depresioak dira gaur egun haur eta nerabeetan gehien azaltzen diren nahasmenduak. Mutilen artean jokabide-nahasmenduak dira ohikoak. Nesken artean, elikadura-nahasmenduak. Baina, azken urteetan, asko igo dira autolesioak eta jokabide suizidak, batez ere nesketan.

“Autolesioak ondoeza kudeatzeko trebetasunik ez dutenean azaltzen dira”

Zer dira autolesioak?

Autolesioak dira, ondoezari edo emozio zailei aurre egiteko, pertsona batek bere gorputzari eragiten dizkion tratu txar fisikoak. Ondoeza kudeatzeko trebetasunik ez duenean azaltzen dira.

Nahiz eta gehienetan autolesioak desagertu egiten diren, hainbat kasutan suizidio-saiakerak iragar ditzakete. Gazte batzuek ez dute beren buruarekiko begirada errukitsu nahikorik, eta sentitzen dute ez dutela ezta laguntza ere merezi. Eta, egoera zailenetan, gazteen burmuinean piztu daitezke ideia katastrofiko moduko batzuk. Horiek kontrolatu ezean, ideia eta jokabide-suizidak ager daitezke.

“Laguntza eskatzea ez da inoiz ahultasunaren seinale, erresilientziarena baizik”

Horretara ez iristeko, zer laguntza behar dute gazteek?

Horretara ez heltzeko badakigu egokiena dela, bai etxean bai eskolan, egoera zailak kudeatzeko trebetasunak lantzea, modu prebentibo batean. Asko hitz egin behar da gure gazteekin, haien baliabide propioak nahikoak diren ala ez jakiteko.

Horrekin batera, funtsezkoa den ideia bat sustatu behar da: gure baliabide propioak nahikoak ez direnean, laguntza eskatu behar da. Laguntza eskatzea pertsona indartsu bat izatearen seinale da: ez da inoiz ahultasunaren seinale, baizik eta erresilientziaren seinale. Sendotasunarena.

Instagramen bertan orri asko daude autolesioen inguruan.

Autolesioak oso arriskutsuak dira, eraginkorrak egiten zaizkielako momentuan egoera zailak kontrolatzeko. Sare sozialetan, hainbat gaztek aditzera ematen dute baliagarri izan zaizkiela autolesioak, eta horrek autolesioen erabilera sustatu dezake gazteen artean.

Nire ustez, hori prebenitzeko, heziketa behar dugu. Egoera zailei aurre egiteko trebetasun eraginkorretan trebatu behar ditugu haurrak. Trebetasun horiek barneratuta, inoiz ez da jausiko autolesio eta halako jokabideetan.

Eta suizidioa?

Azken urteetan gizarte moduan asko kezkatzen gaituen gaia da. Baina, aldi berean, suizidioaren inguruan mito asko dago, behar bezala laguntzea galarazten dutenak. Adibidez, pertsona bat ondoez larri batean ikusten dugunean, ez gara ausartzen suizidiorako ideiak izan ote dituen galdetzera, pentsatuz horrek arriskua areagotuko duela. Alderantziz da, sufrimendua duen pertsona horri modu errukitsu batean galdetzen badiogu, laguntzeko asmoarekin eta inongo epaiketarik gabe, galdera hori oso liberatzailea izango zaio pertsonari.

Baina, zoritxarrez, ez da sekula izaten suizidioaren inguruan elkarrizketarik, eta horrek eragiten du pertsona batek, bere buruaz beste egiteko ideiak dituenean, egoera erruduntasunarekin bizitzea. Horrek are gehiago baldintzatzen du laguntza eskatu ahal izatea.

Aldiz, ondoezaren inguruko emozioez elkarrizketak ditugunean suizidioaren gaia tratatzeaz akordatzen baldin bagara, mezu oso indartsu bat transmititzen ari gara: honen inguruan ere hitz egin daiteke. Suizidio-ideiak baldin badituzu, nirekin hitz egin dezakezu. Ez dizut epaiketarik egingo, ez dizut automatikoki etiketa bat jarriko.

Gure ondoan dagoen edozein pertsonarengan etsipen larria, ondoeza kontrolatzeko zailtasunak edo ingurukoentzat karga diren sentimendua hautematen badugu, pertsona horrekin elkarrizketa xume bat pizten saiatu behar dugu. Elkarrizketa horretan, lehenbizi, guk pertsona horrekin emozionalki konektatu behar dugu, eta konexio horretatik eskatu ondoeza konpartitzeko. Suizidiorako ideia izan ote duen galdetu. Aktiboki entzun behar diogu, isilik, inongo epaiketarik egin gabe.

Suizidio-ideiak ez ditugu buru-nahasmenduaren sintoma bezala ikusi behar, baizik eta ondoezari aurre egiteko trebetasunen falta bezala, eta bizitzarekin konexioa galtzearen ondorio bezala.

“Osasun-sistemak prebentzio-neurrietan jarri behar du indarra, ondoeza patologizatu gabe”

Zer neurri har daitezke ondoeza, autolesioak eta suizidioa prebenitzeko?

Ondoeza behar bezala maneiatzeko, oso eraginkorra da eskoletan programa sozioemozionalak ematea. Programa hauetan trebatu egiten dira autoerregulazio emozionala eta erregulazio kognitiboa, eta balio interesgarriak lantzen dira, hala nola autoestimua, autoerrukia eta laguntza eskatzearena.

Programa hauek nerabezaroaren hasieran ematea gomendatzen da, unibertsalki suizidioa prebenitzeko neurririk eraginkorrenetarikoa direla frogatu baita. Kontua ez da emozio negatiboak ezereztea, baizik eta emozioen intentsitatea kontrolatzea. Izan ere, emozio hori zerbaiten seinale bezala ikus dezaket, zerbait identifikatzen laguntzen ari zait. Egoera zail baten seinale dela ulertzen badut, horrek prestatuko nau egoera horri erantzun hobe bat emateko.

Hezkuntza-sistematik harago, zer egin dezakete familiek eta osasun-sistemak?

Etxean, modu intimoagoan, gomendatuko nuke ondoezaren inguruko elkarrizketak normalizatzea, ez izatea horren beldur. Elkarrizketa txikiek bizitzak salbatzen dituzte.

Eta osasun-sistemak kasu zaurgarrienetan parte hartu beharko luke, modu eraginkor eta goiztiar batean, baina, betiere, ondoeza patologizatu gabe. Azken 15 urteetan bikoiztu egin da zerbitzu publikoetako psikiatra eta psikologoen kopurua, eta elikadura-portaeren nahasmenduak tratatzeko unitateak sortu dira. Baina, orain, osasun-sistemak prebentzio-neurrietan jarri behar du indarra, ondoezari hobeto aurre egiteko trebetasun horietan.

Jon García Ormaza

Osakidetzako mediku psikiatra da Zamudioko Ospitalean. Neurozientzietan doktorea da, eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean suizidioa ikertzeko arduraduna. Neurozientzietako eta osasun mentaleko ikertzailea da EHUn eta Biobizkaian.

Scroll to Top