“Potentzial handiko garaia da nerabezaroa”

Nahia Idoiaga Mondragon psikologoa da EHUko KideON ikerketa-taldean, eta ederki ezagutzen ditu nerabezaroaren garapena eta berezko ezaugarriak. Aurreiritziak eta beldurra kenduz gero, nerabezaroa potentzial ikaragarriko garaia dela dio. Garunaren garapena ulertzea gako ikusten du horretarako.

Kokatu dezagun nerabezaroa. Zer-nolako aldaketak izaten ditu pertsona batek nerabezaroan?

Pertsonok nerabezaroan edukitzen ditugun aldaketak bi talde handitan sailkatu daitezke. Alde batetik, aldaketa fisiko-biologikoak gertatzen dira: besteak beste, garapen sexuala. Bestetik, burmuinean ere hainbat aldaketa gertatzen dira, eta horrek eragin nabarmena dauka gure emozioak bizitzeko daukagun eran. Gure emozioak sentitzeko era aldatu egiten da, eta, ondorioz, sozializatzeko era ere aldatzen da. Ordura arte genuen bizitza erabat aldatzen da. Urte gutxian, metamorfosi moduko bat gertatzen da, eta helduaroko bizitzara egokitzeko prozesu batean barneratzen gara.

“Nerabezaroan metamorfosi moduko bat gertatzen da”

Gazteen garuna ulertu behar al da nerabezaroa ulertzeko?

Bai, guztiz. Garunaren aurrealdean, kortex prefrontala dugu. Horrek laguntzen digu arrazoitzen, bulkadak apaltzen, gauzak patxadaz hartzen. Baina, gaztaroan, kortex prefrontal hori oraindik ez dago guztiz garatua. Ez da erabat garatzen 25 urte izan arte, gutxienez.

Aldi berean, aldaketa fisiko eta sexualekin batera, garuneko sistema linbiko guztia aldatzen ari da, hots, erantzun emozionalak ematen dituen alderdia. Sistema linbikoa aktibatu egiten da. Orduan, nolabait, badaukagu emozioen edo sistema linbikoaren borborraldi bat, non emozioek askoz ere inpaktu handiagoa duten haiengan, emozionalki askoz ere intentsitate handiagoz bizi dituzten gauzak, garuneko sistema linbikoaren aktibazio horregatik. Eta, aldi berean, guztiz garatu gabeko kortex prefrontal bat dute arrazoitzeko, eta, beraz, oraindik ez dute lanabes nahikoa bor-bor dituzten emozio horiek apaltzeko, lasaitzeko, ordenatzeko eta gauzak patxadaz hartzeko.

Orduan, gazteak, trantsizio-fase horretan, erdibideko fase batean gelditzen dira nolabait. Oso momentu emozionala da haientzat, oso momentu bizia, eta aldi berean, ez daukate emozio horiek atontzeko tresna egokirik oraindik. Askotan esaten da: “Zer-nolako dramak egiten dituzten gazte hauek!”. Baina horrela funtzionatzen du da garunak.

Nola baldintzatzen ditu horrek?

Oso emozionalak direnez, askoz ere gratifikazio handiagoa bilatzen dugu emozionaltasun horretan. Gratifikazioak, sariak, errefortzuak eta esperientzia berriak bizitzeak askoz ere bizitasun handiagoz eta era positiboagoan bizi dituzte. Eta baita kontrara ere, jasotako zigorrek edo jasotako feedback gogorrek askoz ere eragin handiagoa dute haiengan.

Horregatik da nerabeentzat hain garrantzitsua besteen iritzia?

Hori da. Garrantzitsua da, emozio positibo eta negatiboek haiengan askoz ere inpaktu handiagoa daukatelako. Beren garunaren garapen-mailagatik. Like soil batek askoz ere inpaktu handiagoa du haientzat heldu batentzat baino.

Baina, aldi berean, emozio negatiboak ere oso biziak dira, min fisikoaren kanal beretik doaz. Bazterketa sozialak sortzen dien mina oso handia da, ez baitaukate guztiz garatuta kortex prefrontala, min hori nolabait balantzan jartzeko edo hausnarketa sakonago bat egiteko. Beraz, pertenentzia oso garrantzitsua da nerabeentzat, munduan kokatzeko era bat.

Zergatik ikusten dugu helduok nerabezaroa fase gatazkatsu baten moduan?

Fase gatazkatsu gisa ikusi dezakegu nerabezaroa helduok gure ikuspuntutik begiratzen ditugulako. Hau da, helduarorantz hurbiltzen ari den pertsona bat ikusten dugu gure aurrean, eta uste dugu guk bezala pentsatu eta sentitu behar duela. Baina jakin beharko genuke fisiologikoki ez dutela guk bezala pentsatzen eta sentitzen.

Gainera, nerabezaroan, bizitzan kokatzeko era berriak probatzen dira: norberaren arrazoien alde borroka egitea, arrisku batzuk hartzea, autoritateari aurre egitea… Eta, normalean, proba horiek inguru hurbilarekin egiten dituzte gazteek, bereziki familiarekin. Egoera gatazkatsu gisa bizi ditzakete familiek, ez badira jabetzen beharrezkoak direla nerabeen garapen osasuntsurako. Gazteek probak egin behar dituzte; etorkizunari aurre egiteko gai diren pertsona bihurtzeko, arriskuak hartu behar dituzte lehenengo. Eta arrisku horien parte bat etxean gauzatzen da. 

Eta horri gehitu beharko litzaioke gurasook nola bizi ditugun aldaketak. Umezaroa, batzuetan gogorra izan arren, normalean maitasunez betetako aroa da. Gurasoak gara beren erreferente nagusiak, eta baldintza gabe maite gaituzte. Baina hortik pasatzen gara erreferente nagusi ez izatera, egun batetik bestera beren maitasuna beste norabait zabaltzen dela ikustera… Eta gure posizioa galtzen dugu, lehentasunezko posizio hori. Eta hori gogorra da gurasoontzat.

Zer gertatzen da nerabeekin gure kulturan?

Ulertu behar dugu gaur egun, nerabezaroaren definizio biologiko-fisiologikotik haratago, nerabezaroa luzatzen ari garela faktore sozialengatik. Alde batetik, haurtzaroan geroz eta jarrera helduagoak ikusten dira alor batzuetan. Adibidez, neskatoen sexualizazioa ikusten ari gara, geroz eta arinago hasten direlako erreferente nerabeak ikusten, sare sozialetan.

Eta, beste alde batetik, helduarora iristean, emantzipazioa geroz eta beranduago dator. Berez, nerabezaroak pertsona guztiz autonomo eta emantzipatu baten sorrerarekin amaitu behar luke, baina, hori geroz eta zailagoa denez, nerabezaroaren fasea luzatzen ari da gure gizartean.

Zer beste ondorio ditu garunaren garapen berezi horrek nerabezaroan?

Nerabezaroa, pertsonaren garapenean, une kritiko eta potentzial handikoa da. Azken finean, ikasteko eta esperimentatzeko garaia da, eta horretarako, garuna plastikotasunez beteta dago: sortzeko gogoa dute, esploratzeko gogoa, mundu berriak ezagutzeko gogoa.

Haurrak garenean, neuronen arteko konexio pila ditugu garunean, eta nerabezaroan sartzen garenean, konexio horietatik asko desagertzen hasten dira. Zergatik? Bada, baliagarriak zaizkigunak aukeratzen ditugulako, etorkizunean erabiliko ditugunak. Potentzialtasun handiko unea da, beraz. Une horretan erabakitzen da zein konexio erabiliko ditugun eta zein ez, eta aukeratutako horiek garatu eta indartzen dira.

Beraz, garrantzitsua da garai horren potentzialtasuna ikustea, eta oraindik ezagutzen ez duten mundu berri hori esploratzen laguntzea, beren ondoan egonez.

Garunaren plastikotasun horrek zer beste aukera zabaltzen ditu?

Nerabezaroan oso garrantzitsua da ohitura osasuntsuak hartzea eta sozializazio-mailan haiekin balioak lantzea. Bestela, zer gertatuko da? Etorkizunean landu beharko dituztela, baldin eta balio positiboak dituen pertsona osasuntsua izan nahi baldin badugu, eta askoz ere zailagoa izango da hori gero, nerabezaroa plastikotasun handiko garaia baita, gauza berrietara egokitzeko erraztasuna ematen duena.

Heldu bezala, askoz ere gehiago kostatzen da garapen morala, edo identitatearen eraikuntzan edo autoestimuan eragitea. Nerabezaroan, norbere etxeari eusteko jartzen ditugun zimendu horiek askoz ere eragin handiagoa izango dute etorkizuneko ohituretan.

Nahia Idoiaga Mondragon

Psikologiako doktorea da, eta EHUko ikertzailea KideOn ikerketa-taldean. Bilakaera eta Hezkuntzaren Psikologia departamentuko irakaslea da Bilboko Hezkuntza Fakultatean. Hauek ditu ikerketa-lerro nagusi: feminismoa, haur eta gazteen ongizatea eta egoera kalteberan dauden kolektiboen inklusioa.

Scroll to Top