“Naturak estresa murrizten eta arreta berreskuratzen laguntzen du”

Nerea Lertxundi Iribar psikologiako ikertzailea da EHUn. Naturak haur eta nerabeen garapenean eta osasun mentalean duen eragina ikertzen du. Gero eta ebidentzia zientifiko gehiagok diote natura atseden neurokognitiborako lekua dela. Beraz, gazteen osasun mentalerako elementu gakoa dela uste du Lertxundik. Une honetan, EHUko Basque Environmental Health Research Group-eko kozuzendaria da.

Nerea, nola eragiten du naturak osasun mentalean?

Hainbat eredu teoriko daude naturaren eta osasunaren arteko harremana azaltzeko; osasuna, oro har, eta osasun mentala zehazkiago. Azken urteetan indar gehiena hartu duen eredua Alemaniatik dator.

Alde batetik dio naturan murriztu egiten direla hirietan kaltegarriak izaten diren faktore batzuk, hala nola airearen kutsadura, gehiegizko beroa edo zarata bera. Horiek desagertzeak berak onura eragiten du osasunean. Baina, gainera, badira gure gaitasun batzuk naturarekiko harremanean indartzen direnak: adibidez, aktibitate fisikoa areagotzen da, eta, era berean, kohesio soziala handitzen da naturarekin harremanetan gauden momentuan, elkarrekintza sozialak errazago egiten direlako.

Baina bestelako onurak ere ekartzen ditu maila psikologikoan: estresa murrizten eta arreta berreskuratzen laguntzen du.

Hainbat ikerketek agerian jarri dute naturaren gabeziak zuzenean eragiten duela haurren garapenean, ezta?

Bai, azken urteetan, gero eta ebidentzia gehiago daude, erakusten dutenak naturarekin dugun harremanak haurren garapen neuropsikologikoan eragiten duela. Gure taldeak duela gutxi egindako ikerketa batean ikusi dugu, naturarekiko zenbat eta gertutasun handiagoa izan, orduan eta lan-oroimen handiagoa dutela sei eta zortzi urte bitarteko haurrek.

Lan-oroimenaren errendimendua izango litzateke egunerokoan edozein aktibitate burutzeko behar dugun oroimena, iraganeko eta momentuko informazioa elkarrekin uztartzen dituena. Bada, lan-oroimenaren errendimendu handiagoa dute naturan ohikotasunean egoten diren haurrek.

Zer onura gehiago dakartza natura gertu izateak?

Badira bi hipotesi azaltzen dutenak nola eragiten duen maila psikologikoan natura gertu izateak:

Alde batetik, gure egunerokoan estimulu asko dauzkagu, eta gure arretaren parte handi bat kontsumitzen digute gehiegizko estimuluek. Naturan egoteak estimulu horiek sortzen diguten estresa murriztu egiten du, exijentzia-maila hori murriztu egiten da. Estimulu-kopurua murrizteak berak fisiologikoki aldaketa esanguratsuak eragiten ditu. Adibidez, kortisol-maila jaisten da. Baina maila kardiobaskularrean eta maila muskulu-eskeletikoan ere aldaketa sakonak gertatzen dira.

Bestetik, ikusi da, naturan gaudenean, pentsamendu positiboak areagotzen direla, eta negatiboak blokeatzen direla. Horrek atseden neurokognitiboa deitzen den egoera batera eramaten gaitu.

“Gazteek identitate indartsuago bat eraikitzen dute naturarekiko kontaktu handia dutenean”

Paisaiarekiko atxikimendua ere sortzen omen dugu, ezta?

Bai, paisaiarekiko lotura emozional handia dugu gizakiok, eta honek zuzenean laguntzen du gure identitatearen eraikuntzan. Dakigun bezala, identitatearen-eraikuntza oso-oso lotuta dago gure ongizate psikologikoarekin, eta ikusi denez, identitate indartsu bat eraikitzen da naturarekiko kontaktu handiagoa dugunean. Berebiziko garrantzia du honek haur eta gazteen kasuan.

Gizarte osasuntsu bat eraikitzeko, zer garrantzia izan dezake naturarekiko konexioa berreskuratzeak?

Naturarekiko konexioak osasunean duen eragina kontuan hartuta, oso garrantzitsua da kendu ditugun naturagune horiek guztiak berreskuratzea. Gugan estimuluak murriztu eta estresa txikitzea lortuko litzateke. Ondorioz, arreta berreskuratzeko gaitasuna eta lasaitasun neurokognitibo hori berreskuratuko genuke. Ikusita nola handitzen ari den estresa eta ondoez emozionala haur eta gazteen artean, hausnartzeko modukoa da ez ote dugun naturara gerturatu behar.

Gero eta hiritarragoak gara, ordea, eta gero eta urrunago dugu natura

Naturaren eta hirien arteko harremana ulertzeko, aurreko mendera joan behar dugu, hor izan baitzen aldaketa disruptiboena. Argi dagoena da aurreko mendean naturari espazioa kendu diogula, eta urbanizazioari eta automobilari indar gehiegi eman diogula, paraleloki.

Dena den, esango genuke, azken 20-30 urteetan, kontzientzia handiagoa dagoela hiri-osasun kontzeptuari dagokionez, eta lan asko egiten ari dela, nahiz eta oraindik asko falta zaigun naturagune horiek berreskuratzeko.

Nola berreskuratu dezakegu galdu dugun naturarekiko harreman hori?

Uste dut, azken urteetan, naturarekiko kontaktua berreskuratzeko prozesu batean abiatu garela. Horren adibide ditugu Gasteiz bera eta Bartzelonako Super Sagarren proiektua. Zentzu honetan, uste dut oso garrantzitsua dela bide horretatik jarraitzea eta kontzientzia hori oraindik ere gehiago handitzea. Batez ere, kontutan hartuta naturarekiko kontaktuak populazio zaurgarrienei eragiten dien efektu positiboa.

Oso garrantzitsua iruditzen zait, haurren kasuan, ikastetxeen inguruak berdegune handiak izatea. Eta maila sozioekonomiko baxuko pertsonei espazio berde gehiago eskaintzea ere ezinbestekoa da.

Jarraitu irakurtzen

Nerea Lertxundi Iribar

Psikologian doktorea, EHUko ikertzailea eta irakaslea, eta Basque Environmental Health Research Groupeko zuzendarikidea. Ingurumeneko faktoreek haur eta nerabeen garapen neuropsikologikoan, ongizate psikologikoan eta osasun mentalean duten eragina ikertzen du.

Scroll to Top