“Mugikorren eta sare sozialen atzean dauden enpresek marra gorri bat gainditu dute: gure gazteen osasun mentala urratu dute”

Altxa burua! mugimenduaren aurpegi ezaguna da Telmo Lazkano, eta Gazte eta Haur Ministerioak Ingurune digital seguruak sortzeko berriki sortu duen aditu-batzordeko kidea. Mugikorren eta sare sozialen ezagutza sakona du, eta konbentzituta dago industria horren zirrikituez jabetzea ezinbestekoa dela gizarteak begiak irekitzeko eta mugikorren adikzioari aurre egiteko. Argi hitz egiten du: “Ezagutza izan ezean, ez gara erabiltzaileak izango, erabiliak baizik”.

Gazteen osasun mentalaz hitz egitean, ezinbestekoa da telefono mugikorrez eta mugikorren atzean dauden enpresa teknologiko erraldoiez hitz egitea. Zer dago mugikor baten atzean?

Gazte bati mugikorra ematen diogunean, ondo ezagutu behar dugu mugikorren eta erabiltzen dituzten aplikazioen negozioa. Alegia, jakin behar dugu pantailaren atzean zer dagoen, pantailaren aurrean jarri aurretik.

Ea gizartean ematen den dinamika hobeto ulertzen laguntzen duen honek. Produktu bat erostera goazenean, normalean mesfidantza bat sortzen zaigu, nahikoa ona ote den –kalitate ona duen, garantia duen, jatorri etikoa, erosoa den…–. Kezka hori sortzen zaigu, neurri handi batean, produktu hori ordaindu egin behar dugunean. Baina zer gertatzen da produktu hori dohainik eskaintzen zaigunean? Mesfidantza hori desagertu egiten da eta fidatu egiten gara. Kezkarik gabe hartzen dugu. Horixe gertatzen da mugikorrek eskaintzen dizkiguten zerbitzu horiekin guztiekin.

Bitxia da. Dohainik eskaintzen zaigunean, mesfidantza hori areagotu beharko litzateke. Zergatik eskaintzen dizkigute dohainik sortzen eta mantentzen hain garestiak diren produktu horiek guztiak? Edo nola liteke, dohainik eskainita, enpresa horiek gaur egun munduan dauden enpresa aberatsenen artean egotea? Inork ez du zuzenean zentimo bat ere ordaintzen Whatsapp edo TikTok erabiltzeagatik, ezta? Beraz, nola ari gara ordaintzen? Oso esapide ezaguna dago horren atzean: produktua ordaintzen ez duzunean, zu bihurtzen zara produktu. Eta horrek ondorioak ditu.

“Pantailaren aurrean ematen ez dugun segundo bakoitza galerak dira enpresa teknologiko erraldoientzako”

Zertan datza negozioa zehazki?

Enpresa horien negozioa “atentzioaren ekonomia” izenez ezagutzen da. Zenbat eta denbora gehiago eman mugikorraren aurrean, are eta informazio gehiago eskuratzen dute pertsona horren inguruan, eta, ondorioz, manipulazio- edo eragin-ahalmen handiagoa lortzen dute. Hori da, hain zuzen, gero salduko dena. Pantailaren aurrean ematen ez dugun segundo bakoitza galerak dira enpresa horientzako, edo errentagarri bihurtu ezin duten inbertsio bat.

Gure atentzioa finitua denez, sektoreko enpresa guztiak gure atentzioa lortzeko lehia sutsu batean murgilduta daude. Eta, horretarako, eskura dituzten teknika teknologiko eta psikologiko eraginkorrenak jartzen dituzte martxan.

Meta enpresaren kasuan, 2.900.000.000 erabiltzaile aktibo baino gehiagoz hitz egiten ari gara, eta, beraz, negozio oso-oso errentagarria da. Apple bera, 2022an, Erresuma Batuko BPGa baino aberastasun handiagoa sortu zuen historiako lehenengo enpresan bihurtu zen. Ez da nolanahiko kontua.

Horretarako, Interneten egiten dugun ekintza oro biltegiratu egiten dute, eta Interneten egiten ez ditugun hainbat gauza ere bai; adibidez, geolokalizaziotik, kameratik eta mikrotik sartzen zaien informazioa. Informazio hori datu-zentro batzuetara bidaltzen da. Datu-zentro horietan, informazio hori guztia sistematizatzen da, eta logika algoritmikoa aplikatzen zaio. Alegia, jarraibide batzuk aplikatzen dira norbanako hori pantailaren aurrean denbora luzeagoan mantendu dadin.

Metodo induktibo-deduktibo bat aplikatzen da horretarako. Induktiboa zein zentzutan? Nire kasuan, ni, Telmo, oso ondo ezagutzen naute: badakite zein diren nire pasioak eta nire ahuleziak, baina oso ondo dakite, baita ere, nire ezaugarri antzekoak dituzten erabiltzaileekin zerk izan duen ondorio positiboa beraien arreta eskuratzeko edo salerosketa bat gauzatzeko eta zerk ez duen izan. Beraz, niri buruz dakitena (induktiboa) eta nire antzeko ezaugarriak dituzten milioika pertsonen inguruan ikasitakoa (deduktiboa) aplikatuko didate, eta, teknika teknologiko eta psikologiko oso landu bate bidez, eduki zehatz bat bidaliko didate, oso aproposa, ni pantailaren aurrean mantentzeko edo salerosketa bat gauzatzeko.

Baina bigarren helburu bat ere badute, data brokers motako enpresen bidez (Equifax, Acxiom…) egiten dutena. Gure informazio hori guztia sailkatzen dute, paketatu, eta gure izen-abizenak zerrenda zehatz batzuetan sartzen dituzte. Izan daiteke ezkertiarrak garela, diabetikoak, bananduak edo dena delakoa, eta pakete horiek hirugarren bati saltzen dizkiote. Edonor izan daiteke hirugarrengo hori: informazio-agentziak, marketin politikoko agentziak, kontratazioetan dauden enpresak, mediku-aseguru pribatuak eta abar. Hortik dator diru-iturri nagusietako bat. Publizitate hutsa baino askoz ere harago doa.

Eta nola sortzen du mugikorrak menpekotasun hori, zer teknika baliatzen dituzte?

Teknika teknologiko zein psikologikoak baliatzen dituzte: teknologikoei dagokionez, koloreen erabilera estrategikoa egiten dute, gugan emozio jakin batzuk sortzeko eta hortik ekintzak bideratzeko; etengabeko notifikazioak bidaltzen dizkigute, amuan erori eta berriz sartzeko; Interneten iragarki pertsonalizatuak jartzen dizkigute, justu gure atseden-momentuan mugikorrean sartzen garen une berean, eta scroll amaigabera bideratzen gaituzte, gure garunak zailtasun handia duelako plazera sortzen digun zerbaiten aurrean “nahikoa da” esateko.

Gainera, bi teknika psikologiko oso garrantzitsu jartzen dira martxan. Lehenengoa, logika algoritmikoaren erradikalizazioa da. Alegia, gero eta eduki gogorragoak erakustea, gauza arriskutsuei edo negatiboei arreta handiagoa jartzen diegulako. Adibidez, hegazkinen lurreratzeak ikustea gustatzen bazait, azkenean istripuak erakutsiko dizkit, nire arreta mantentzeko. Logika algoritmiko horrek oso ondo daki zer joera duen gure garunak, eta hori ustiatzen du.

Bigarrena, burbuila-efektua da: gure aurreiritziekin bat datozen edukiei arreta gehiago eskaintzeko joera dugu gizakiok. Adibidez, ezkertiarra baldin banaiz, ezkertiar ideiak bultzatzen dituzten bideoak kontsumituko ditut errazago; edo begetarianoa banaiz, gai horren inguruko edukiak kontsumituko ditut. Algoritmoaren eraginez, hiru aste pasatutakoan, kontsumoaren arabera, nire ideien burbuila itxi batean biziko naiz: jasoko dudan edukiaren % 90 inguru nire ideiekin bakarrik etorriko da bat. Eta, gainera, logika algoritmikoak gero eta erradikalago bihurtuko du eduki hori. “Nire ideien” burbuila gero eta erradikalago batean murgilduta biziko naiz, konturatu gabe, eta errealitatearekiko dudan pertzepzioa moldatuko dit, erabat. Horrela ulertzen da, neurri handi batean, gaur egun gizartean bizi dugun polarizazio sutsua. Izan ere, zer da egia? Egia da errealitatearekiko dudan pertzepzioa, eta, ez badut besterik jasotzen, jasotzen dudan hura identifikatuko dut egia absolutu moduan.

Teknika horien ondorioz, YouTube-ren kasuan, adibidez, erabiltzaileen % 70ek  kontsumitzen duen edukiaren %99.99 erabiltzaileak berak ulertzen eta kontrolatzen ez duen logika algoritmiko baten bitartez jasotzen du.

Teknika psikologiko gehiago ere erabiltzen dira?

Bai, hirugarren teknika psikologiko bat ere erabiltzen da. Hitz gutxitan esanda, estimulu bat eta erantzun bat ondo konbinatuta, jokabide berri bat sor daiteke pertsonengan. Notifikazioen erabilera sistemikoan aplikatzen da modu eraginkorrenean teknika hau, baina baita onarpen sozialaren arloan ere. Onarpen sozialean, estimulu hori izango litzateke errekonozimendu sozial bat (like-kopurua adibidez), eta erantzuna, aldiz, horrek sortzen duen ongizatea (dopamina-dosia); hori ondo uztartuta, jokabide berri bat sortu daiteke.

Adibide bat jar dezakezu?

Gogoratu zer sentitzen genuen haurrak ginenean, gure gurasoek esaten zigutenean “zein harro gaude zutaz”, edo irakasle batek esan zigunean “oso ondo zoaz, jarraitu horrela”. Errekonozimendu sozial horrek sortu zuen dopamina-txute txiki batdago sentitu genuen ongizatearen atzean. Sare sozialetara aplikatuta, errekonozimendu sozial hori like eta jarraitzaile kopuruak dira, adibidez. Dopamina-dosi horrek eragin dezake jokabide berri bat sortzea azkenean.

Adibidez, demagun 12 urteko neskatxa batek dantza-bideo bat grabatu duela, umeentzako kanta bat dantzatuz. TikTokera igo du, eta bertan 30 like lortu. Horrek poza ematen dio, eta hiruko ongizate-maila bat sortzen dio. Jendeari gustatu zaio, eta bera pozik dago. Baina logika algoritmikoak laster erakutsiko dizkio arrakastatsuenak izan diren bideoak, eta ez litzateke harritzekoa izango gaztetxo horrek bere estiloan dantzatzeari uztea eta reggaetona dantzatzen hastea. Hori egitean, askoz ere like-kopuru handiagoa lortuko du. Demagun 10.000 like lortzen dituela. Eta horrek zazpiko ongizate-maila bat sortzen dio. Hobeto sentitzen da, eta konturatzen da sare sozialetan badagoela lege ez idatzi bat, honela dioena: “More skin, more likes“. Zenbat eta azal gehiago erakutsi, orduan eta like gehiago jasoko dituzu.

Dinamika horretan murgilduta eta logika algoritmikoak bideratuta, ez litzateke harritzekoa izango azkenean neska horrek bideoak askoz ere modu sexualizatuago batean grabatzea, horren ondorioz 30.000 like lortzea, eta horrek 20ko ongizate-maila iheskor eta huts bezain adiktiboa sortzea. Zalantzarik izanez gero, sartu TikToken, eta hor duzue erantzuna.

Emozioek eta esperientziek pertsonen jokabidea baldintzatzen dute. Hortaz, zer gerta daiteke gure gazteek, eta baita guk ere, horrenbeste denbora ematen badugu mugikorraren aurrean? Hausnartu beharko genuke gazte horrek zer ikusi duen etxean txiki-txikitatik: familia bat pantaila batera itsatsita?, mundu bat pantaila batera itsatsita?

Serioski pentsatu beharko genuke: nire erabilera, heldu bezala, eredugarria izan da? Txikitan, jan nahi ez zuenean edo negarrez ari zenean, nork edo zerk lasaitu du: gurasoaren presentziak edo pantaila baten presentziak? Ondorioz, gerora, zer bilatuko du bere emozio deserosoak lasaitzeko? Bost edo sei ordu ematen baditu mugikorrera itsatsita, zer bilatzen du bere errealitatean ez duena? Arreta behar du, agian?

Like-en bilaketa sutsu baten murgilduta badago, nola dago bere autoestimua? Asperdurari dagokionez, berriz, haur batek gaitasun naturala du lurrean makila bat aurkitzen duenean makila hagaxka magiko bihurtzeko… uzten baldin badiogu! Asperduraren aurrean pantaila ematen badiogu, ordea, sormena lantzeko baliabide bat kentzen ari gara. Noiz lantzen dugu sormena? Aspertuta gaudenean… Utzi al diegu aspertzen? Gogoeta egiteko moduko gaia da.

Gainera, kontuz, “mugikorren erabilera arduratsuaz” hitz egiten dugu. Hor jarri dugu arreta: ondo edo gaizki erabiltzen ote ditugun. Eta ez da zilegi erabiltzaileengan jartzea ardura osoa, ez baita teknologia neutro bat. Diseinu adiktiboa duen produktu batez hitz egiten ari gara.

Garatzen ari den garun batek ez du produktu adiktibo bati aurre egiteko gaitasunik, eta, beraz, ondorioak pairatzeko arrisku handiagoa izango du: jokabide arazoak zein psikologikoak, arreta-gaitasun gabezia, ziberjazarpena… Kontuz “erabilera arduratsua” kontzeptua erabiltzearekin.

“Mugikorrak eta sare sozialak gure emozioak anestesiatzeko erabiltzen ditugu”.

Zer ebidentzia zientifiko dauzkagu gaur egun, jakiteko mugikorrek edo sare sozialek kalte egiten dutela?

Mugikorren eta sare sozialen inguruan sakonki ikertu da, eta gaur egun baditugu ebidentzia sendoak esaten dutenak ez direla produktu egokiak nerabezaro osasuntsu bat izateko. Nahiz eta hainbat ondorio positibo aurkitu daitezkeen kasu batzuetan, ez dituzte inondik inora konpentsatzen arrisku eta albo-ondorio kaltegarri potentzialak.

Ditugun ebidentzia epidemiologiko eta akademikoez gain, esanguratsua da enpresa teknologikoek berek ere onartua dutela beren produktuek kalteak eragiten dituztela erabiltzailearengan. Hor dago, adibidez, Facebook-en barne-txostena –Facebook files–, Frances Haugen langile ohiak argitara atera eta The Wall Street Journalek argitaratu zuena. Bertan, Metak onartzen zuen bere produktuek eragin kaltegarria zutela erabiltzailearengan eta, batez ere, adingabeen osasun mentalean. Nerabeentzat kaltegarriak direla onartzen zuen, eta datu hauek jasotzen zituen: AEBko nerabeen % 6k eta Erresuma Batuko nerabeen % 13k Instagramen erabilerarekin lotzen zituzten izandako pentsamendu suizidak; nerabeen % 32ri bere gorputzen inguruko autokontzeptu okerragoa garatzea eragin dio Instagram erabiltzeak; eta % 17ri elikadurarekin harreman gatazkatsuagoa izatea eragin dio. Hori guztia jakin arren, ez zuten ezertxo ere egin, beren negozio-eredua arriskuan ez jartzeko.

Zer ardura legal dute enpresa teknologikoek honetan?

Mugikor eta sare sozial guzti horien atzean dauden enpresek marra gorri bat gainditu dute, gure txikien osasuna urratu baitute. Baina gaur egun legeak dio enpresa horiek ez dutela inolako erantzukizunik beren produktuen ondoriozko inongo ekintzatan, erabiltzailearena dela erantzukizun osoa, eta erabiltzaile adingabeen kasuan, gurasoarena. Paradigma berri baten aurrean gaude.

Telmo Lazkano Muga

Osasun eta hezkuntza digitalean aditua da. Haur eta Gazteen Ministerioak ingurune digital seguruak sortzeko duen aditu-batzordeko kidea da. “Nerabeen garrasia” liburuaren egileetako bat da, Maitane Ormazabalekin batera. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adikzioen arloko jardunbide onenaren saria eman zion (2022-2024).

Scroll to Top