“Mugikorren arazoa osasun publikoko arazo bat da dagoeneko”

Erraldoi teknologikoek negozioa egiteko erabiltzen dituzten estrategia psikologikoak eta teknologikoak ikusita, ez da harritzekoa gero eta gazte gehiagok izatea mugikorrarekiko eta sare sozialekiko adikzioa. Telmo Lazkanok gutako bakoitzak gailu horiekiko harreman osasuntsua izateko gakoak eman ditu.

Zer ematen die mugikorrak gazteei pantailan mantentzeko amu gisa?

Mugikorrek gazteei, helduei bezalaxe, hamaika aukera eskaintzen dizkie: izan daiteke maitasuna aurkitzeko bide bat; elkarren berri izateko aukera; gure emozioak kudeatzen ez dakigunean, emozio deserosoak ez sentitzeko eta gure burua anestesiatzeko modurik azkarrena; gure fisikoa aldatzeko nahi hori betetzea, asperduraren irtenbide errazena… Baina, nerabeen artean, onarpen sozialaren bilaketa ustiatzen dute mugikorrarekin batik bat: “komunitatea” –taldearen parte izatearen beharra–, “jarraitzaileak” –onartua izatekoa–, “harremanak” –lagunak izatekoa–… Nerabeen “beharrak” ustiatzen dira sistemikoki.

“Fikziozko errealitate horrek frustrazio handia ekartzen die nerabeei”

Sare sozialek, batez ere argazkiak eta bideoak daudenez, gure fisikoari eta haren bitartez erakusten dugun errealitateari sekulako garrantzia ematera eramaten gaituzte. Ondorioz, benetan bizi ez dugun errealitate bat erakusten dugu sare sozialetan, izan iragazki estetikoak erabiliz, izan bizitza zoriontsua izango bagenu bezalaxe jardunez. Fikziozko errealitate horrek frustrazio handia ekartzen die nerabeei, identitatearen eta autoestimuaren eraikitze sutsu batean murgilduta daudenean, justu.

Arrakala handi bat sortzen da nire benetako niaren eta sareetan izan behar dudan ni horren artean: ez naizen zerbait erakutsi behar dut onartua izateko, baina, era berean, badakit ez naizela inoiz iritsiko hori izatera. Horrek eragiten du norberaren konplexuak areagotzea eta berriak ere azaltzea. Autokontzeptu zalantzagarriz betetzen da nerabea, eta besteen iritziak norberarenak baino garrantzia handiagoa hartzen du bere identitatearen eta autoestimuaren eraikitze horretan.

Fikziozko errealitate horrek, zeharka, galdera arriskutsu bat sortzen du nerabearen subkontzientean: ni ote naiz horrelako bizitza zoriontsua ez duen pertsona bakarra? Eta horri hurrengo galderak jarraitzen dio: zer ari naiz gaizki egiten?

Egoera berri baten aurrean gaude. Batek esan dezake beti existitu direla “popularrak” zirenak eta “apalagoak” zirenak. Eta egia da, hori ez da aldatu. Zer aldatu da, orduan? Funtsezko gauza bat: autoestimua onarpen sozialera lotua egon da beti, baina, gaur egun, onarpen sozial hori estuki lotua dago etengabeko like-, jarraitzaile- eta iruzkin-kopuruetara. Zehazki neurtua eta une oro guztiei erakutsia dago. Sekulako estres emozionala ekartzen du. Oso garrantzitsua da hori ulertzea. Hala ulertuko dugu zergatik dauden geroz eta pertsona gehiago, beraien bizitzak benetan bizi beharrean besteei erakusteko diren bizitzak bizitzen. Gainera, alde handia dago batetik bestera. Horren handia non, hori ulertu gabe ezin baititugu ulertu azken hamarkadan gizartean azaldu diren jokabide berriak.

Eta nola diren gauzak, datuek argi eta garbi erakusten dute inoiz baino konektatuagoa den mundu honetan inoiz baino bakardade-sentimendu handiagoa dugula. Fisikoki jendearengandik gertu gaude, baina emozionalki oso urrun, bakoitza bere burbuila digitalean murgilduta.

Nola identifika daiteke mugikorrarekiko harreman ez-osasuntsu bat, gazte zein helduengan?

Mugikorrarekin harreman ez osasuntsu bat izateak esan nahi du gu ez garela erabiltzaileak, baizik eta erabiliak garela. Hiru gako nagusi aipatuko nituzke:

Hasteko, abstinentzia-sindromeaz hitz egin behar dugu. Zer gertatzen zait mugikorra eskura ez dudanean, urduri sentitzen naiz, haserrekor, segurtasunik gabe? Eta, eskura dudanean, nahi gabe erabiltzeko joera dut? Sei-hamar minututik behin desblokeatzen dut mugikorra esna nagoen denboran? Erabilera hori beharrezkoa dut, benetan? Nor ari da nor erabiltzen?

Bigarren gakoa izango litzateke mugikorrak presentzia izatea behar ez den jardueretan. Adibidez, lanean, ikasten edo gidatzen ari naizenean. Esnatu eta mugikorrari esaten diot “egun on”, nire bikoteari baino lehenago? Lo-orduak kentzen dizkit, edo gosaltzeko denbora?

Eta azkena, konturatzea mugikorrarekin dudan harremana ez dela osasuntsua, baina aldatzen saiatu eta ez lortzea.

Mugikorren afera honi nola egin diezaiokegu aurre?

Kontuan hartu behar dugu mugikorren arazoa osasun publikoko arazo bat dela, gizarte osoari eragiten diona. Beraz, lau zutabe jorratuko nituzke arazo global honi heltzeko:

Lehendabizikoa izango litzateke mugikorra eskuratzeko adina atzeratzea. Gazteari mugikorra uzten diogunean, ez diogu ate bat irekitzen mundura. Alderantziz, munduari irekitzen diogu ate bat gure txikiarengana iristeko. Hortik sartzen dira enpresa teknologikoen interes eta helburuak, pornografiaren industriarenak, pedofiloenak eta abar luze bat. Hori dena, gazte horrek bere autoestimu eta identitate sendo bat izan aurretik. Alegia, oso zaurgarria den momentu batean, prestatuta ez dagoen momentu batean. Offline munduan oso ondo prestatuta egon behar du pertsona horrek online munduan eraginkortasunez erantzuteko, baita nerabezaroan nekez izaten den garunaren heldutasun-maila bat izan ere.

Bigarrengo zutabea izango litzateke heziketa holistiko bat jorratzea. Adina atzeratzeak bakarrik ez du harreman osasuntsu bat ekarriko. Lagunduko du, baina bestelako heziketa bat ere behar da: pantailaren atzean zer gertatzen den jakin behar du gazteak, zorrotz, pantailaren aurrean jarri aurretik. Oso ondo jakin behar dute industria honek nola funtzionatzen duen eta zer estrategia baliatzen dituen, eta zein diren beren eskubideak, arriskuak eta erabilera egokiak. Bestela, ez dira erabiltzaileak izango, erabiliak baizik.

Hirugarrengo zutabea izango litzateke helduok eredu eta bidelagun egokiak izatea. Ezin diogu gure txikiari eskatu gu egiteko gai ez garen hori egin dezala.

Laugarrena, Industria honi aplikazio seguruagoak exijitzea. Dena ez da libre, ezin da negozioa egin haur eta gazteen osasunaren kontura. Marko juridiko orokor bat eman behar diogu, legislazio koherente bat behar da. Alde guztietatik heldu beharko zaio honi, eraginkorra izango bada.

Telmo Lazkano Muga

Osasun eta hezkuntza digitalean aditua da. Haur eta Gazteen Ministerioak ingurune digital seguruak sortzeko duen aditu-batzordeko kidea da. “Nerabeen garrasia” liburuaren egileetako bat da, Maitane Ormazabalekin batera. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adikzioen arloko jardunbide onenaren saria eman zion (2022-2024).

Scroll to Top