“Lehenengo belaunaldia da onartzen ari dena alderdi hauskor bat duela eta landu nahi duela”

Maitane Ormazabal psikologoa da, eta oso ondo ezagutzen ditu osasun mentalak ezkutatzen dituen zirrikituak. Guraso zein gazteekin hezkuntza-programak jarri ditu martxan Euskal Herriko herri eta eskola ugaritan, eta gazteen belaunaldi hau oso ausarta dela dio. Helduok astintzera etorri dira: “Orain arte, helduok bizi izan gara gizarte anestesiatu batean, non dena tapatzen genuen: lotsa, frakasoak eta guretzat deserosoak ziren emozio guztiak”. Garai berriak datoz.

Nola sentitzen dira gaur egungo gazteak? 

Egungo gazteen sentipen nagusia bakardadea da. Bakarrik eta ez-ulertuak sentitzen dira. Eta bi horien nahasketak isolatzera eramaten ditu. Gaztetan, gure autoestimua garatzen ari denean, baldintzatu egiten gaitu besteek ni nola begiratzen nauten, ulertzen ote nauten. Hor aurkituko dut neure burua. Baina, gaur egun, inoiz baino epaituagoak eta kritikatuagoak izaten ari dira. Zailtasun handiak izaten ari dira beren burua topatzeko. Zer gertatzen da? Nik ez badut neure burua topatzen, ezingo dut besteekin ere hartu-eman hori modu sanoan gauzatu.

Gainera, ez dira zerbaiten parte sentitzen, ez daude errotuta. Asko kostatzen ari zaie gizartearen, herriaren edo familiaren parte sentitzea. Une honetan, oso gizarte likidoa dugu, ez dago gauza sendo askorik. Eta, nerabezaroan, justu borbor ikaragarrian daudenean, lur sendo bat behar dute inguruan, sustraiak ondo sartzeko.

Baina gaur egun ezin dituzte sustraiak sendo sartu, eta inoiz baino bakardade handiagoa sentitzen dute. Eta xelebrea da, inoiz baino jende gehiago baitaukagu gure inguruan, inoiz baino konektatuago gaude. Baina bi kontzeptu nahasten ari gara: ez da gauza bera konektatua egotea edo harreman sakonak izatea. Harreman sakonak izatea da ni beste pertsona batekin harreman afektibo batean ikustea. Biok elkar ikusten dugu. Gaur egun, konektatzen gara, baina ez dugu afektibitate hori sortzen.

Hori guztia nahasten ari zaie gazteei une honetan: bakardade-sentimendua, entzunak ez izatea eta errotuta ez egotea.

Nola sortzen da deserrotze-fenomeno hori?

Landare batek bezala, guk ere sustrai sendoak behar ditugu lehenik, gero munduan hegan egin ahal izateko. Errotzeak identitatea eta segurtasuna ematen dizkigu; min emozionala badago, erro sendoek ekaitzei aurre egiteko gaitasuna ematen dute. Aldiz, deserrotuta bagaude, bizitzako ekaitzek erraz eraman gaitzakete. Gaur egun hau da gertatzen ari dena: landare ederrak kanpotik, baina errotze eta sustrai ahulekin. Inork ez ditu sustraiak ukitu, ikusi eta landu nahi. 

Erro txikietan hasten da dena: familia, kultura, komunitatea. Horiek sendo badaude, makrora joateko gai izango gara, bizitzako erronkak eta aldaketak jasateko barne sendotasuna izango dugu. Pertsonen oinarrizko loturak eta sustraiak dira osasun emozionalaren giltza. Erro sendoak, hego indartsuak.


Globalizazioak eta tokiko kulturek indarra galtzeak izan du zerikusirik deserrotze horretan?

Globalizazioak aukera eta konexio berriak eskaintzen dizkigu, baina, aldi berean, deserrotzeko arriskua dakar. Munduan hegan egiteko, ezinbestekoa da tokiko erroak sendotzea: hizkuntza, kultura eta komunitatearekiko lotura mantentzea. Sustrai sendoekin, globalizazioak ez du gure nortasuna ahultzen, baizik eta indartzen; nor garen argi izanik, makroan seguru eta sendo haz gaitezke.

Baina erroak landu gabe, pertenentzia-sentimendu sakon bat gabe, ez gara ezer handiago baten parte sentitzen. Gizarte likido honetan, norabiderik gabe galdu egin gaitezke, eta ekaitzek erraz eraman dezaketen landare bihurtu.

Beraz, bizitzea egokitu zaien testuinguruak okertu du gazteen osasun mentala?

Bai, orain arte, osasun mentalari buruz hitz egitean, txanponaren alde bakarrari begiratu diogu: zama guztia norbanakoarengan jarri dugu. Miren gaizki baldin badago, berea da zailtasuna eta berak konpondu behar du. Baina gaur egun beste begirada bat txertatzen hasi gara: testuingurua. Txanponaren bi aldeak dira, norbanakoa eta testuingurua. Uste duguna baino askoz ere eragin handiagoa dauka.

Izan ere, denbora guztian besteekin erlazionatzen ari gara: hor sortzen da gure identitatea, gure autoestimua eta gure nortasuna. Bizipenek gure geneen espresioa aldatzen dute, zuzenean.

Zein da gazte baten ohiko testuingurua?

Lehenengo elementua familia da, etxekoak. Haurrak garenean gure gurasoak dira erreferente nagusi eta ia bakarra. Zer gertatzen da nerabezaroan? Ia jainkotzat genituen guraso horiek bat-batean lurreratzen ditugula, haien gabeziez konturatzen garelako argi asko. Eta orduan, nerabea ere bere buruaz eta bere gabeziez jabetzen hasten da.

Hurrengo erreferenteak lagunak izango dira, nerabezaroan gurasoengandik distantzia bat hartzen dugunean. Beharrezkoa da distantzia hori hartzea, nire kideekin harreman estua izateko. Garrantzi handia du. 

Haien komunitatea handitzen doa: familia, lagunak, kuadrilla. Irakasleak ere sartzen dira. Gero auzoa, herria… eta sistema txikitik sistema handiago batean murgiltzen dira. Nerabeak sistema guztietan eragiten du, eta sistema guztiek eragiten dute nerabearengan.

“Mespretxatu egiten da nerabea, beldurra ematen digulako fase horrek”

Sistema horien eragina funtsezkoa da nerabea eraikitzen ari denean?

Bai, inoiz baino gehiago eragiten dute nerabezaroan. Haur izatetik heldu izateko trantsizio batean bizi dira. Nerabea dolu bat egiten ari da: haur izatetik heldu izatera doa, baina ez da ez bat ez bestea. Ez du bere burua aurkitzen, ez haurtzaroan ez helduaroan. Beraz, inoiz baino gehiago behar du helduen begirada.

Baina uste dut hor helduak galdu egiten garela, batzuetan. Aztertu behar dugu nola begiratzen diegun, nola entzuten diegun, nola erantzuten diegun…. Askotan ez diegu begiratu ere egiten. Mespretxatu egiten da nerabea, beldurra ematen digulako fase horrek. Eta gure begirada gehien behar duten momentua da, hain justu. Beti dira gizartean ahaztuenak. Haurren beharrak zaintzen saiatzen gara, baina nerabeenak ez.

Beren identitatea eraikitzen ari dira, ingurutik datozen input horiekin guztiekin. Badago galdera bat niri asko gustatzen zaidana: zer egiten ari naiz ni, heldu gisa, nire eraginaz jabetzeko? Ez neure burua zigortzeko eta errua gainera botatzeko, baina bai konturatzeko ea kalte egiten ari ote natzaion nerabeari.

“Nerabezaroa da gure begirada gehien behar duten momentua hain justu. Baina beti dira gizartean ahaztuenak”

Egungo gurasook eta helduok, oro har, jabetzen al gara gure eraginaz?

Gauza bat ulertu behar dugu: nerabeak bizitzari begiratuko dio gurasook berari begiratu diogun bezala. Gure ahotsa bere ahots propioa bihurtuko da bere garunean. Ondorioz, nola begiratu dioten, nola hitz egin dioten, halaxe egingo dio berak ere bere buruari. Horrela erlazionatuko da munduarekin. Pentsa zenbateraino den baldintzatzailea familia. Guztien artean, handiena.

Orain arteko belaunaldietako helduok ez dugu izan kontzientzia edo gaitasun nahikorik gure motxila emozional propioak lantzeko. Baina gazte-belaunaldi berria gauzak aldatzen ari da. Niretzat, oso gazte ausartak dira. Beren motxila hori hartu dute, ireki dute pixkatxo bat –edo nahi gabe ireki zaie–, eta esan dute: “zer da hau?”.

Nik ikaragarri sinesten dut nerabezaroan. Haurtzaroan ondoren, bizitzan dagoen momenturik garrantzitsuena da niretzat. Eta garai honetakoak oso ausartak izaten ari dira, zeren lehenengo belaunaldia baitira, belaunaldi oso bat, lau haizetara esaten ari dena: “nik alderdi hauskor bat daukat. Ez nago ondo. Gauza batzuk min ematen didate, barne-gatazkak ditut, eta horiei erreparatu nahi diet”.

“Irtenbidea beste leku batean dago. Hobe dugu helduok landu gure barne-gatazka propioak”

Zer gertatu da, ordea? Bada, barne-gatazka horietako asko helduenak direla. Ez dira gure seme-alabenak, edo ez, behintzat, gure nerabeenak bakarrik. Guk transmititutakoak dira. Gizartean gertatzen ari denaren sintoma bat besterik ez da nerabeen osasun mentalaren krisi hau.

Orain arte, helduok bizi izan gara gizarte anestesiatu batean, non dena tapatzen genuen: lotsa, frakasoak eta guretzat deserosoak diren emozio guztiak tapatzen espezialistak bihurtu gara. Eta gazte hauek ez daude gehiago tapatzeko prest. Alderdi horretatik, ausardia handia izaten ari dira.

“Gazteen mugimenduak helduok mugiarazi gaitu”

Eta zer gertatzen ari zaigu helduoi? Bada, haien mugimenduak gu ere mugiarazi gaituela. Eta eskerrak! Familietan kontzientzia sartzen hasi zaigu, eta gurasoak konturatzen hasi gara guk geuk landu behar ditugula gauzak, ez gure seme-alabek. Eta hemen adi, zeren, orain arte, ohitura izan dugu nerabeak espezialista batetik bestera bideratzeko. Baina, irtenbidea beste leku batean dago. Hobe dugu helduok landu gure barne-gatazka propioak. Hor dago benetako erronka. Horrekin, automatikoki, gure nerabearengan ere dena birkokatuko da.

Maitane Ormazabal Esnaola

Psikologoa da, eta Haur eta Gazteen Ministerioak berriki sortu duen ingurune digital seguruak sortzeko aditu-batzordeko kidea. Aholkularitza psikoemozionala ematen die gazte zein gurasoei, baita erakundeei ere (ZEOS programa). Nerabeen garrasia liburuaren egileetako bat da, Telmo Lazkanorekin batera.

Scroll to Top