Gazteen osasun mentalari buruz hitz egiten dugunean, adituek behin eta berriz aipatzen dute komeni dela begirada zabaltzea eta gizarteak duen eraginaz hitz egitea. Zer-nolako garrantzia dute kanpo-baldintzatzaileek nerabeen sexu-garapenean?
Kanpo-baldintzatzaileek eragin handia dute edozein pertsonarengan. Azkenean, besteen begiradapean sortzen dugu gure irudia. Zeresanik ez nerabezaroan, nortasuna sendotzen ari denean. Beraz, edozein pertsonaren garapenean berebiziko garrantzia daukate besteen begiradek, besteen komentarioek eta besteek bidaltzen dituzten mezuek eragin handia izango dute garapen horren norabidean.
Familiak eragiten du, lagunek eragiten dute, eta, batez ere nerabezaroan, irakasleek, ikaskideek eta komunikabideek eragiten dute. Guztiok eragiten dugu garapen horretan: gure begiradak, gure espektatibek…
Estereotipoei zorrotz jarraitzeak ez die zoriontasunik ematen gazteei; bai, ordea, gizartearekiko babesa
Esaterako, nola eragiten diete gizartean ezarrita dauden rol-estereotipoek?
Estereotipoak, azkenean, eredu itxiak eta oso estuak dira. Asko markatzen dute zer egin behar dugun. Beraz, askatasunik eza esan nahi dute, neurri batean. Edozein adinetan eragiten digute, baina nerabeei askoz ere gehiago: estereotipoei sendo heltzen diete, segurtasun falta dutelako askok adin horretan. Errazagoa da onartua izango den zerbait egitea zure bide propioa egitea baino.
Zure desirekin, zure nahiekin konektatzea beti da gizarteak zugandik espero duen horrekin talka egiteko aukera bat. Badaezpada ere, estereotipo horiei heltzen diete, modu erradikalean.
Besteen aurrean babesteko modu bat da. Besteek espero dutena egiten badut, ez didate hainbesteko minik egingo. Espero denetik ateratzen banaiz, zaurgarritasun-egoeran jar naiteke. Estereotipoak jarraitzeak ez du ematen zoriontasunik; bai, ordea babesa.
Nola eragiten diete genero-estereotipo horiek emakumeei eta nola gizonezkoei?
Modu ezberdinean eragiten dute, noski. Gorputzaren bidez bilatzen dute onarpena. Neskek edertasun-eredu konkretu batzuk bete behar dituzte, zama hori dute, eta mutilek gihartsuak bihurtu nahi dute, indartsuak eta seguruak direla transmititzeko. Gorputzaren bidez transmititzen dute gai direla haiengandik espero dena betetzeko.
Jokaera aldetik ere desberdin jokatzen dute, gizartean onartutako rolak direla eta: mutilek gehiagotan hartzen dute iniziatiba, dena dakitela demostratu behar dutelako. Neskak isilago beti, besteen zain, gizarte honetan diskretuak izan behar dutelako, ezinbestean.
Dena dela, fokua gazteengan jartzen dugu, baina helduok kokatzen gara gehiena rol horietan, eta helduok transmititzen ditugu.
Nerabezaroan pentsamendu abstraktua sortzen da, kritikarako gaitasuna handitzen da, harremanak aldatzen dira, gurasoengandik urruntzen dira…
Zer eragin du sexualitateak nerabeen garapenean?
Sexualitatea dimentsio pertsonal bat da, ernalketatik hil arte daukaguna. Gure eraikuntza-prozesuan garrantzia handia du sexualitateak, eta horretan parte hartzen dute aldagai fisikoek, hormonalek, psikologikoek, sozialek… Beraz, ez da nerabezaroan hasten den zerbait, hasiera-hasieratik duguna baizik. Gertatzen da aldatuz doala.
Beren gorputz berria ezagutzen eta gorputz berri horretan bizitzera moldatzen joan behar dute nerabeek
Nerabezaroan, ezaugarri bereziak izango ditu, aldaketa hormonalek eraginda sexu-hormonak aktibatzen direnean. Aldaketa fisikoak egiten zaizkigu ezagunenak, baina aldaketa psikologiko handiak ere eragiten dituzte: interes berriak azaltzen dira, pentsamendu abstraktua sortzen da, harremanak aldatzen dira, autonomia handitzen da, gurasoengandik urruntzen dira… Gurasoei kontra egiten hasten dira, kritikarako gaitasuna eta pentsatzeko modu berria dauzkatelako. Eta beren gorputz berria ezagutzen eta gorputz berri horretan bizitzera moldatzen joan behar dute.
Aldaketa hormonalek gogo-aldaketari eta portaerari ere eragiten diete?
Hormonek asko eragiten dute emozioetan ere nerabezaroan: emozioen intentsitatea handitu egiten da, eta beharrezkoa da heldu gisa hori ulertu eta kudeatzea. Jakin behar dugu garai horren berezko ezaugarri bat dela, askotan ez baitakite oso ondo zer gertatzen zaien. Hori ere ezagutu behar dute nolabait, ulertu ahal izateko eta kudeatzen ikasteko.
Emozio batzuk biziagotu egiten dira asko: lotsa, beldurra, haserrea… Haien kontrola eskuetatik joaten zaie. Baita poza ere. Eta, hori etxean nola ulertzen den, eta nola kudeatzen den, izan daiteke garapen normalaren momentuko ezaugarri bat, edo gerta daiteke ondo ez kudeatzea eta bestelako arazo batzuk sortzea.
Nahasmenduetan ere eduki dezake nolabaiteko eragina, ezta?
Bai, hori da.Nahasmenduak ez dira sortzen emozioen intentsitate horren kudeaketa okerragatik bakarrik, faktore gehiago ere badira, baina faktore eragile bat izan daiteke. Helduok umeei txikitan lagunduko bagenie beren emozioak ezagutzen eta adierazten, haiek kudeatzen ikasiko lukete. Prebentzio izugarria egiten ariko ginateke nerabezarora begira. Baina beren emozioak adierazten dituztenean esaten badiegu “zer tontakeria, ez haserretu!”, zer egingo dute haien emozioekin?
Nerabezaroan deskubritzen al dute sexua?
Sexua ez dute nerabezaroan deskubritzen, jaiotzez gara sexudunak. Haurrek txikitatik sumatzen dute sexualitatea, nolabait, beren dimentsio bat dela. Gorputza daukate, gozamena bilatzen dute, kontaktua bilatzen dute, eta hori guztia txikitatik dago. Elkar ukitu eta gozatzen dute.
Gertatzen dena da nerabezaroan piztu egiten dela besteekiko interesa modu erotiko batean, desirarekin, fantasiekin, eta plazera genitaletara gehiago eramanda. Baina ez dezagun ahaztu sexualitatea haurtzarotik dagoela, eta haurrek ere beren genitalekin disfrutatzen dutela, beren gorputzarekin eta besteekin.
Besteekiko desira pizten denez, garai honetan definitzen dira sexu-orientazioa eta desirak ere. Zer gertatzen da?
Bai, nerabezaroan bilaketa hori pizten da: nork pizten duen nire desira. Gertatzen dena da, askotan, haurrek eta nerabezaroan sartzen ari direnek, nahiz eta agian oraindik ez duten desirarik sentitu, ziurtzat ematen dutela heterosexuala izango dela beren desira hori, beste sexuko norbaitekikoa izango dela. Hori da ikusten dutena eta inguruan ontzat hartua dagoena.
Baina guk ez dugu erabakitzen nor gustatzen zaigun; eta beste zerbait sentitzen baldin badute, kosta egiten zaie, ez baitzen aukera bat beren buruan. Heteroarauak pisu handia du. Baina egia da gero eta gazte gehiago daudela prest beren desiraz hausnartzeko, eta beren desirari bide emateko.
Gero eta gazte gehiago daude sexualitatea askeago bizitzeko prest, baina ingurutik jasotzen duten mezuaren arabera sentituko dira aske hori bizitzeko, ezta?
Bai, azkenean, kanpotik jasotzen ditugun mezuek sentiarazten gaituzte onartu –garen moduan onartu– edo ez-onartu. Gazte batek sumatzen badu inguruak ez duela onartzen berak sentitzen duen hori, desio duen hori, mina sentituko du, sufrimendua egongo da. Sentituko du den hori ezin duela adierazi.
Nire inguruak onartzen banau naizen moduan eta naizenarekin, baita nire desioekin ere, askoz errazagoa izango dut hori modu libre eta positiboan bizitzea. Inguruan dagoenak baldintzatzen du guztiz bizipen hori.
Gazteak sufritzen ikusten ditugunean, beste alde batera begiratzen dugu askotan
Sexualitateari loturik, ezberdina dena epaitua eta zigortua izaten da askotan. Horrek sor ditzake identitate-arazoak?
Bai, ezberdina izateagatik zigortua izateak sufrimendu handia sortzen du. Identitate-arazoak sor ditzake. Baina ez pertsona horrek zalantzak dituelako bere identitatearen inguruan, bere desioen inguruan edo bere nortasunaren inguruan, baizik eta besteen begiradak eragiten diolako sufrimendu hori. Sentitzen du ez duela betetzen berarengandik espero zutena.
Baina jatorrian, arazoa, identitate-arazoa, ez dauka pertsona horrek; arazoa da nork begiratzen dion, nola begiratzen dion. Sufrimendua besteen begiradak sortzen dio. Eta, azkenean, barne-mina sortuko dio, begirada propioa ere besteen begiradarekin eraikitzen delako. Horrek eragin zuzena du osasun mentalean. Helduok begirada aldatu behar dugula uste dut.
Gainera, gaztea sufritzen ikusita ere, askotan beste alde batera begiratzen dugu. Iruditzen zaigu umekeria bat dela, edo adinaren kontu bat; dena esajeratzen duela. Baina hau argi adierazi nahi dut: haur batek —eta berdin dit txikia izatea— edo nerabe batek esaten digunean gaizki dagoela, edo ikusten dugunean ez dagoela ondo, ez dira umekeriak. Arreta jarri eta entzun egin behar dugu. Galdetu behar diogu, ulertzen saiatu. Eta ez epaitu. Helduok etengabe epaitzen ditugu, eta oso gutxitan entzun.
Gazteek sentitu behar dute espazio seguru bat daukatela
Eta uste dut nerabeek behar dutela ingurukoek entzutea eta sentitzen dutena balioan jartzea. “Urduri zaude?” Ez esan tontakeria bat denik horregatik urduri egotea. Urduri sentitzen da. “Zerbait egin dezaket laguntzeko?” Ez da jarrera berdina. Heldu moduan emozionalki sostengatu behar ditugu. Izugarrizko lana dugu horretan. Azkenean, sentitu behar dute espazio seguru bat daukatela, eta espazio horretan diren bezalakoak onartzen ditugula. Hori da espazio seguru bat edukitzea.