“Gazteei ez badiegu gorputzez, desirez, adostasunaz eta berdintasunaz hitz egiten, pornografia normalizatuko dute”

Nerabezaroa aldatzen joan da, garaiarekin eta gizartearekin batera. Testuingurua ez da oraingo helduek beren nerabezaroan ezagutu zutena, eta horrek beldurra sortzen du gurasoengan. Manosferaz, pornoaz eta bikote-harremanez aritu da Maider García de Bikuña sexologoa.

Nola joan dira aldatzen gizartean generoari loturiko estereotipoak?

Genero-estereotipoak etengabe aldatzen doaz gizartean. Egia da, ordea, betiko rol tradizionalek pisua daukatela gaur egun ere. Alde batetik, pertsona batzuei kosta egiten zaielako hainbeste urtetako beren ikuspegia aldatzea. Horrela hezi dituzte, eta estereotipo horiek segurtasuna ematen diete. Baina badira, bai ala bai, betiko egiturari eutsi nahi diotenak ere, botere-egitura bat delako, eta hor oso eroso daudelako.

Hala ere, uste dut gazteen artean aldatzen ari dela hau; eta aldatzen ari den hori balioan jarri behar dugu, ahotsa eman eta bistaratu. Gazte batzuk lan handia egiten ari dira rol tradizional horiekin apurtu eta benetako gizonak eta benetako emakumeak izateko.

Sare sozialetatik zer estereotipo iristen zaizkie nerabeei?

Genero-estereotipoak eremu oso desberdinetatik sartzen zaizkie. Besteak beste, komunikabideetatik. Eta komunikabide potenteena, gaur egun, sare sozialak dira. Leiho handi bat dira, eta leiho horretatik gauza asko sartzen dira, gehienak bilatu gabekoak eta oso estereotipatuak.

Adibidez, hortik dator manosferaren mezua, ideologia antifeminista hori, nostalgiaz begiratzen diona iraganari. Orain larritzen hasi da gizartea, baina aspaldi ikusten ari ginen zer zetorren, abisatzen ari ginen. Betiko estereotipo tradizionalek bide berriak bilatu dituzte mezua bidaltzeko. Agian ezagunenak RoRo eta Trad Wives influencerren mezuak dira. Haien mezuetan aldarrikatzen dute emakumeen funtzioa dela sukaldean aritzea eta bikotekidearentzat etxea txukun edukitzea, eta ahots finez eta tonua igo gabe hitz egin behar dutela beti. Joera berri gisa aurkezten dute beren burua, beren mezua modernoa balitz bezala.

Gauza bera mutiletan. Influencer askok transmititzen dute nolakoa den “baliozko gizona”: indartsua, gihartsua eta bere gorputza asko lantzen duena. Hori guztia iristen ari zaie. Mugikor bat dutenean, helduon ardura da haren erabileran bidelagun izatea. Lehenengo bizikleta ematen diegunean, ez ditugu aldapan behera jartzen, baina mugikorrarekin irudipena dugu guk baino gehiago kontrolatzen dutela. “Nik baino askoz gehiago dakite”, diote. Aparatuaz bai, bizitzaz oraindik ez. Ezin ditugu amildegian utzi.

Filtroa ez dugu mugikorretan jarri behar, garunean baizik

Nola izan gaitezke haien bidelagun?

Interesgarria litzateke sareetan dauden bestelako erreferenteak erakustea. Bada kanal bat, Freeda, denok ikusi beharko genukeena, ez bakarrik nerabeek. Aniztasunaren paradigma bat da, nire ustez. Edo badaude body positive mugimendu asko, gauza interesgarri asko.

Eta gustatzen ez zaizkigun edukietara iristen badira, eman buelta eta baliatu hausnarketarako, adibidez. Ikuspegi kritikoa lantzeko. Baztertu beharrean, lagundu filtro bat jartzen. María Rodriguez sexologo eta emakume jakintsuak beti esaten du filtroa ez dugula mugikorrean jarri behar, garunetan baizik. Hor egon behar dugu gurasook, txikitatik hori lantzen. Ezin gara nerabezaroan bat-batean esnatu.

Mugikorrak leiho asko dauzka, eta horietako bat pornoa da. Zein da une honetan izaten ari den eragin erreala?

Batzuetan beraiek nahita bilatuko dute pornoa; bestetan, pornoak beraiek topatzen ditu. Baina pornoaren eragina oso handia da gazteen sexualitatearen bizipenetan. Hemen ere, zer oinarri jarri dugun, eragina ez da berdina. Ez da gauza bera pornoa ikustea kitzikatzeko asmoz, jakinda fantasia bat dela, ezin dena errealitatera eraman, edo pornografia barneratzea eta normalizatzea. Eta hori gertatu daiteke baldin eta inoiz ez badiogu ume edo gazte bati sexualitateaz hitz egin: gorputzez, desirez, adostasunaz eta berdintasunaz. Kasu horretan, pornografia bere horretan integratu eta normalizatuko du.

Hor arazo handia ikusten dut, batez ere gazteek esaten digutelako pornoa ikusten dutela ikasteko. “Zer ikasteko?”, galdetzen diegu, eta erantzuten dute: “Ikasteko norbaitekin nagoenean zer egin behar dudan”. Estereotipo gogorrak ari dira jasotzen: gizonaren protagonismoa, zakilaren protagonismoa, penetrazioan oinarritutako harremanak, eta, batez ere, harreman bortitzak. Emakumeen desiorik ez da ikusten. Emakumeak beti prest daude. Horiek dira beren harremanetara eramaten dituzten espektatibak.

Lortuko dugun pornoa ez ikustea? Zaila da, pornoaren industria oso indartsua da. Ez da nahikoa legeak onartzea, ez da nahikoa mugikorrari iragazki bat jartzea. Baina berdintasunaz eta errespetuaz hitz egiten badiegu, pornografia ikustean klik egingo die buruan. Hori da bidea. Ez badaukate erreferentzia hori guztia, zuzenean barneratuko dute, eta horrekin egingo dute aurrera.

Kode etiko berak behar ditugu harreman analogikoetan eta digitaletan

Gazteen komunikazio-erreminta nagusi bihurtu dira sare sozialak. Bikote-harremanetan ere eragina dute?

Bikote-harremanetan eragin handia izaten ari dira. Ligatzeko erabiltzen dira jada. Pantaila baten atzean gaudenean, ezabatu egiten dira aurrez aurreko lotsa eta urduritasun horiek. Antsietate gutxiagorekin bizi da hurbilpen hori. Momentu batean positiboa izan daiteke, lehenengo pauso bat emateko. Baina anonimotasun-sentsazio handiagoa dago, eta, beraz, baita ardura gutxiago izateko sentsazioa ere. Eta, nola tratatzen dudan bestea, gaizki sentitu daiteke. Hori da nerabeek ulertu behar dutena: aurrez aurreko harremanen kode etiko berak erabili behar direla sare sozialetan ere. Kode etiko berak behar ditugu harreman analogikoetan zein digitaletan.

Baina helduok askotan sentiarazten diegu gauza bat dela bizitza erreala eta beste bat digitala. Digital hori ez dela erreala. Eta hori ez da egia: bizitza beraren bi alde dira. Esaten diegunez digitala ez dela erreala, nahiz eta gazteek argi duten kalean ezin diotela edonori zakila erakutsi ligatzeko, fotopolla delakoak bidaltzen dituzte sareen bidez, ligatzeko lehenengo urrats gisa. Zuk eskatu gabe, zuk nahi izan gabe, zuri ezer esan gabe. Kode etikoa hautsi egiten da. Asko dugu lantzeko.

Mugikorrak kontrolerako ere erabiltzen dituzte, ezta?

Mugikorrek, eta oro har teknologiak, beste alde bat ere badute: kontrolerako aukera. Zer gertatzen da? Nik uste bi kontrol-mota ezberdindu daitezkeela: batek jeloskortasunarekin eta matxismoarekin du zerikusia, eta historikoki pairatu izan dugu. “Non dago nire bikotekidea? Norekin dago? Zer egiten du nirekin ez dagoenean?”. Baina badago beste kontrol bat ere, maitasunetik ikasia dena. Haur bati zortzi-hamar urterekin erloju bat jartzen diotenean, kokapenarekin, eta esaten diote: “erloju hau jartzen dizut denbora guztian jakiteko non zauden, maite zaitudalako”. Edo lehenengo mugikorra eman eta eskatzen badiote kokapena beti piztuta edukitzeko. Bada, ikasten badu besteen kontrolak zerikusia duela maitasunarekin, gaztetan ere errazago onartuko du kontrol hori, zailagoa izango baitzaio bortizkeria detektatzea.

Alde ederra, esango bagenie: “oraindik ez zara pertsona heldua, eta nolabaiteko laguntza behar duzu zure bidea egiten. Erloju honek aukera emango digu zu independenteagoa izan zaitezen, askeagoa izan zaitezen. Askatasunerako bide hori hartzen duzun bitartean, gu hurbil egongo gara, zuk pixkanaka egin dezazun bidea”. Ez al da hori ulergarriagoa?

“Maite zaitudalako” esaten badugu, 16 urterekin normalizatua izango du bikotekideak etengabe kokapena eskatzea, “maite duelako”. Hor alarma pizten zaigu, baina mezua bera da. Helduok hausnartu behar dugu zergatik eskatzen dugun kokapena. Benetan haurra zaintzeagatik da, edo nire beldurrekin du zerikusia, nire beldurra zaintzeko da?

Maider García de Bikuña Quintana

Emaize Sexologia Zentroko sexologoa da. Sexu-heziketa, gizarte-eragileen prestakuntza, amatasun- eta aitatasun-taldeak, eta emakumeen ahalduntzea ditu espezialitate. “Sexualitatean xirikatuz” liburuaren eta “Zer da ezkutuan duzun hori?” ipuinaren egileetako bat da.

Scroll to Top