Zer da eskola nerabe batentzat?
Esango nuke nerabearen araberakoa dela, oso errealitate desberdinak topatzen ditugulako. Etxean familia-egoera gatazkatsua bizi duen gazte batentzat, begirada eta aholkuak ematen dizkion guraso hori ez daukanarentzat, ikastola arnasgune bat bihurtzen da: irakaslearekin lotura emozional bat sortzen du, faltan somatzen duen aholku hori hemen topatzen duelako, edo lagunekin egoteko aukera ere bertan daukalako.
“Eskolak toki seguru bat izan behar du gazteentzat”
Baina gerta daitezke bestelako egoerak, eskolan lagun-harreman sendorik aurkitu ez duen gaztearena, edo bazterketa-egoera bat bizitzen ari denarena. Ikasle horientzat, arnasgune izan beharrean, justu kontrakoa bihurtu daiteke: momentu txarrak bizitzen dituen tokia. Kasu horietan, irakasleei dagokigu egoera horiek detektatzea eta esku hartzea, ikastolak toki seguru bat izan behar duelako ikasleentzat.
Eta badira ikasle batzuk ikasketetan topatzen dituztenak zailtasunak. Haientzat ere, ikastolan egotea gogorra da. Denetik topatzen dugu.
Urte askotako esperientzia duzu hezitzaile gisa. Azken urteetan, aldatu egin dira nerabeak?
Nerabeak beti izan dira nerabe, baina iruditzen zait momentu honetan nerabeak indibidualistagoak bihurtu direla, sare sozialen eraginagatik. Orain, harremanak mugikorraren bitartez eraikitzen dituzte, onerako eta txarrerako.
Helduok ere erabiltzen ditugu sare sozialak, baina ez goaz haiek bezain aurreratuta. Beraz, erabiltzaile izanik ere, egoera gatazkatsuak detektatzea eta esku-hartzea kosta egiten zaigu. Zentzu horretan, aldaketa handia izan da.
Nola ikusten dituzue gurasoak, sare sozialen kontu honetan?
Ba, egoera berezia da: gurasoek ere tresna hau gero eta goizago ematen diete seme-alabei, baina askotan prebentzio edo erabilera egoki baten lanketa egin gabe. Momentu batzuetan, inpotentzia handia azaltzen da, bai irakasleon aldetik eta bai gurasoen aldetik.
Nolakoa da eskolako kideen eta lagunen eragina?
Nerabezaroan lagunak hain garrantzitsuak izanik, haientzat ezinbestekoa da inguru osasuntsu bat eta harreman osasuntsuak edukitzea. Askotan aitortzen dute zenbait jokabide egiten dituztela taldearen presioa dutelako, hau da, taldean onartuak izateko egiten dituzte, hori baita garrantzitsua beraientzat. Baina kontziente dira jokabide batzuk ez direla egokiak.
Beraz, guri dagokigu horren kontziente egitea, lanketa egitea eta taldearen presioak eragiten dizkien emozioen kudeaketan laguntzea.
Presio- eta autoexijentzia-maila handia dute nerabeek eskoletan. Nondik datorkie?
Bai, nabaria da gaur egungo nerabeengan autoexijentzia eta presio handia dagoela, hainbat alorretan. Batetik, sare sozialetan etengabe topatzen dituzten perfekzio-eredu horiek bilatzen dituzte. Estereotipo horiei jarraitzen diete. Eta horrek, askotan, ez die uzten benetan haiek izan nahi duten bezala izaten.
Irudi perfektuaren garaian gauden honetan, norbere ahuleziak ez azaltzearen esfortzua etengabekoa da. Beti ondo gauden irudia eman behar dugu, eta horrek, denboran, presio emozional handia ekar dezake.
Bestalde, autoexijentzia handia dago ikasketa-arloan ere. Ni batxilergoko orientatzailea naiz, eta presio handia dute. Tamalez, ikasketak aukeratzeko notak oso altuak dira, eta zaila dute. Hori hala da. Baina, atzean, gurasoen espektatibak ere badaude. Ikasleek batzuetan aitortzen dute ez direla hain libre sentitzen ikasketak aukeratzeko garaian. Denetik dago, noski, baina batzuetan, gurasoek espektatiba handiegiak dituzte. Ez dakit nola esan, gurasoek beren perfekzio-nahi hori islatzen dute seme-alabengan.
Eta badago desberdintasunik mutil edo neska izatean?
Bai, noski, nabaritzen ditugu desberdintasunak. Askotan, mutilek, maskulinitatearen rol horretan, harremanetan asko azaltzen dute indarraren adierazpena. Are gehiago, gelan entzuten direnak eta ahots altua daukatenak ia denak mutilak izaten dira.
Eta neskak nota onak ateratzen saiatzen dira, eta, oraindik ere, gelan ez da entzuten beren ahotsa. Mutilek bakarrik hartzen dute hitza. Oraindik oso presente dago nesken rol hori: ikasketetan onak izan behar dute, eta diskretuak, ez dute ahotsa altxatu behar. Beti daude salbuespenak, noski; beti ez da hori gertatzen.
Nolakoa da hezkuntzako agenteen eta gurasoen arteko harremana?
Bueno, denetik dago, egia esan. Egoeraren arabera, gatazkatsua izan daiteke. Haien seme-alabez hitz egin ahal izateko, gakoa izaten da gurasoak ez sentitzea epaituak. Guk esandako zerbaitekin epaituta sentitzen badira, itxi egiten dira. Beraz, konplizitatea bilatu behar dugu.
Bestetan, gurasoen espektatibak izaten dira elkarlan horretan oztopo. Baina, jokaera horren atzean, eta seme-alabekiko dituzten espektatiba horien atzean, informazio-falta besterik ez dago. Hala aitortzen dute bukaeran. Orientazio akademikoa ematen diedanean, eta unibertsitateaz zein Lanbide Heziketaz informazio zabala ematen diedanean, askotan aitortzen dute: “Ez genekien hainbeste aukera zegoenik”. Orduan, erlaxatu egiten dira. Haien garaiko informazioan zentratuta daude, eta horrek berak ez die uzten pixka bat harago begiratzen.
Beraz, oso inportantea da gure arteko komunikazioa, baina, beti ere, elkarlanean, inor epaitua sentitu gabe.
Eskola da gazteen osasun mentaleko arazoak ikusten diren lehen tokia. Ardura handiko tokia da, beraz.
Zorionez, Azpeitian, herri mailan egin den lanketari esker, oso indartuta dago gai hau. Ikastolatik kanpoko agente askorekin eta gizarte-zerbitzuetako profesionalekin egiten dugu lan, eta denok dauzkagu identifikatuta arazo mentalen adierazleak.
Hainbat erreminta eman dizkigute, eta adierazle zehatzak: gerta daiteke ikasle bat bat-batean klasera asko faltatzea, edo bolada luze samar batean tristura betean somatzea. Badaude seinale batzuk guri ikustarazten digutenak zerbait gerta daitekeela. Alarma hori txikia izanik ere, aztertu egiten dugu irakasle-taldean eta, beharrezkoa baldin bada, kanpo-agenteen laguntzaz. Horrela, dagokion bidea ematen saiatzen gara.
“Etorkin neskek bereziki zaila dute hemen integratzea. Arreta jarri behar da hor”
Zein dira kontuan hartzen dituzuen adierazleak?
Bat izan daiteke ikasle bat klaseetara askotan faltatzea, esan bezala. Beste bat, higiene-falta jarraitua. Edo tristura batean sartuta ikustea, bat-batean taldetik kanpo gelditzea, denbora gutxian asko argaltzea, antsietate-krisi errepikakorrak izatea…
Gurean, askotan, gazteak Gaztelekura joaten dira arratsaldetan, eta hortik ere iristen zaigu informazioa. Gaztelekuko begiraleek transmititzen dizkigute han ikusitako portaera-aldaketak. Guk ikusten duguna eta kanpotik adierazten zaiguna bateratzen dugu.
Etorkinen egoerak ere gogorrak izaten dira. Ez dute erraza izaten hemen integratzeko. Bereziki, neskek. Arreta jarri behar da hor. Etorkin mutilak errazago integratzen dira, baina neskek, zapien kontuarekin, zailagoa dute. Eta zailtasun gehigarri bat dugu familia etorkinekin, zailagoa baita haiekin komunikazio-bideak finkatzea.
Zuen kasuan, horrelako adierazleak detektatzen dituzuenean, zer egiten duzue?
Gurean, arazo bat dagoela detektatzen dugunean, Gizarte Zerbitzuetako gure erreferentearekin jartzen gara harremanetan. Edo bazterketa-egoera baten aurrean baldin bagaude, Ikuskaritzarekin edo Berritzegunearekin. Eta jada osasun mentaleko arazo bat dagoela ikusiz gero, psikiatrarekin ere. Anbulategiko agenteekin ere izaten ditugu harremanak. Arazo edo nahasmenduren bat dagoela detektatuz gero, gurasoekin harremanetan jartzen gara.
Etxekoek zer diote, nola hartzen dituzte horrelako albisteak?
Askotan gakoa izaten da nola joaten garen guraso horiei egoera transmititzera. Eduki izan dugu inoiz egoera benetan gatazkatsua gurasoekin, epaituak sentitu eta inbasio bat dela ere adierazi digutenak.
Askotan, guraso eta familiek ikastetxeei ardura hartzeko eta zerbitzua emateko eskatzen digute, baina, era berean, gure klaseak emateaz harago beste alor batean sartzen garenean, oztopoak jartzen dizkigute. Familiako egoeran sartzen bagara, egoera gogorrak bizitzea tokatu izan zaigu. Hori bai, badira hasieratik eskertza handia adierazi eta elkarlana eskaintzen duten asko ere.