“AEBn enpresa teknologiko erraldoien aurkako hainbat demanda jarri dira, gazteengan eragiten ari diren arazoengatik”

Gazteen osasun mentalaren krisi honetan kapitalismo teknologikoak eragin handia izan duela uste du Amaia Bacigalupe soziologoak. Ondorioz, eremu politikotik erantzun beharko litzaiokeela dio, teknologiaren erraldoiei demandak jarrita, bere garaian tabakoaren edo opiazeoen industrien aurka egin zen bezalaxe. Osasun-sistemaren begirada aldatzeko beharra ere ikusten du.

Mundu hiperteknologiko honek zer eragin izan du gizartean?

Mundu teknologikoa oso tresna erabilgarria izan da neoliberalismoarentzat: horri esker, barruraino sartu da gizartean. Eta alor mikroan ere eragin handia izan du pertsonengan eta pertsonen arteko harremanetan.

Sortu duten mundu hiperteknologiko honetan, paradoxa baten erdian sentitzen gara: alde batetik, askatasun-sentsazioa izan dugu, teknologia berriok eskaintzen dizkiguten aukerekin liluratuta, eta, bestalde, kontrol sutsu baten pean gaudelako sentsazio paralelo batean gaude. Kontraesan horretan bizi gara, eta horrek ere ezinegon mentala sor dezake.

Mundu digitalaren eta errealaren artean dikotomia moduko bat dago. Nola kudeatzen da gizartean dikotomia hori eta nola eragiten du gazteengan?

Azken hamarkadetan paradoxa moduko bat gertatu da seme-alaben hazkuntzan. Alde batetik, mundu errealean, gurasooi iruditu zaigu gero eta gehiago babestu behar ditugula haurrak, ingurua gero eta arriskutsuagoa delako. Gero eta lapur, bortxatzaile eta gaizkile gehiago dagoelako diskurtsoa ari da gailentzen —nahiz eta segur aski orain dela hamarkada batzuk baino gizarte askoz ere seguruagoetan bizi garen—, eta gure ingurua gero eta inseguruagoa delakoa; beraz, umeek eta nerabeek etengabe izan behar dute gertu heldu baten begirada. Horrek kalte handia egiten dio autonomiaren garapenari.

Eta, bestalde, paraleloki, mundu digital horretan ez diegu inolako gainbegiradarik eta babesik ematen. Ondorioz, kontuan hartuz, alde batetik, mundu errealaren gehiegizko babesa eta autonomiaren murrizketa, eta, bestetik, mundu birtualaren askatasun eta babesgabetasun erabatekoa, hainbat ikerketak diote sekulako desoreka eta arazo emozionalak sortu direla Z belaunaldia deitzen dugun horretan.

Zer egin daiteke mundu digitalaren eta osasun mentalaren arteko harreman gatazkatsu hori hobetzeko?

Hainbat alorretan egin daitezke aldaketak. Alor politikoan, eta beraz erakundeei dagokienez, hainbat adibide interesgarri daude AEBn: adibidez, New Yorkek, Seattleko hainbat eskolak eta Kaliforniako Estatuak enpresa teknologiko erraldoien aurkako demandak jarri dituzte, gazteengan eragiten ari diren arazo larriengatik.

Hor badago testuinguru politikoan eragiteko modua. Hor daude orain dela gutxi opiazeoen krisiaren harira industria farmazeutikoari jarri zizkioten demandak. Izan ere, gero eta ebidentzia gehiago dago industria teknologikoak mendekotasuna sortzeko baliatu duen diseinua dela osasun mentalaren krisialdi hau eragin duen faktore garrantzitsuenetako bat.

Bestalde, gizarte-mailan ere bestelako ekimenak egin daitezke. Euskal Herrian baditugu hainbat adibide interesgarri. Altxa burua! mugimendua, adibidez, lan garrantzitsua egiten ari da, gazteei ez diezaiegun eman smartphonik 16 urtera arte.

Zer beste aurrerapauso eman beharko litzateke gizartean?

Osasun-sistemaren zeregina berebizikoa da osasun mentalaren kudeaketa kolektibo honetan. Uste dut osasunaren profesionalek deseraikitze-prozesu batean murgildu beharko luketela. Orain arte ikasitako gauza asko kritikoki planteatu behar dituzte. Jada badaude psikofarmakoak preskribatzearen aurkako mugimenduak osasungintzan, arazo mentalei tratamendu farmakologikoa ez jartzearen alde borrokatzen ari direnak.

Baina osasun-sistema ez da prozesu diagnostikatzaile honetan inplikatu den agente bakarra. Hezkuntza-sistema ere zeresan handia hartzen ari da, eta askotan, irakasleak izaten dira lehenengo preskriptoreak: gelan gertatzen diren portaera edo desoreka batzuen aurrean, ikasleak arazo mental edo arazo emozional baten etiketaz identifikatzen ohitu dira irakasleak, ikasle hori osasun-sistemara bideratu, eta hor, diagnostikatu eta tratatua izan dadin.

Uste dut ez goazela ondo, eta arazo honi alor klinikoaren ikuskera estu horretatik begiratzeari utzi beharko geniokeela. Ez da gazte horien arazoa. Arazo sozial bat da, egiturazkoa; beraz, ikuspegi sozialetik begiratu beharko genioke.

Amaia Bacigalupe De la Hera

Soziologoa eta Osasun Publikoko doktorea da. Desberdintasun sozialek osasunean eta osasun-arretan duten eragina ikertzen du; batez ere, generoak eragindakoa. OPIK Osasunaren Gizarte Determinatzaile eta Aldaketa Demografikoari buruzko ikerketa-taldeko burua da.

Scroll to Top