Gazteen baldintzatzaile indartsuenetako bat familia da, indartsuena ez bada. Nola aldatu da, eta zer ezaugarri ditu gaur egungo familiak?
Hasteko, aztertu behar dugu nola gauden gaurko gizartean: nola bizi naiz ni? Korrika, estres ikaragarriarekin, produktibitatearen gizartean bizi gara. 24 ordutan lanean gaude. Ez dago gure presentzia etxean, ez dugu begirada jarria gure seme-alabengan; ez nahikoa, behintzat. Ez gaituzte aurkitzen, behar gaituztenean.
Zergatik daude haurrak eskolaz kanpoko hainbeste ekintzetan sartuta? Ez da haien beharra. Helduok aukeratu dugun bizimoduaren prezioa ordaintzen ari dira. Estresatuta, presentziarik ez apenas eta inoiz baino likidoagoak. Gizarteak gurasooi lanean ezartzen digun presioaren ondorioak pairatzen dituzte, zeharka.
“Helduok aukeratu dugun bizimoduaren prezioa ordaintzen ari dira gazteak”
Eta badago beste faktore oso garrantzitsu bat: burbuila emozionala. Gizartea mutur batetik bestera pasatu da. Gizakia pendularra da, beti goaz polo batetik bestera. Gurekin zuhurtasun emozional batetik jardun ziren gurasoak, eta transmititu ziguten: “bizitza gogorra da. Atera bizitzara eta egin ahal duzuna”. Orain, beste muturrera pasatu gara, haurren sufrimendu guztia ekidin nahi izatera.
Baina ez bakarrik sufrimendua. Zehazkiago, porrota ekidin nahi diegu, porrota. Gure beldur, idealismo, perfekzionismo eta gehiegizko exijentzia horien guztien mende utzi ditugu; ez dugu haien porrota nahi. Orduan, haiek egin ordez guk egiten ditugu hainbat gauza.
Baina gehiegizko babesa abandonua da. Abandonua ez da bakarrik familia desegituratu bat izatea. Gehiegi babestea ere bada abandonua. Abandonua da gure gazteak zerbait behar izatea eta guk beste zerbait ematea. Emozionalki sostengatzeko behar dutena eman beharrean, porrota ekiditeko behar dena ematea.
Zer ondorio ditu gazteengan helduok porrota eta frustrazioa ikusteko dugun ezintasun horrek?
Immunitate-sistemarekin bezala gertatzen da: patogenoarekin kontaktua eginez indartzen da immunitate-sistema. Denbora guztian zailtasunetik kanpo, patogenoarekiko kontatutik kanpo utzi ditugu haurrak, eta orain immunitate emozionalaren sistema ahula dute.
Zer gertatzen da gero? Bada ez dagoela patogenorik gabeko nerabezarorik. Ezinezkoa da. Bizitzarekin batera, patogenoak datoz. Gaur egun esaten da kristalezko belaunaldiak direla, baina ez. Gurasook landu gabe ditugun beldurrengatik burbuila emozional horretan sartu, eta ahuldu egin ditugu.
Nerabezaroa berez potentzia eta energia handieneko momentua da, baina ahuldu egin ditugu. Etxean sartu ditugu umeak. Kaleetatik atera ditugu, arriskutsuagoak direlakoan. Eta orain konturatu gara etxean gelditze horrek arrisku handiagoak dakartzala, eguneroko gatazka txiki horietan zeudelako immunitate-sistema indartzen duten gatazkak. Beti afektibotasunetik lagundu behar ditugu gatazka horietan, noski; ez gogortasunetik. Baina patogenoarekin kontaktuan.
“Gehiegizko garrantzia ematen zaie lorpen akademikoei eta lanbideari. Gure identitatearen parte bihurtzen ari dira”
Gizarte-sistema horren hurrengo elementura joan gaitezen: eskolara. Zenbaterainoko eragina du gazteengan?
Eskolaren eragina oso handia da garai horretan. Gizartea oso zentratuta dago bi esparru hauetan: zer lorpen akademiko egin ditugun eta zein den gure lanbidea. Gure identitatearen parte bihurtzen da. Gehiegizko garrantzia ematen zaio gaur egun, eta hor hasten dira autoexijentziak eta idealizazioak.
Autoestimua izaten da gehien ukitzen dena hezkuntzan. Gazte bat alor logiko-matematiko-linguistikoan ona bada, eskolako bidea ez zaio zaila egingo, baina joera artistikoa duen bati oso zaila egingo zaio. Beraz, hezkuntzak aztertu beharko du zergatik sufritzen duten hainbeste gaztek eskolaren ibilbidean.
Bestetik, eskola da kideen arteko topalekua gazteentzat, eta alde horretatik garrantzi handiko egitura da. Gazteentzat, gelakideak beren unibertsoa dira. Hor sortzen dira lagun-talde edo kuadrilla asko.
“Kuadrillen itxitasuna zabaltzen joan behar dugu, gazteentzat sufrimendua ekar baitezakete”
Zenbaterainokoa da kuadrillaren garrantzia nerabe batentzat?
Euskal Herriko herri askotan berebiziko garrantzia du. Horregatik, nik hemen ñabardura bat egingo nuke. Gauza bat da lagunak izatea eta bestea kuadrilla izatea. Zeren eduki ditzakezu lagunak, nahiz eta kuadrilla ez izan. Edo eduki dezakegu kuadrilla, baina lagunik ez. Kuadrillaren bi alderdi horiek ikusi behar dira. Eta ulertu behar da kuadrilla izan daitekeela bultzatzailea –gaztea laguntzen duena– edo oztopatzailea. Askotan, kuadrillan sartzera bultzatzen ditugu gazteak, gure beldurretatik abiatuta. Baina nerabe batek sufrimendu handia izan dezake kuadrilla kontzeptuarekin. Batez ere, kuadrillak oso egitura itxiak direlako.
Batzuek erraz aurkitzen dute beren lekua kuadrillan, baina beste batzuek ez. Beraz, esaten dutenean lagunekin gaizki pasatzen ari direla, arazo benetan garrantzitsua da haientzat, gehien estresatzen dituena eta gehien sufriarazten diena. Heldu gisa entzun behar diegu. Guk jada egituratua dugu gure lagun-taldea, eta, beraz, iruditzen zaigu txorakeria bat dela. Baina ez da hala.
Beraz, kuadrillaren kontzeptua bera gizarte-baldintzatzaile bat dela esango nuke. Kuadrillaren itxitasun hori zabaltzen joan behar dugu, gazteentzat sufrimendua dakarren gaia izaten delako.
Bestelako baldintzatzaileak ere badaude: non jaio zaren, etxeko ekonomia, sexu-identitatea, arraza… Nola eragiten dute horiek guztiek?
Ez da gauza bera Urretxun bizitzea edo Bilboko auzo batean jaiotzea. Baldintzatu egiten gaitu non jaio garen, zeinen alboan eta nola. Testuinguru sozioekonomikoak, herriak, kulturak, erlijioak, sinesmenek definitu egiten gaituzte. Iruditzen zaigu oso independenteak eta oso askeak garela, baina guk uste duguna baino askoz ere gutxiago gara hori guztia. Haur batek oso erraz xurgatzen du inguruan duen hori, eta bere identitatearen zati handi bat definituko du.
Gero, helduaroan, hori pixka bat homogeneoagoa bihurtzen da. Adibidez, gazte askok beren herritik hirietara alde egiten dute, sexu-identitatearekin oso mugatuta zeudelako: beren herrian ezin zuten izan diren bezalakoak, eta joan egin behar izan dute beste marko irekiago batera. Edo alderantziz, hiriburu batean galdua sentitzen den pertsona batek herri batean topatu dezake bere lekua. Baldintzatzaile handia da.
Dena dela, gaur egun, sare sozialekin areagotu egin da arkitektura sozial horren eragina. Lehen, eragiten zuen testuingurua, gehienez ere, herri- edo hiri-mailakoa zen. Haien iritziak garrantzi handia zuen. Baina, orain, eragin sozial horrek ez du mugarik. Infinitua bihurtu da besteen eragina, sare sozialen bidez. Ezertaz ezagutzen ez dituen horien iritziak ere erabat baldintzatu dezake nerabearen autoestimua.
Gizarte-baldintzatzaile horietako askok ondorioak utzi dituzte gaur egungo nerabeengan. Zaurgarriagoak al dira orain?
Bai, gaur egun ikusi dezakegun ondorio nagusia haien gogo-aldartea da: min emozional ikaragarria daukate. Jada ezin dute isilik mantendu nola eragiten dieten baldintzatzaile horiek guztiek. Antsietatea eta depresioa ikaragarri igo dira. Bizitzeko zailtasunak dituzte, beldurrari beldurra hartu baitiogu. Frustrazioa ikaragarria da gaur egun, ilusio eza, desesperantza.
Normala da, gaur egun ematen dizkiegun albisteen ondoren. “Babesgabetasun ikasia” deitzen zaio horri. Helduon pentsamenduek, hitzek, emozioek eta ekintzek sortu dute. Gazteei beren boterea kendu diegu. Horrek itzali egin die barne-motibazio hori. Aurreko belaunaldietan, beti esaten ziguten gaztetan: “Hau egin eta gorago iritsiko zarete, lortuko duzue”. Gaur egungo gazteak saiatu dira, baina ez dute lortu hitzeman diegun bizitza hori. Orduan, imajinatu zer frustrazio eta zer ilusio falta, etorkizun argitsu bat ezin topatu dabiltza. Aipatu dugun burbuila emozionalak ere indargabetuta eta emozionalki ahulduta utzi ditu.
Testuinguru sozioekonomiko ezegonkor honetan, eta frustrazioak kudeatzeko zailtasun orokortu honetan, berebiziko garrantzia du orain erreminta emozionalak emateak. Biluzik eta zaurgarri daude une honetan. Ulertu behar dugu osasun mentala ez dela gatazkak ez izatea, baizik eta gatazka horiek barruan kudeatzen jakitea.
Helduok testuinguru sozialaren eragina ulertzea ezinbestekoa da, beraz, aurrera begira.
Bai, ezinbestekoa. Nerabea ezin dugu norbanako modura bakarrik ikusi, agente indibidual soil gisa; kolektiboki ikusi behar dugu. Kolektiboki, eta bere testuinguru osoa ulertuta.
Gazte bati zerbait gertatzen baldin bazaio eta min emozionala baldin badu, ezin dugu dena bere gain jarri. Bere inguruko mapa horretan guztian zer gertatzen ari den ikusi behar da. Pista ikaragarria da hori denontzat. Testuinguru horri begiratuta, bide luzea egin dezakegu elkarrekin.