Elkarrizketak

“Ingurukoek onartua ez sentitzeak edonoren osasun mentala desorekatu dezake”

Maider García de Bikuña EMAIZEko sexologoa da, eta ezinbestekoa ikusten du nerabeen garapen sexuala ulertzea haien osasun mentala zaintzeko. Eta argi dio: gazte batek sumatzen badu inguruak ez duela onartzen den bezalakoa, min sakon bat errotzen zaio barruan. Hori da arazo mental askoren iturburua, bere ustez. Erreminta ahaltsu bat proposatzen du gazteen osasun mentala zaintzeko: espresatzeko espazio seguru bat eskaintzea.

“Medikamentu psikiatrikoek ez dituzte aldatzen sufrimendua eragiten duten egoerak”

Jon García Ormaza psikiatra da Zamudioko Ospitalean. Suizidio-ideia eta -jokabideak dituztenen ondoezaren oinarrian, askotan, bizitzak sortutako ondoezari aurre egiteko abilezia falta sumatzen du. Esperantzarako arrazoiak baditu, ordea: gizartean azaleratzen ari den osasun mentalaren krisiaren ondorioz, laguntza eskatzeko gero eta erresistentzia gutxiago ikusten du.

“Suizidioaz ez hitz egiteak eragiten du erruduntasunez bizitzea”

Jon García Ormaza neurozientzietako ikertzailea da EHUn eta mediku psikiatra Zamudioko Ospitalean. Suizidioan espezializatua dago. Eta argi du zein den suizidioa prebenitzeko modurik eraginkorrena eta sinpleena: sufritzen ari den gaztearengana gerturatu eta, epairik gabe, entzutea. Une batez, bere mina sostengatzea. “Elkarrizketa txikiek bizitzak salbatzen dituzte”.

“Lehenengo belaunaldia da onartzen ari dena alderdi hauskor bat duela eta landu nahi duela”

Maitane Ormazabal psikologoa da, eta oso ondo ezagutzen ditu osasun mentalak ezkutatzen dituen zirrikituak. Guraso zein gazteekin hezkuntza-programak jarri ditu martxan Euskal Herriko herri eta eskola ugaritan, eta gazteen belaunaldi hau oso ausarta dela dio. Helduok astintzera etorri dira: “Orain arte, helduok bizi izan gara gizarte anestesiatu batean, non dena tapatzen genuen: lotsa, frakasoak eta guretzat deserosoak ziren emozio guztiak”. Garai berriak datoz.

“Abandonua ez da bakarrik familia desegituratu bat. Porrotaren beldurrez gehiegi babestea ere abandonua da”

Gazteekin oso exijente jokatzen dugu itxurakeriaren garaiotan. Hori ulertzeko, Maitane Ormazabal psikologoak ideia gako bat jarri du mahai-gainean: gazteen porrotaren bidez, gurasoen porrota ikusten da. Baina familia ez da eragile bakarra: kuadrillak, eskolak eta herriak ere badute zeresana. Gazteengan eragiten duten sistema guztiei begiratu die, banan-banan, gizartearen isla baita gazteen osasun mentala.

“Egungo nerabeengan autoexijentzia eta presio handia dago. Askotan, gurasoen espektatibak daude atzean”

Miriam Arrieta Azpeitiako Ikasberri ikastolako orientatzailea da. Azpeitian, herritarren ongizate emozionala lantzeko eredu berritzaile bat landu da azken urteotan, osasun mentalaren arazoari modu integralean heltzeko. Herriko eragileen arteko koordinazioa du oinarri: udaleko Gizarte Zerbitzuak, ikastetxeak, aisialdiko elkarteak, osasun-sistema… Ikuspegi integral horretatik, ikastetxeetan ikusten duen errealitateaz aritu da.

Scroll to Top