Kirola eraldaketan dagoela diozu. Badago nerabeen osasun emozionala zaintzeko eredu berritzaileren bat erabiltzen duen klubik?
Kanada, Erresuma Batua, Norvegia eta Danimarka aipatuko nituzke. Baina kirolean gertatzen dena tokian tokiko kulturaren isla da: politikan lehentasuna non jarri den, apustua non egin den, nola dagoen antolatua… Beraz, ez dut uste funtzionatuko lukeenik besteen ereduak kopiatzeak. Ikuspegi eraldatzailea oso lotuta dago gizarte horretan egiten den lanketarekin. Oso kulturala da.
Adibidez, identifikatuta dagoenez kotxeetan gertatzen direla gazteen aurkako sexu-abusu asko, herrialde batzuetan errotik kendu zuten entrenatzaileek jokalariak kotxez eramateko ohitura.
“Kirolean gertatzen dena tokian tokiko kulturaren isla da”
Hemen, batzuetan, kosta egin da ulertzea indarkeriaren prebentziotik horrelako neurriak hartu behar direla, boluntariotzan oinarrituta dagoelako. Erabakien testuingurua oso ondo azaldu behar dugu, ez baita guri bururatu zaigun ideia zoro bat. Nola egin dezakegu gazteentzat ahalik eta eremu seguruena sortzeko, nahiz eta kotxean joan-etorriak egin?
Dena dela, une honetan, arazo handienak aldageletan ditugu. Telefonoekin eta argazkiekin egiten dituzten bullyinga eta indarkeria-egoerak. Klubek erakundeen laguntza behar dute honi guztiari aurre egiteko. Baita ere, entrenatzaile batzuen estilo autoritarioa aipatuko nuke, errendimenduaren izenean justifikatu diren mota ezberdinetako indarkeriak.
Zer laguntza behar dute klubek horretarako?
Batez ere, ezagutza behar dute. Trebakuntza eta baita protokoloak ere, noski. Baina protokoloa tresna soil bat da, guk prozesuari ematen diogu garrantzia. Haiekin hitz egitea gertatzen diren egoerez, nola jokatu dezaketen haien aurrean, nola egin dezaketen prebentzioa, baita gurasoekin lanean nola hasi ere. Unean uneko egoerei erantzuteko baliabide eta ezagutza berriak transmititzen joan behar dugu. Bidegabea litzateke haien gain uztea zama guztia.
“Injustua litzateke kluben gain uztea zama guztia”
Garrantzitsua da kluben arteko espazioak sortzea esperientziak partekatzeko. Klubek elkarri kontatzea nola egin dieten aurre egoerei. Eta egindako lanari aitortza bat egitea ere bada asmoa, balioan jartzea egiten duten lana, ez baita erraza parean duten erronka.
Bestetik, eskolan ere izaten dute kirol-esparruan gertatzen ari diren egoera bortitzen berri, zeren eskolan gertatzen diren gauzak klubean islatzen dira gero, eta alderantziz. Bakoitzak bere aldetik egin beharrean, komunikazio handiagoa egon beharko litzateke, nolabait elkarlanean aritu indarkeria errotik desagerrarazteko.
Horretaz gain, badago klubek egin beharreko egiturazko aldaketarik, gazteen osasun emozionala eta mentala zaintzeko?
Tramite administratiboak, protokoloak, berdintasun-planak eta abar zentralizatzeak asko lagunduko luke, denbora izan dezaten horrelako trebakuntza-prozesuetarako. Bestela, prozesu hauek LOPIVI legea betetzeko tramite hutsa bihurtzen dira. Online formakuntza bat egiten dute, eta homologatuta.
Baina benetan eraldatzeko, jendeak hausnartu egin behar du: normalizatu dituen egoera bortitzei beste begirada batetik begiratzen ikasi behar du. Konturatu behar du orain arte normaltzat jo duen hori agian ez dela egokia.
Eta, batez ere, guztiok ispilura begira jarri behar dugu. Ikusi behar dugu egin ditugun gauza batzuk desegokiak izan direla. Ariketa hori deserosoa da. Baina ez badugu egiten, ez da egongo eraldaketarik.
Zer da entrenatzaile batentzat ispilura begiratzea?
Oso zaila zaie ispilura begiratzea. Gogorra da orain arte egin duzuna zalantzan jartzea: zure gaitasunak, zure egiteko modua… gauza batzuk kolokan sentitzen dituzte. Adibide praktikoak jarri behar ditugu, ekiteko, eta enpatia sustatu. Bidean lagundu behar diegu, eta pertsonekin, adin-txikikoekin lan egiteko baldintzak zein diren argi utzi.
Kontzientzia hori klub guztien oso-oso oinarrian egon beharko litzateke, eta hori falta zaigu. Oso erraz jartzen gara justifikazioan, “bere estiloa horrelakoa da, bere aita ere futbolaria zen, asko gustatzen zaio futbola…”. Futbola gustatzeak ez du esan nahi pertsona egokia denik derrigor.
Neurriak hartu beharrean justifikazio horietan hasten direnean, badago galdera oso indartsu bat: “Norekin ari zara enpatizatzen? Kaltea jasan duenarekin ari zara enpatizatzen edo kaltea eragin duenarekin? Nor ari zara babesten?”.
“Neurriak hartu beharrean justifikatzen hasten direnean, galdera hau egiten diet: «norekin ari zara enpatizatzen, kaltea jasan duenarekin ala kaltea eragin duenarekin?»”
Orduan, esaten dute: “Baina igual ez da hainbesterako…”. Barkatu, badakizu horrek zer eragin dezakeen haur batengan? Ez minimizatu jokabideak. Oinaze handia eragin dezake haur eta gazteengan. Nik beti bueltan bidaltzen diet galdera: “Norekin ari zara enpatizatzen?”. Adultozentrismo horri begiratu behar diogu.
Baina, batzuetan, klubek oso albiste onak ematen dizkigute: “Entrenatzaile batek jokalari bati komentario oso desegokia egin zion, eta bota egin dugu. Esan genion oraingoz ez dagoela prest lan hau egiteko. Honetatik ikasten baduzu, eta lanketa bat egiten baduzu, bukatzean, datorren urtean hitz egingo dugu. Baina hau ez dugu pasatzen utziko”. Uste dut formakuntza oso-oso garrantzitsua dela horrelako erabakiak hartzeko. Sentsibilizazioa eta hezkuntza.
Eta berdin gurasoak. Aurten, areto-futbolean erabaki historiko bat egon da, Euskal Herritik kanpo: bi epaileri izugarrizko jipoia eman zieten, eta urtebetez itxi dute zelaia. Isun ekonomiko oso handia jarri diete, eta jokalariei hainbat urtez lizentzia erretiratu zaie.
Interesgarria litzateke klubetan indarkeriari buruz hitz egitea. Entrenatzaileei galdetzea nola sentitzen diren gurasoen presioarekin. Askotan adin txikikoak dira entrenatzaileak, eta hitz gogorrak jasotzen dituzte gurasoengandik.
Gurasook kirolean dugun funtzioaz eta eragiten dugunaz autokritika hori egin beharko genuke. Lasai utzi beharko genieke seme-alabei eta entrenatzaileei euren espazioa izaten. Jada toki batzuetan entrenamenduetara joateko aukera kendu diete gurasoei.
Gurasook ere begiratu behar dugu ispiluan, hortaz.
30 urte daramatzat gurasoek epaileekin daukaten jarrera ikusten. Uste dut erradikalagoak izan beharko genukeela. Izan gaitezen propositiboak. Nola hobetu daiteke egungo epaileen kalitatea, hobetu behar bada? Agian baliabideak jarri beharko ditugu. Nola lagundu hobetzen? Zeren, haiek gabe, bukatu dira partiduak. Zuen inguruan zeinek izan nahi du epaile? Zeinek nahi du horrelako egoera batean jarri bere burua? Uste dut norabidea erabat galduta dugula jokaera horiekin.
Entrenatzaileei eta klubei introspekzio hezitzaile bat eskatzen diogun bezala, guraso horiei gauza bera eskatzen diet. Beste gurasook jarrera horiek eteten hasi behar dugu, ezin dut dena klubaren eskuetan utzi.
Zer dago bortizkeria-mota horren atzean?
Uste dut zerikusia duela jendeak barruan dituen frustrazioekin. Frustrazio pertsonalak kirolean kanalizatzeko modu bat onartu da gizartean. Nik auzo-lotsa sentitzen dut.
“Frustrazio pertsonalak kirolean kanalizatzeko modu bat onartu da gizartean”
Epaileak egindakoarekin ados ez daudenean eta builaka hasten direnean, pentsatu beharko lukete: nire bizitzako beste esparruetan, non posizionatzen ari naiz, beste pertsonei dagokienez, asimetria batetik, agian? Zer egiten ari naiz bakarrik eta ahultasun-egoera batean dagoen epailearekin? Hori dena haurren partiduan gertatzen da, eta gurpil zoro bat da, haurrak jarrera horiek barneratzen doazelako.
Zirt edo zart egin behar dugu. Prest gaude erabaki zorrotzak hartzeko? Edo jarraituko dugu esaten kultura-aldaketa bat dela eta gutxinaka egin behar dela?
Uste dut ardura hartu beharko genukeela komunitate mailan. Baina nork hartzen du ardura? Jokabide horiek errepikatu egiten dira gero gazteengan. Aldageletan ikusten dugun bortizkeria hori, berdinen arteko bortizkeria, mutilen artean gertatzen ari da batez ere. Nesken artean ere badira egoerak, baina ez hainbeste. Badute nahikoa lan mutilen artean beren lekua bilatzen.
“Aldageletan ikusten dugun bortizkeria mutilen artean gertatzen ari da, batez ere”
Gurasook zenbat denbora dedikatzen diogu gai honi? Lagundu al diegu gazteei enpatia garatzen? Berdintasunean oinarritutako harremanak ikusi dituzte etxean? Beraz, nola erakutsiko diegu guk eduki ez duguna?
Zer gehiago hausnartu beharko genuke gurasook?
Bada haurrek ez dutela behar etengabe zeinen ona den esatea eta txalo egitea, edo kirolean etengabe gurasoen aholkuak jasotzea. Askotan, badirudi gurasoen identitatea bera dagoela jokoan, seme-alaben kirolaren bitartez sortzen dutela identitate propio hori. Kalte handia eragiten du presio horrek nerabeengan.
“Badirudi gurasoek seme-alaben kirolaren bitartez eraikitzen dutela beren identitatea. Kalte handia eragiten du presio horrek nerabeengan”


