Garunaren garapena eta mendekotasunak

Naiara Ozamiz Etxebarria eta Nahia Idoiaga Mondragon / Psikologo ebolutiboak

Nerabezaroa garunaren garapenak berak baldintzatzen du, gainerako aldaketa fisiologikoak baino beranduago gauzatzen baita. Atzerapen horrek adikzioekiko zaurgarri egiten ditu nerabeak. Garunaren garapenaren ezaugarri hauek baldintzatzen dute mendekotasunekiko zaurgarritasun hori:

Sistema linbikoaren garapena:

Sariak eta plazera: sistema linbikoa garunean sariak eta plazera jasotzen dituen eremua da. Nerabezaroan, sistema hori oso aktibo dago, eta, horren ondorioz, nerabeek esperientzia atseginak bilatzen dituzte, baita substantzien erabilera ere.

Dopaminarekiko sentikortasuna: sistema linbikoan jarduera dopaminergikoa areagotzen da nerabezaroan, eta, ondorioz, drogen erabilerarekin plazer handiagoa sentitzen dute.

Lobulu prefrontalaren garapena:

Bulkaden kontrola: lobulu prefrontala da erabakiak hartzeko, bulkadak kontrolatzeko eta epe luzeko plangintzak egiteko gaitasuna duen eremua. Sistema linbikoa baino motelago garatzen da. Heldutasun falta erlatibo horrek tentazioei aurre egiteko eta substantziak erabiltzearen epe luzeko ondorioak ebaluatzeko gaitasun txikiagoa ekartzen du.

Arriskuen ebaluazioa: nerabeek arriskuak gutxiesteko eta sariak gehiegi balioesteko joera dute, lobulu prefrontalaren heldutasun-eza dela eta, eta horrek drogekin esperimentatzeko probabilitatea handitu dezake.

Garunaren plastikotasuna:

Ikaskuntza eta egokitzapena: nerabeen garuna oso plastikoa da. Moldagarritasun horrek ematen dio azkar ikasteko gaitasuna. Baina, era berean, plastikotasun horrek drogen ondorio iraunkorren aurrean kalteberagoa egiten du garuna. Izan ere, substantziekin behin eta berriz izandako esperientziek drogen erabilerarekin lotutako konexio neuronalak indartu ditzakete.

FAKTORE PSIKOSOZIALAK:

Garunaren garapenaz gain, badira adikzioak baldintzatzen dituzten faktore psikosozialak ere, oso kontuan hartu beharrekoak. Batetik, pareen eragina: ikaskideen presioak eta gizarte-onarpena bilatzeak eragin handia izan dezakete nerabearen portaeran, substantziekin esperimentatzera bultzatuz. Bestetik, identitatea bilatzea: gaztearen nortasuna osatzeak probatzea eta esperimentatzea eskatzen du, ezinbestean. Arriskuak hartzeko eta esperientzia berriak probatzeko irekiago daude prozesu horren baitan.

Scroll to Top