Nerabezaroaren etapak

Naiara Ozamiz Etxebarria eta Nahia Idoiaga Mondragon / Psikologo ebolutiboak

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera (2024), nerabezaroa 10 eta 19 urte bitarteko hazkunde-aldia da, haurtzaroaren eta helduaroaren artean kokatua. Ez da haurtzarotik helduarora igarotze hutsa, prozesu luze eta biopsikosozial bat da, aldaketa fisiologikoak, kognitiboak, emozionalak eta sozialak gertatzen baitira.

Musitu Ochoak (2004) hiru fasetan banatzen du nerabezaroa:

  • Lehen nerabezaroa (12-14 urte): aldaketa fisiko eta biologiko handiak gertatzen dira. Nerabeak beren fisikoaren eta emozioen inguruko kezkak izaten hasten dira, beren  gorputzaren irudi bat eraikitzen. Aldaketa sexualak, fisikoak eta fisiologikoak izaten dira.
  • Erdiko nerabezaroa (15-17 urte): aldaketa emozional handiak ekartzen ditu, eta arrisku-jokabideak azaltzen dira lehenengoz. Norbere buruaren pertzepzio sozialarekiko kezka azaltzen da. Gorputzak hazten eta aldatzen jarraitzen du.
  • Nerabezaro berantiarra (18-20 urte): gazteek oraindik ez dituzte beren gain hartzen helduen erantzukizunak, baina haurren eta nerabe gazteen mendekotasuna gainditzen dute. Nerabezaroko ohiko arriskuak esploratzen dituzte oraindik.

Nerabearen zeregin edo erronka garrantzitsuenetako bat identitate pertsonala garatzea da, eta, horretarako, funtsezkoa da nork bere burua ezagutzea. Autokontzeptu on bat izatea ezinbestekoa da pertsonaren garapen mental osasuntsua gerta dadin. Beraz, autoestimu ona edo autopertzepzio positiboa izatea faktore babeslea da nerabezaroan esploratzen dituzten arriskuetan ondorio negatiboak ekiditeko.

Aldaketa fisikoak:

Neskek 10-12 urterekin dituzte lehenengo aldaketa fisikoak, eta mutilek 12-14 urterekin. Haien gorputzean gertatzen diren aldaketa fisiko eta sexualak ezagunak dira, baina badira nerabeen jokabideak ulertzeko guztiz funtsezkoak diren bestelako aldaketak. Batez ere, garunean gertatzen direnak.

Garunaren garapena:

  • Kortex prefrontalaren garapena: garunaren aurrealdean dago kortex prefrontala. Funtzio kognitibo eta betearazleak ditu: bere ardura dira plangintza, erabakiak hartzea, bulkadak kontrolatzea eta epe luzerako pentsamendua. Nerabezaroan gertatzen den garapen fisiologikoan, garuneko eremu hau da azkena garatzen dena, 25 urte inguruan, gainerako aldaketa fisiologiko guztiak amaituta daudenean.
  • Kortex prefrontala guztiz garatu gabe dagoen bitartean, sentikortasun handiagoa dago sariekiko eta emozioekiko.
  • Sistema linbikoaren garapena: sistema linbikoa erantzun emozionalak ematen dituen garuneko eremua da, eta oso aktibo dago nerabezaroan. Horrek eragiten du nerabeek emozioak bor-bor izatea etengabe. Arrazoitzeko ardura duen kortex prefrontala guztiz garatu gabe dutenez, emozioak ezin dituzte kontrolatu, eta inpaktu handia dute haiengan. Sistema linbikoaren aktibazioak eragiten du nerabeek esperientzia berriak bilatzeko eta arriskuak hartzeko joera handiagoa izatea ere. Dopaminak, plazerarekin eta sariarekin lotutako neurotransmisoreak, funtzio garrantzitsua du portaera horretan. Berezko prozesu normala da, garunaren garapenak markatzen duena.
  • Garunaren plastikotasuna: nerabearen garuna oso plastikoa da. Ezinbesteko ezaugarria da pertsonaren garapenean erabakigarri den etapa horretan. Neuronen arteko konexioak berregituratzen ari dira. Ikasteko eta esperimentatzeko garaia da, eta horretarako, garunak plastikotasun handia du: sortzeko gogoa dute, esploratzeko gogoa, mundu berriak ezagutzeko gogoa.

Batzuetan, badirudi nerabeek erabaki oldarkorrak edo irrazionalak hartzen dituztela, baina portaera horiek jasaten ari diren aldaketa neurologikoen ondorio dira. Garuna nola garatzen den ulertzeak lagundu diezaieke gurasoei, hezitzaileei eta osasun-arloko profesionalei trantsizio-etapa honetan nerabeei hobeto laguntzen.

Aldaketa psikologikoak:

Pertsonen heltze psikologikoa ere nerabezaroan gertatzen da:

  • Pentsamendu abstraktua garatzen dute. Pentsamendu arrazionalak nerabeari bere buruaz pentsatzeko gaitasuna emango dio. Pentsamendu logikoa eta abstraktua, hipotesiak egiteko trebetasuna du.
    • Bere iragana aztertuko du.
    • Bere autokontzeptua osatuko du.
    • Geroko proiektuak eta kontzientzia zein balio moralak aukeratuko ditu.
    • Horrek guztiak identitatea osatuko du eta nortasunak forma hartzen du.
    • Besteen ikuspegia kontuan hartzeko gai izaten hasten dira, kontzientzia morala sortzen da eta balio batzuk beretzat joko dituzte.
    • Modu hipotetikoan arrazoitzeko gaitasuna eskuratzen dute, eta inkoherentziak identifika ditzakete besteen arrazoinamenduetan. Horrela, hipokresia bezalako kontzeptuak ulertuko dituzte. Horri erantzunez, euren buruari hitzematen diote ez dituztela inoiz hautsiko beren idealak.
    • Autokontzeptua garatzen dute, beren buruaz dituzten datu fisiko, psikiko eta sozialetatik abiatuta.
    • Beren buruari dioten maitasuna edo estimua erabakiko dute: autoestimua. Horretarako, nerabeek besteen onespena behar dute, batez ere gurasoena, askotan kontrakoa badirudi ere.

Mendebaldeko kulturaren ezaugarri berezia: nerabezaroa luzatzen ari da

Nerabezaroa luzatuz doa gure kulturan. Gero eta lehenago hasten dute gaztetxoek nerabezaroa, eta gero eta beranduago ateratzen dira handik. Ondorioz, helduen rolak beranduago hartzen dituzte, 25-26 urte inguruan. Horrek ondorio zuzenak ditu gazteengan, pubertaroa gainditu dutenean, haurren eta helduen ezaugarriak nahastuta izaten baitituzte:

  • Helduen gorputza dute jada.
  • Helduaren pentsamendua dute, pentsamendu logiko-abstrakturako gaitasuna.
  • Helduek bezala sentitzen dute (beren bizitza afektiboa etxetik kanpora ateratzen dute, beste pertsona batekin harreman berezia eta intimoa izateko).
  • Baina ez dira helduak bezala bizi (sozialki ez dira helduak): ez dira ekonomikoki askeak eta ez dituzte helduen ardurak (lana, familia…).
Scroll to Top