“Osasun mentalaren auzia maila indibidualean lantzen jarraitzen badugu, psikofarmakoen kontsumoak gailentzen jarraituko du”

Osasunaren ikuspegi soziala du Xabi Martinez Mendiak. EHUko diziplina anitzeko OPIK ikerketa-taldeko kidea da, eta soziologoekin, psikologoekin, arkitektoekin, ekonomialariekin, erizainekin eta bestelako lankide batzuekin elkarlanean osatu du osasun mentalaren inguruan egiten duen irakurketa. Gizartearen egiturak gazteen osasun mentalean duen eragina azpimarratu du, eta krisi honen irtenbidea maila horretan ikusten du: gizarteak nola baldintzatzen dituen kontzientzia hartzea gazteek, eta kolektiboki ahalduntzea.

Zein dira gazteei gehien eragiten dieten gizarte-baldintzatzaileak?

Faktore askok eragiten dute. Batetik, kontziente izan behar dugu gure gizartearen antolaketan garrantzi handia duela adinak, eta gazteek funtzio jakin bat dutela gizarte honetan: gizarte mailako aldaketak gorpuzteko garaia da gaztaroa. Hala, egungo krisialdi- eta prekarietate-garaian, lanean eta espektatiba sozialetan posizio subalterno bat dute gazteek. Horrek asko eragiten die.

Generoak ere eragin zuzena du, justu nerabezaroan rolak ezartzen direlako, sozializazio bete-betean.

Eta egoera sozioekonomikoak ere eragiten du, noski. Gazteek familiarekiko dependentzia dute, eta familiako arauetan eta dinamiketan posizio azpiratu bat dute. Batzuetan, egoera zaurgarrietan jartzen ditu horrek. Oro har, gizartea antolatzeko ditugun dinamika gehienetan posizio zaurgarriagoan daude.

Nola eragiten dute gizarteak ezartzen dituen baldintzatzaile horiek guztiek nerabearen eraikuntzan?

Generoak, jatorriak eta familiaren egoera sozioekonomikoak erabat baldintzatu dezakete gazteak non ikasten duen, zer familia-mota duen, zer bizi-ibilbide izango duen, inguruarekin zer harreman duen… Eta oso garrantzitsua da jakitea nortasunaren eraikuntzan patroi jakin batzuk azaltzen eta errepikatzen direla ezaugarri horien ondorioz.

Ezinbestekoa da gazteei hori dena kontatzea, genero-patroi horiek identifikatzen eta ezagutzen laguntzea, norbere burua ulertzeko, eta ulertzeko, baita ere, gure espektatibak, rolak eta autopertzepzioa nolakoak diren. Baina baita norbere osasuna eta osasun mentala ulertzeko ere. Kontziente izan behar dugu ideia hegemoniko batzuk daudela emakume edo eta gizon izatearen inguruan, eta mandatu ezkutu batzuk jasotzen ditugula gaztetatik, asko baldintzatzen gaituztenak.

“Ezinbestekoa da gazteek zuzenean parte hartzea osasun mentaleko arazoen konponbidean”

Gazteek behin eta berriz aipatu digute toki seguruak eraikitzeko beharra dutela. Zer aldatu beharko litzateke horretarako?

Ikusita zenbateraino den konplexua arazoa, konponbideak ikuspegi integrala beharko luke, eta hainbat mailatan eragin beharko litzateke:

Batetik, erantzukizun indibiduala dago: bakoitzak kontzientzia hartzea, bere emozioen ezagutza lantzea, eta heldu moduan izan dezakeen funtzioa berrikustea. Baina gerta liteke maila horretan egiten diren proposamenak aldaketarako nahikoa ez izatea, ez badira txertatzen askoz ekimen kolektiboago edo komunitarioago batean.

Hori da bigarren maila, arlo komunitarioa lantzea. Osasun mentalaren auzia indibidualizatzen eta testuingururik gabe begiratzen jarraitzen badugu, psikofarmakoen kontsumoak gailentzen jarraituko du. Beraz, garrantzitsua da gure inguruan, hezkuntza mailan, herri mailan, lagun mailan bizitza eta ikuspegi komunitario hori indartzea.

Eta ezinbestekoa iruditzen zait arazo honen konponbidean gazteek zuzenean parte hartzea, gazte-ekimenak bultzatzea eta, batez ere, helduek ez oztopatzea. Espazio horietan ahalduntze bat gertatzen delako, eta gazteek ulertzen dutelako arazoak modu indibidualean konpontzea baino askoz ere eraginkorragoa dela modu kolektiboago batean ulertzea. Beste bide batzuk hartzen laguntzen du horrek.

Eta nola heldu egiturazko faktore horiei?

Hori da zailena, egiturazko faktoreen mailan eragitea. Izan ere, osasun mentalean eragina duten gai askok lotura zuzena dute gizartea antolatzeko moduarekin eta harreman sozial hauekin. Arazo mentalak sortu eta betikotzen dituzte.

Zentzu horretan, oso garrantzitsua da baldintza horiek gainditzeko proposatzen diren ekimenak entzutea, bultzatzea eta elikatzea.

Eta ezinbestekoa da politikoki eragitea ere. Gizartea antolatzen duten lege eta logika mugatzaile horiek guztiak gainditzeko ahalegina egin behar da; esaterako, lan-merkatuari eta genero-berdintasunari dagokionez. Beste antolaketa-mota batzuk jarri behar dira mahai gainean erro soziala duten arazo horiek gainditu ahal izateko.

Xabi Martinez Mendia

Farmazialaria eta Osasun Publikoko doktoregaia da EHUn, OPIK Osasunaren Gizarte Determinatzaile eta Aldaketa Demografikoari buruzko ikerketa-taldean. Nerabeen psikofarmako-kontsumoa ikertzen du. Hain zuzen, generoak, klase sozialak eta jatorriak duten eragina.

Scroll to Top