Nola sentitzen dira gaur egungo gazteak?
Nik esango nuke gaur egungo gazteek badutela, oro har, sentsazio bat nahiko markatua: ziurgabetasunaren sentsazioa, beldurra, etorkizunarekiko mesfidantza bat. Desatxikimendua, antsietatea,…
Zein da sentipen horiek izateko arrazoia?
Gaztaroa beti da eraldaketa-momentu bat, berezko ezaugarria du, baina gaur egungo gazteak eraldaketa handiko testuinguru sozial bat jasaten ari dira. Etengabeko krisi-sentsazio batean bizi dira. Eta badago belaunaldi zaharrarekiko haustura ekonomiko eta sozial ikaragarri bat, badakitelako, hein batean, gurasoak baino okerrago biziko direla, aurreko belaunaldiek ez bezala. Horrek sortzen du testuinguruarekiko nolabaiteko beldur bat, itxaropen falta bat.
Bestetik, eragin handia dute gaur egungo hezkuntza-sisteman bizi dituzten exijentziak eta lehiakortasunak. Eta bestelako faktoreek ere, noski: etxeko egoerak eta sare sozialetako dinamikak faktore garrantzitsuak izan ahal dira.
“Egungo tresna teknologikoek isolamendu-sentsazioa eraiki dute pertsonengan”
Gizarte teknologiko batean bizi gara. Nola eragiten die horrek?
Aldaketa teknologiko eta kultural nabarmena gertatu da gure gizartean azken hamarkadan, eta orain, gure errealitatea esperientzia digitalaren bitartez ere ulertzen dugu. Eta, noski, tresna teknologiko horiek ez dira neutroak: errealitate digital horrek badu bere dinamika propioa, algoritmo propioa, erritmo propioa… eta horrek bizitza analogiko edo “errealarekiko” distantzia bat sortzen du, interes falta bat.
Horien bitartez, harreman interpertsonal asinkronikoak bizi ditugu denok, uneoro gaude konektatuta. Onlineko presentzia etengabeak eta informazio-bonbardaketak zaildu egiten dute jasotzen ditugun estimulu guztiei aurre egiteko aukera, bereziki gazteei. Azkartasuna, atomizazioa eta indibidualizazioa indartzen dute tresna teknologikoek, eta azkenean, isolamendu-sentsazio bat eraiki dezakete pertsonengan. Bakardadea.
Nerabeen ondoezak gora egin du. Zer joera ikusten dituzue ondoeza artatzeko moduan?
Badago termino bat oso ondo azaltzen duena gaur egun gizartearen ondoezari eta arazo orori ematen zaion erantzuna: medikalizazioa. Azken finean, gehienetan, gazteek ez dute nora jo. Osasun-sistematik kanpo, ez dago haien eguneroko arazoak konpondu ditzakeen beste egitura eskuragarririk.
Baina, gure gizartean, osasun-sistema bi aurpegiko txanpona da. Batetik, osasun-sistemarekiko espektatiba handiak ditugu. Gure osasun-arazoak konpontzeko betebeharra ezartzen diogu: badago espektatiba sozial bat, ondoeza teknikoki artatu dezaten. Inkontzienteki, herritarrok badugu espektatiba hori osasun-sistemarekiko. Eta, bestetik, osasun-sistemak, historikoki, gizartearen beharren araberako funtzioak betetzeko gai ez diren pertsonak bideratu eta kontrolatzeko betekizuna ere izan du. Beraz, eguneroko bizitza produktibitate eta funtzionaltasun osoz bizitzeko gai ez diren herritarrak artatzeko betekizuna du. Eta, hori, medikalizatuz lortzen dute.
Zuen ikerketan psikofarmakoen erabilera aztertu duzue. Zer ikusi duzue?
Orokorrean, antsiolitiko eta hipnosedatzaileen kontsumoa igotzen ari da nerabeen artean. Ikusi dugu kontsumo hori altuagoa dela nesken artean eta ikasketa-maila baxua duten gurasoen seme-alaben artean. Finean, kontsumoak generoarekin eta maila sozioekonomikoarekin zerikusia du.
Arazo askoren aurrean, osasun-sisteman ematen den irtenbidea diagnostiko eta preskripzio mediko batean amaitzen da. Osasun mentala modu indibidualean lantzeko joera du, berdin artatzen ditu arazo pertsonalak zein egiturazkoak edo testuinguruaren menpekoak direnak. Modu indibidualean artatzen ditu denak.
Psikofarmakoak emanda, erantzun azkarra eta zuzena ematen da, eta sakoneko lanketa behar duten arazoak alboratzen dira askotan. Azken finean, osasun-sistemaren eta gizartea antolatzeko moduaren mugetan ematen den erantzun bat da. Horrela, itxuraz “lasaitu” egiten da pertsona, eta herritar bezala ditugun betebehar guztiei azkar erantzuteko eta bizitzarekin aurrera jarraitzeko gai gara berehala.
“Nerabe askok familian bertan ikusten dute lehenengo aldiz psikofarmakoen kontsumoa”
Erabat naturalizatu dugu psikofarmakoen erabilera?
Badago diskurtso biomediko oso hedatu bat psikofarmakoen alde, eta diskurtso biomediko hori erreproduzitzen dute bai hezkuntzak eta baita komunikabideek ere.
Baina familiak ere oso paper garrantzitsua du instituzio gisa. Nerabe askok familian bertan ikusten dute lehenengo aldiz psikofarmakoen kontsumoa; hor dute lehenengo kontaktua. Kontsulta medikoan, aitak eta, batez ere, amak duen kontsumoari egiten diote erreferentzia. Beraz, etxean bertan gerta daiteke transmisioa; gurasoek adierazten dute, moduren batean, pastilla dela konponbidea, nahiz eta askotan mezu kontzientea ez izan.
Generoaren ikuspegitik begiratuta, desberdintasunak ikusi dituzue psikofarmakoen erabileran. Zein da azalpena?
Oso garrantzitsua da psikofarmakoen kontsumoa genero-ikuspegiz aztertzea. Modu sistematikoan ikusten da emakumeek askoz gehiago kontsumitzen dituztela, adin-tarte guztietan, antsiolitiko eta antidepresiboen kasuan gehienbat. Eta bereziki nerabezaroan aztertu behar da, hamaika-hamabi urterekin hasten baita desberdintasun hori.
Zer gertatzen da justu adin-tarte horretan, halako desberdintasuna agertzeko eta betikotzeko? Batetik, ikusten da gizartearen genero-desberdintasunek sufrimendu espezifiko batzuk eragiten dituztela neska gazteengan. Adibidez, exijentzia akademiko ikaragarria jartzen da haiengan. Bizitzen duten presio estetikoa ere oso gogorra da.
Bestetik, erraztasun handiagoa dute neskek ondoez hori mediku baten gunera eramateko. Beren emozioak azaltzea baimentzen zaie, bai eta beren burua zaurgarri erakustea ere gizartearen aurrean. Beraz, askoz errazago egiten dute klinikorako bidea.
Azkenik, arreta klinikoan desberdintasunak hautematen dira. Ikerketa ugarik adierazi dute, sintoma eta diagnostiko bertsuak izanik ere, neskei errazago ematen zaizkiela psikofarmakoak. Zabaldua dago psikiatrian, psikologian eta medikuntzan emakumeek osasun mental okerragorako joera dutela. Emakumeen aferak patologizatu egin dira historikoki.
Horrela amaitzen dute neska gazteek psikofarmakoak hartzen, modu oso pribatu batean eta inguruarekiko disrupzio handirik eragin gabe. Modu legal batean.
“Mutil gazteek erraztasun handiagoa dute bizi duten ondoeza drogen kontsumoaz baretzeko”
Gizon gazteek, ordea, portaera-nahasmendu gehiago eta droga-kontsumo altuagoa erakusten dute. Bizi duten ondoeza drogen kontsumoarekin baretzeko erraztasun handiagoa dute, gizartearekiko disruptiboak diren jarrera horiek hobeto egiten dutelako bat rol maskulinoarekin.