Zer da nerabezaroa?
Nerabezaroa 10-19 urteko garaia da, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Haur izatetik heldu izatera igarotzeko trantsizioa da, aldaketa-garai bat. Aldaketa fisiologikoak, psikologikoak, sozialak eta kognitiboak gertatzen dira. Pertsonaren identitatea sortzea da nerabezaroaren erronka nagusia.
Zergatik da garrantzitsua identitatearen eraikuntza-fase hori ondo egitea?
Nerabeak bere nortasuna erabakiko du fase horretan. Bere identitatea modu egokian eraikitzen baldin badu, ez du izango identitate hipotekatu bat, non bere gurasoek erabakitzen duten nolakoa izango den, adibidez. Edo ez da nahasia ibiliko eta erabaki koherenteak hartuko ditu. Eta arrisku gutxiago hartuko ditu bere buruarentzat.
Ez badu eraikuntza-fase hori ondo egiten, nahasmenduak izan ditzake. Esperimentazio-garai bat da nerabezaroa berez, baina, ez badu identitate sendo bat eraikitzen, litekeena da arrisku gehiegi hartzea. Edo adikzio gehiago izan ditzake, edo harreman desegonkorrak eraiki, adibidez.
Zein dira fase horretan nahasmenduren bat iragar dezaketen alarmak?
Asko dira alarmak, baina batzuetan ez da erraza nerabeengan identifikatzea, justu trantsizio-garai batean egonik aldaketa-garaia delako. Askotariko alarmak daude: umore-aldaketa handiak edukitzea; bat-batean asko argaltzea; loaldiarenn aldaketa handiak; erabat isolatu eta ezertarako inolako interesik ez erakustea; gehiegizko kezkak edo beldurrak, egunerokotasunean eragina dutenak; portaera-aldaketa handiak.
Ohartarazteko beste zeinu batzuk honako hauek dira: helduekin oso jarrera negatibista eta desafiatzailea izatea, oldarkorra, hitzez edo fisikoki; kontzentratzeko zailtasuna, arreta zeregin monotonoetan mantentzeko ezintasuna, ezin geldi egotea; gero eta gutxiago jatea; gehiegizko ariketa fisikoa egitea… Badira sintoma fisiko batzuk ere: buruko eta urdaileko mina izatea maiz, tristura edo antsietatearen ordez, pertsona helduetan gertatzen den bezala; nork bere burua zauritzea, ezkutuan gorde nahi dituen ebakiak, erredurak edo ubeldurak; pentsamendu suizidak; edo suizidio-saiakerak.
Substantzien eta drogen abusua bada alarma, noski; edo arazo emozional batetik isolatzeko teknologia berrien erabilera gehiegizkoa –sare sozialak, Internet, jokoak, mugikorra–; normalean gustatzen zaizkion gauzekiko interesa galtzea edo gogoko dituen jarduerak uztea; hurbileneko lagunekin planak bertan behera uztea; lehen ez zituen zailtasun akademikoak azaltzea; bakean uzten ez duten pentsamendu edo kezka etengabeak; inoiz ezagutu ez duzun lagun-talde guztiz berri batekin ibiltzea; obsesioak…
Baita jokabide arriskutsuak azaltzea ere. Batez ere, jokabide horiek denboran zehar luzatzen badira eta intentsitate handikoak badira, edo gaztearen egunerokotasunean eragina badute. Hala bada, susmatu daiteke nahasmendu bat garatzen ari dela.
Zein dira gaur egun dauden nahasmendu nagusiak? Eta zergatik dira horiek?
Gaur egun, antsietatea eta depresioa dira nerabeen artean nahasmendu ohikoenak. Batez ere neskengan. Baita elikadura-nahasmenduak ere. Mutilengan, berriz, ohikoagoak dira beste nahasmendu batzuk: hiperaktibitatea, substantzien gehiegizko kontsumoa eta adikzioak, oro har, eta jokabide antisozialak.
“Uste dut gure gizartearen indibidualismoak eragin handia duela nahasmenduen garapenean”
Nerabezaroaren berezko ezaugarriek nahasmenduak izatea errazten dute?
Bai, nahasmenduak izateko arriskua areagotu dezakete, oso garai sentsiblea baita. Nerabezaroan garunak plastikotasun handia du; beraz, inguruko estimuluek eragin handia daukate, onerako eta txarrerako. Garai zaurgarria da. Estimulu batzuek eragina izan dezakete nahasmenduetan.
Bestalde, nerabeek presio sozial handia dute, eta gogoratu behar da identitatea sortzen ari direla garai horretan. Ingurunean daukaten presioaren arabera, gerta liteke nahasmenduak garatzea. Bizitzen ari diren aldaketa hormonalek ere eragina izan dezakete nahasmenduak garatzean. Eta nabarmenduko nuke gure gizartearen indibidualismoak eragin handia duela nahasmenduen garapenean ere. Beraz, bai, garai zaurgarria da. Baina, gehienek, osasunez gainditzen dute etapa hau.
Zer da antsietatea?
Antsietatea guztiok dugun erreakzio natural bat da, beldurraren aurrean eta ziurgabetasunaren aurrean sentitu dezakeguna. Erreakzio fisiko, psikologiko eta jokabidezko erreakzio ezberdinak gertatzen dira une horretan. Adibidez, antsietatea ager daiteke eta urduri jar gaitezke azterketa baten aurrean, gorputzak egoera horri aurre egiteko prestatzen gaituelako. Baina antsietatea denboran zehar luzatzen bada, eta egoera askotan azaltzen bada, edo zure egunerokotasunean eragina baldin badu, pentsa dezakegu nahasmendu bat izan daitekeela.
Nerabeen antsietatea modu askotan ager daiteke, eta funtsezkoa da gurasoak, hezitzaileak eta osasun-profesionalak sintoma horiei adi egotea eta beharrezko laguntza ematea. Modu askotara egin daiteke: terapia, erlaxazio teknikak ikastea, alfabetizazio emozionala, trebetasun sozialak ikastea, autoestimua eta autokontzeptua lantzea…
Zer da depresioa?
Depresioa gogo-aldartearen nahasmendu bat da, non pertsona triste sentitzen den luzaroan. Ez du gozamenik sentitzen, lo-nahasmenduak ditu, ez dauka ezertarako gogorik… Guztiok egoten gara triste noizbehinka, baina kasu honetan eragina du pertsonaren egunerokotasunean du, eta arazo larria da. Askotan, suizidio-pentsamenduak izaten dira.
“Osasun-sistema publikoak ez du nahikoa baliabiderik gazteei psikoterapia eskaintzeko, eta zerbitzu pribatuetara jo behar izaten dute”
Eta osasun-sistemak nola artatzen du gaur egun depresioa?
Kasuaren araberakoa da tratamendua. Printzipioz, psikoterapia izango litzateke egokiena, baina kasu jakin batzuetan farmakoterapia ere behar da, egoera oso larria denean. Zenbaitetan, farmakoterapia eta psikoterapiaren arteko konbinazioa egiten da.
Osasun-sistemak ez du baliabide nahikorik dauden nerabe guztiak eta dituzten arazo guztiei aurre egiteko. Nahasmendu gehienei aurre egiteko, psikoterapia da tratamendurik eraginkorrena. Baina psikologoen paziente-ratioak oso handiak dira, eta osasun sistemak
ez du baliabiderik psikoterapia behar duten gazte guztiei emateko. Horregatik, farmakoterapiara jotzen da.
Psikoterapiara doazen gazteak, normalean, zerbitzu pribatuetara joaten dira. Baldintzapen ekonomiko handiak daude horretarako nerabeen artean.
Zer garrantzi du adimen emozionalak nahasmenduen garapenean?
Adimen emozionalak garrantzi handia du nahasmenduen garapenean. Adimen emozional ona duen nerabeak bere burua ezagutu eta onartzen du, hobeto identifikatzen ditu bere emozioak, eta hobeto erregulatzen ditu haserrea, frustrazioa… Frustrazio horrekiko tolerantzia handiagoa du, eta modu eraikitzailean egiten dio aurre. Bere indarguneak eta ahulezia emozionalak ezagutzen ditu. Harreman osasuntsuagoak eta osasun mental hobea izango ditu. Erresilientziarako gaitasuna izango du. Laburtuz, adimen emozional on bat izateak nahasmenduak prebenitzen ditu .
Bestetik, errendimendu akademikoan ere eragingo du. Motibazio handiagoa izango du, bere etorkizuna planifikatzeko gaitasun handiagoa izango du, eta horrek guztiak zuzenean bere ongizateari eragingo dio.
“Gizartean osasun mentalaren inguruko estigma murriztuko balitz, nerabeek modu naturalagoan eskatuko lukete laguntza”
Gizarte moduan zer aldatu beharko genuke gazteen osasun mentalak hobera egiteko?
Hasteko, inbertsio handia behar du gai honek. Bestetik, nahasmenduei aurre egiteko, elkarlanean lan egin beharko lukete familiek, irakasleek eta osasungintzako langileek. Bakoitzak maila desberdinean eragingo luke gero. Familietan ahalegin handia egin beharko litzateke nerabeekin modu osasuntsuan komunikatzeko, demokratikoki, berekin hitz eginez. Hezkuntzan, adimen emozionala irakatsi beharko litzateke, oso txikitandik. Eta, osasunari dagokionez, erraztasun gehiago beharko lirateke gazteek psikoterapia jasotzeko.
Horrez gain, garrantzitsua iruditzen zait gizartean osasun mentaleko arazoek duten estigma murriztea. Hala, nerabeek laguntza gehiago eskatuko lukete, modu naturalagoan.