Nahia, nola bizi dute gazteek osasun mentalaren gaia?
Uste dut harro egon beharko genukeela gazteen artean osasun mentala tabu izateari uzten ari zaiolako. Oso barneratua dute psikologoarenera joatea, gu haien sasoian medikuarenera joaten ginen pareko zerbait da. Beren eguneroko errutinan sartzen da osasun mental hori zaintzea. Tabu horiek apurtzeak eragin handia izango du etorkizuneko helduetan.
Datuek diote gaur egungo gazteek gero eta ondoez emozional handiagoa dutela. Garrantzitsua da nahasmenduren bat iragarri dezaketen alarmak ezagutzea?
Alarmak zeintzuk diren argi edukitzea garrantzitsua da, baina egia da ez dagoela denentzat balio duen errezetarik. Alarmak baino gehiago, gurasoei gomendatuko niekeena da mantendu ditzatela zabalik komunikazio-kanalak seme-alabekin. Aprobetxa ditzatela beren seme- alabek komunikatzeko ematen dizkieten momentu guztiak, nahiz eta justu momentu hori ez izan egokiena berentzat. Gazteak zurekin hitz egiteko tarte bat hartzen badu, hartu zuk ere. Komunikazio-kanala zabalik sentitzen dutenean, momenturen batean iritsiko zaigu informazioa.
“Gurasook exijentzia-maila handia jartzen diegu seme-alabei, gu baino hobeak izan daitezen”
Zergatik ari dira ugaritzen osasun mentaleko arazoak?
Uste dut gorakada honek badituela bi arrazoi: batetik, gaiaz gehiago hitz egiten dela, eta, beraz, arazo emozionalak dituztenak libreago direla lehen isilean gordetzen zituzten arazoak plazaratzeko. Eta, bestetik, gaur egungo gizartearen idiosinkrasia: gazteak bi planotan bizi dira, plano errealean eta digitalean, aldi berean, eta ikasi behar dute sozializatzen bai plano errealean, bai digitalean. Hori egin behar izan duen lehen belaunaldia dira, eta gurasoek ez dakite nola gidatu plano berri digital horretan.
Bestetik, aisialdi aukera erreal oso txikia dute, erritmo biziegia ezartzen diegu. Askoz ere gutxiago egoten dira kalean, eta batez ere naturan. Horrek guztiak gaur egungo gazteriaren eta, orokorrean, gizarte osoaren osasun mentalean eragiten du. Horri gehitzen zaizkio exijentzia-faseak: guztiok gaude gizarte kapitalista batean, non geroz eta gehiago produzitu behar dugun, geroz eta hobeak izan nahi dugun. Gurasook gero eta seme-alaba gutxiago dauzkagu, eta, beraz, dauzkagun gutxi horiek ikaslerik onenak, kirolaririk onenak eta ederrenak izatea nahi dugu. Exijentzia-maila handia jartzen diegu gu baino hobeak izan daitezen, akademikoki, itxura fisikoan, sozialki…
Plano digital hori sari eta errefortzu etengabez beteta dago ere, eta gazteak, bizitzea egokitu zaien aro berezi honengatik eta daukaten garunagatik, bereziki sentikorrak dira haiekiko. Sare sozialetako irudi ideal horiek, adibidez. Azkenean, exijentzia-maila hain handia denean esparru guztietan, hain urruti sentitzen dugun horretara ezin iritsita gabiltzanean, erraza da autoestimua urratzea eta osasun mentaleko arazoak sortzea.
Gazte batengan nahasmenduren bat identifikatuz gero, zer egin beharko genuke?
Nahasmenduei aurre egitea zaila da, eta hor profesional egokien eskuetan jartzea da bidea. Min emozional handi bat dagoenean, gomendio onena izan daiteke babes-sare bat eraikitzea, eta sare horretan profesionalen laguntza baldin badago, are eta hobeto.
Baina garrantzitsuena ez da zer egin behar den nahasmenduen aurrean, baizik eta zer egin behar den prebentziorako. Azken finean, zelan heziko ditugu gaur egungo umeak, zelan lagunduko diegu gizarte berri honi aurre egiten? Zer egingo dugu haien estresa murrizteko? Zelan lagunduko diegu gizarte teknologiko geroz eta exijenteago honi aurre egiten? Zer-nolako baloreak landuko ditugu, eta zer-nolako babes-sareak landuko ditugu gazteen ongizate emozionala bermatzeko?
Gizartean egiturazkoak diren baldintzatzaile asko aipatu dituzu. Zer aldatu beharko genuke maila horretan?
Ez da erraza horiek aldatzea. Baina gutxienez, lehenik eta behin, osasun-sistema publikoari behar dituen lanabes eta baliabide guztiak eman beharko zaizkio. Gazteak artatzeko paziente-ratio txikiagoak behar ditu.
Bereziki garrantzitsua da eskola eta institutuetan egiten den lana ere. Adin horretako gazte gehienak eskolatuak daude, eta garrantzitsua da babes-sare sozialak hor eraikitzea, gazteek, edozein min patologizatu baino lehen, jakin dezaten nora jo, norekin hitz egin, helduon zer laguntza espero dezaketen eta parekoen babesa aurkitu dezaten.
Gazteek ere baliabide pertsonalak beharko dituzte: zer da txarto sentitzea? Zein dira nire buruarekiko alarma-seinaleak? Hori guztia ikuspegi sozial batetik landu behar da.
Azken finean, gizarteko agintariek ikusi behar dute osasun mentalaren gaia erdigunean ipini behar dela, bereziki gaztaroaren garrantzia aitortuz, mespretxatu gabe, haien sentimenduak aintzat hartzen, eta abiapuntu horretatik entzuten. Erdigunean jarri behar ditugu gazteak.