“Lehen, gazte bat baztertua zenean, etxea arnasgunea zen. Orain, mugikorrekin, ziberbullinga etengabea da”

Bullinga, bazterketak, autolesioak, antsietate-krisiak… Ez dute lan erraza irakasleek. Ez dira osasun mentaleko espezialistak, baina eskolan azaleratzen direnez lehenik arazoak, haiek daude lehen lerroan. Irakasleek eta gurasoek bidea elkarrekin eraikitzearen garrantzia azpimarratu du Miriam Arrieta orientatzaileak.

Ibilbide luzeko profesionala zara, gazteen osasun mentalak okerrera egin duela uste duzu?

Ez nintzateke ausartuko esatera okerrera egin duen edo ez. Egia da gaur egun gehiago hitz egiten dela horretaz. Garai batean ere bazeuden halako egoerak, baina, orain, gehiago hitz egiten da eskolan bertan. Alor honi garrantzi handia ematen zaio.

Eta hezitzaileok ere ausartago jokatzen dugu momentu honetan. Ikasle bat egoera zaurgarri batean dagoela ikusten badugu, gaiari heltzen diogu.

Zer egoerekin egin duzue topo?

Askotariko egoerak topatzen ditugu: gurasoen banaketak, guraso batek osasun mentaleko arazoak izatea… Denetik. Baditugu baita Aldundiko Gizarte Zerbitzuak bere esku hartu dituen kasuak ere.

“Batxilergoaren bigarren maila presio handiko ikasturte bat da. Askotan, ikasleak erori egiten zaizkigu”

Antsietate-nahasmendua gazte askotan gertatzen da. Eskolan, noiz gertatzen da gehien?

Nire esperientziaz, iristen zaizkigun antsietate-egoera gehienak Batxilergoan izaten dira. Batez ere, Batxilergoaren bigarren maila presio handiko ikasturte bat delako. Exijentzia handia dago, eta ikasleek erritmo gogorra eraman behar dute. Askotan, ikasleak erori egiten zaizkigu.

DBHn ere, momentu batzuetan izaten da ikasketekin lotutako antsietatea. Edo lagun-taldearekin ere, ezin ulertu horretan. Ikastolara etortzeak berak sortzen die antsietate hori.

Orientatzaile gisa, irakasleekin ere lantzen dituzu gai hauek. Zein da irakasleen egoera?

Batzuetan, tutoreek gaiari heltzeko beren ezintasunak adierazten dizkigute. Denontzat da zaila. Zenbait gaiez ikasleekin hitz egitea kosta egiten zaie, eta esku hartzeko segurtasuna sentitu behar dute. Batzuek adierazten dute: “ni ez naiz egoera hau kudeatzeko gai”. Edo, egoeraren konplexutasunaren aurrean, gurasoekin egoteko laguntza behar dute. Orduan, guk erreferente moduan jokatzen dugu, aholkuak eta babes hori emateko.

Une honetan, nola dago prestatuta hezkuntza-sistema, nahasmenduei aurre egiteko?

Une honetan, hezkuntza-sisteman protokolo pila bat ari dira martxan jartzen. Suizidioaren aurkako protokoloa, jazarpenaren aurkakoa… Baina egia da gero, errealitatean, baliabideak falta zaizkigula. Formakuntza asko egiten ditugu, batez ere orientatzaileok, baina gero ez dugu aukerarik besteei behar bezala transmititzeko. Formazio iraunkorra eta zabala behar dugu. 

Suizidioaren protokoloa nahiko berria da. 2022an eta 2023an hasi ziren formakuntza ematen, baina oraindik bada tabua. Protokolo horren helburua prebentzio-lana egitea da, batez ere tutoretzetan; azkenean, ikasleekin emozioen kudeaketa egokia lantzea, haien arteko harremanetarako estrategiak eta abar lantzea. Baina matematikako irakasleak egin behar badu, horretan ere formatu beharko du, segurtasuna edukitzeko.

Nerabezaroan, gerta daiteke, momentu puntual batzuetan, nerabe batek ideia suizida bat izatea. Komunikazio suizida bat ere egon daiteke. Adibidez, ikasle batek marrazki baten bidez adieraz dezake nahi hori. Edo suizidiorako ahalegina egin dezake. Horrelako egoera bat gertatzen denean, ikastetxeak egoera baloratu eta berehala komunikatu behar dio bai Ikuskaritzari eta bai Berritzegune Nagusiari.

Familiarekin ere harremanetan egon behar dugu. Jakin behar dugu nola transmititu familiari, elkarlan hori egin ahal izateko; eta gizarte-zerbitzuei, psikiatrari edo behar denari.

Eta, gero, ikasle hori ikastolara bueltatzen denean, ikasleekin hitz egin behar da, bueltan ikasle zaurgarri hori ahal den ondoen sentitu dadin.

Orain, ziberbullinga daukagu. Arazoak okerrera egin du?

Garai batean, ikasle bat ikastetxean baztertua bazen, edo kalean baztertua bazen, gero etxera iristen zenean bazuen arnasgune bat. Orain, mugikorrak eta sare sozialek ekarri dutena da, etxera joaten denean ere, jazarpen horrek jarraitzen duela, gelditu gabe.

Hitz egiten da eskolan horri buruz? Gazteak jakitun dira eragin daitekeen minaz?

Egia da gazteak, batzuetan, ez direla kontziente zer eragin dezakeen ziberbullingak beste pertsonarengan. Momentu askotan, broma bezala katalogatzen dituzte, eta ez dira kontziente zenbaterainoko mina eragin dezaketen pertsonengan. Inkluso bullinga eragiten duten horiek ere, taldean onartuak izateagatik egiten dute; taldearen presioagatik.

Garbi eduki behar dugu jazarpena ez dela gatazka puntual bat, baizik eta behin eta berriz gertatzen den eraso bat, botere-harreman batetik sortzen dena, normalean talde batek pertsona bakar eta ahulago bati egiten diona.

Rol desberdinak daude: bat da eragiten duena, liderra, lehenengo pausoa ematen duena; eta badaude jarraitzen diotenak, edo isilik gelditzen direnak eta, ondorioz, lidergo horri indarra ematen diotenak. Gure lanketa hor zentratzen dugu.

Ikastoletan, esaterako, KIVA protokoloa dago jazarpenari aurre egiteko, Finlandian garatutako protokolo bat. Bi helburu nagusi ditu: lehena prebentzioa –gelan lantzen da zer den jazarpena eta rol guztien garrantzia–, eta bigarren helburua, jazarpen-egoera bat detektatzen dugunean, protokoloa jartzea martxan: rol desberdinak identifikatu, gurasoekin eta gazteekin elkarrizketak izan, eta Hezkuntza Sailarekin bideratu.

“Irakasleok, egoera bat zaila egiten bazaigu, hori aitortzen ere jakin behar dugu”

Osasun mentalean eragin zuzena dute horrelako fenomenoek. Nola aterako gara hemendik? Zer egin behar du eskolak?

Gazteen arazo mentalaren arazoari aurre egiteko, uste dut ikasleekin dugun komunikazioa eta lotura landu behar ditugula. Irakasleok trebatu egin behar dugu, arazoak identifikatu eta segurtasunez jokatu ahal izateko. Eta, egoera bat zaila egiten bazaigu, hori aitortzen ere jakin behar dugu. Baina beti hor egonda, ikaslea laguntzeko prest. Eta gurasoekin berdin; elkarlan eta konfiantzazko giro hori landu behar dugu, elkarrekin joateko.

Eta zer egin dezake hezkuntza-sistemak berak?

Bai, ondo daude protokoloak eta dena zehaztea, baina uste dut gure egunerokotasuna ezagutzea falta zaiola. Gainezka egoten gara: ikasle pila bat dauzkagu, ikasleen artean kasuistika desberdinak daude…

Lagundu dezake, batetik, etengabeko formazioak antolatuz. Hau da, baliabideak jarrita. Baina arazoa da irakasleok ere formakuntza desberdin asko ditugula, eta ez dugu horri guztiari heltzeko denborarik. Ikastetxeoi gauza gehiegi abordatzeko eskatzen zaigu. Gizarteak ikusi egin behar du hori.

Miriam Arrieta Lertxundi

Psikologoa, psikopedagogoa eta Ikasberri ikastolako orientatzailea da. Azpeitian herritarren ongizate emozionala lantzeko diseinatu den eredu berritzailearen sortzaileetako bat izan da. Gazteekiko elkarbizitzaren eta orientazio pertsonal nahiz akademikoaren arloan egiten du lanketa.

Scroll to Top