Zergatik da nerabezaroa hain fase gatazkatsua heldu askorentzat?
Esango nuke heldu gehienentzat da gatazkatsua. Azken finean, seme-alabek agerian uzten dituzte gure gabezia emozional guztiak. Baina, gizarte honetan helduak ez dituenez aztertu bere traumak, barne-gatazkak eta gabezia emozionalak, ez da gai ikusteko nerabeak mugitzen dizkion alderdi horiek pista interesgarri bat izan daitezkeela bere barne-gatazka horiek lantzeko.
Haurrek eta gazteek radar berezi bat dute gure gabezia guzti horiek ikusteko. Ebolutiboki, pasatu daitekeen gauzarik hoberena da hori. Seme-alabak gure 3.0 bertsioa dira. Nik orain arte landu ez dudana azaleratuko dute seme-alabek, nik ikus dezadan. Eta horrek egingo du belaunaldiak hobetzen joatea. Baina, tira, prozesu hori pixka bat etenda gelditu zaigu guri urte batzuetan.
Oraindik ere, joera dugu terapiara nerabea bera eramateko, gu joan beharrean. Eta nik hemendik egiten dut gomendioa: segi terapiara helduok, eta ikusiko duzue nola hasiko zareten zuen nerabeari beste modu batera begiratzen. Eta gurasoak nerabeari beste modu batera begiratzen dionean, nerabeak ere beste modu batera begiratuko dio bizitzari. Askoz ere eraginkorragoa da horrela.
Osasun mentalaren krisi hau honetarako baliatu behar dugu. Horretara iristen garenean, gizarte-aldaketa ikaragarri handi bat gertatuko da.
Beraz, nola izan gaitezke nerabeen bidelagun?
Nerabezaroa nahitaez pasa beharreko fase bat da, eta bi alderdiak ditu: ederra bezain zaila da. Zailtasunetatik ihes egin beharrean, tapatu beharrean, aurrez aurre begiratu behar diogu. Bizitzako momenturik ederrena bihurtu daiteke horrela.
Haien alboan egon behar dugu. “Egon” da hitza. Baina ez fisikoki egon, baizik eta emozionalki. Sentitu dezala zu hor zaudela, behar zaituen guztietan. Baina ez gauza onetarako bakarrik, onerako jende asko daukagu bizitzan; behar duguna da, hain zuzen, egoerak txarrera egiten duenean maite ditugun horiek gure ondoan egotea. Eta hori da, hain justu, helduok ihes egiten dugun momentua.
“Nerabeei hankak lokatzetan barruraino sartzen utzi behar diegu”
Nola eskatzen dute laguntza gazteek?
Nerabe batek, askotan, ezin du zuzenean laguntza eskatu. Guk egon behar dugu adi, haien jokabide guztiei adi. Horrela eskatzen dute laguntza. Itxuraz gutxien merezi dutenean, orduan ikusi behar dute gehien gure maitasuna. Gazteen jokabide horien guztien atzean zer dagoen ikusteko gai baldin bagara, ikaragarri bidelagun onak izan gaitezke.
Haien alboan egon behar dugu, haiei begira, baina ez haiei bidea eginez. Haiei dagokie beren bidea egitea. Eta guri, porrotari diogun beldurrari aurre egitea, besteek gutaz esango dutenaren beldur ez izatea. Hori kendu, eta nerabeei hanka sartzen utzi behar diegu. Hankak barruraino lokatzetan sartzen. Zeren bizitzan putzu asko topatuko baitituzte, eta, putzuetan jolasten ikasten baldin badute, ez dira putzuan itoko.
Prozesu horretan, maitasunez behar gaituzte bidelagun. Distantziaz, baina maitasun osoz. Zeren guk distantzia hori gogortasunarekin nahasten baldin badugu, aurkakoa lortuko baitugu. Zenbat eta afektiboagoa, orduan eta efektiboagoa. Distantzia batera nago, baina emozionalki zurekin konektatuta.
“Gaur egun konektatuta gaude, baina ez dugu afektibitaterik sortzen”
Horrela ekiditen dira nahasmenduak?
Zaila da nerabeentzat bizi duten sufrimendua beren kabuz identifikatzea. Bizitzan zauritu egiten gara, hori ezin da saihestu. Min emozional batek zauri bat sor dezake barruan. Barruko zauriei ez badiegu begiratzen, gaiztotu egin daitezke. Zauriak begiratu eta garbitzen lagundu behar diegu helduok. Bestela, gaiztotzen badira, nahasmendu bat eragin dezakete. Eta nahasmendu horiek patologia bilakatu daitezke. Baina zauria zaintzen badugu, orbaina sortuko da. Bizitzarako ikasgai garrantzitsu bat geureganatzen lagundu digun marka izango da.
Batzuetan, familia lehena izaten da arazoaz ohartzen. Beste batzuetan, azkena. Nolakoa izaten da erreakzioa?
Oraindik ere, erruduntasunetik begiratzen diogu, zerbait gaizki egin dugun sentsaziotik. Onartu beharrean ez garela ikusteko gai izan, eta gugan barne-sentsazio deseroso hori sostengatu beharrean, ukatu eta ihes egiten dugu, errua gazteari egotzita gehienetan.
Nerabea nahasmendu baten hasieran baldin badago eta horri helduaren erruduntasun-begirada gehitzen badio, nahasmendua areagotzeko aukera asko daude. Hor dago gaur egun aldaketarako behar dugun gako garrantzitsu bat: nola begiratzen dugun.
Gure buruarekiko erruduntasuna ere baztertu behar dugu. Sostengatu hitza erabiltzen dut adierazteko errealitateari heldu behar zaiola. Helduok ere gaizki pasatzen ari garela adierazteko eta negar egiteko eskubide osoa dugu. Hori ona da. Eta hor dago gakoa, hor dago zauriak gaiztotzearen edo zaurietatik bizitzarako ikasketak ateratzearen arteko aldea.
Nahasmenduen atzean faktore hereditarioak egoten dira?
Nahasmendu baten atzean egon daiteke faktore hereditario bat, baina ez badago min emozional bat, ez da patologizatzen. Min emozional bat gaiztotu egin dena, ez dena aztertu eta zaindu, min emozional handi bat ezin izan dena prozesatu eta integratu. Bakardadean bizitu dena.
Gaur egungo bizitza azkarregiak, gurasoen presentzia eskasak, neke kronikoak, autoexijentziak eta besteek gutaz esango duten beldurrak ez dute askorik laguntzen honetan. Nerabeak bakarrik daude. Baldintza hauek nahasmenduetarako alfonbratxo gorri bat jartzen dute.
Badakit heldu askok pentsatuko dutela aspaldian bizitza gogorragoa zela. Garai bakoitzak zailtasun bat du, desberdina. Baina, datuak ikusita, egungoa ikaragarrizko ondorioak izaten ari da gazteengan.
Medikazioak nola eragiten du prozesuan?
Oso kontuz ibili behar dugu medikazioarekin. Mina eta sufrimendua ez dira gauza bera. Sufrimendua hasten da min bat jada ezin dugunean kudeatu. Hor baloratu dezakegu medikazioa komeni den, baina mina ezin da medikatu, min emozionala.
Hori bera min fisikoarekin ikusten da. Berehala hartzen ditugu parazetamolak eta ibuprofenoak. Min emozionalaren aurrean hori egitea oso arriskutsua da, horrek eragingo duelako ezer ez ikastea eta helduaroan ez gai izatea egoera deseroso txikienari ere aurre egiteko. Bizitzarako erremintak eman beharrean, egoera deseroso horien aurrean biluzik uzten ditugu pastillekin. Sintoma ez ikusteko estrategia bat da medikazioa gaur egun, ez du arazoa konpontzen.
Garai bakoitzean modu jakin batean kudeatu da min emozionala. Garai batzuetan, droga kontsumo jakin batzuk agertu dira, eta gizartean zegoen min hori tapatzeko erabili dira. Heroinaren garaia ezagutu genuen 80ko hamarkadan; gero, elikadura-nahasmenduen igoera ikaragarri bat; alkoholarekin ere gertatu da… Eta, gaur egun, mugikorrak eta autolesioak –nork bere burua zauritzeko joera–. Denak dira gure min emozionala estaltzeko modu bat.
Baina ezin dugu fokua adikzioetan bakarrik jarri eta gazteak kriminalizatu horien guztien erabileragatik. Horiek sintomak dira. Argitu behar duguna da zer dagoen horien atzean. Sintoman bakarrik jartzen badugu fokua, ez gara fokua behar den lekuan jartzen ari.
Eta, autolesioen kasuan, badugu helduok mezu garrantzitsu bat emateko, ahaztu egin baitzaigu zer baliotsua den bizitza bera.
Adimen emozionalaz hitz egiten dute aditu askok. Laburtu ditzakezu adimen horren gako nagusiak?
Gizaki integralagoak eta osasuntsuagoak izateko, bost gaitasun aipatuko nituzke, adimen emozionala izateko behar direnak: lehenengoa eta garrantzitsuena, autokontzientzia izatea. Konturatzea zein diren nire emozioak, nire gabeziak, nire tranpak, nire autoengainuak, nire manipulazioak… Bigarrena, hori dena beste modu batean kudeatzen ikastea, estali gabe. Hirugarrena, nire barne-motibazioa pizten duena identifikatzea eta horrekin konektatzea. Horrek eskatzen du denbora librea izatea, eta helduek ez esatea afizio jakin bat duen gazte bati: “ez, hobe ingeniaritza ikasi”. Hezkuntzarekin oso lotua dago.
Laugarrena, enpatia lantzea. Ni neu konturatzea besteak zer sentitzen duen bere sakonean, eta horrek ni beste leku batean jartzea. Hemendik bakarrik garatu daitezke trebetasun sozialak. Baina, horretarako, ezinbestekoa da aurreneko autokontzientzia hori. Ez baldin badut identifikatzen niri zer gertatzen zaidan, ezingo dut bestearena identifikatu. Gurean egitean, besteekiko enpatia hori sortzen da automatikoki. Norberak bere sufrimenduak aztertu dituenean, bestearenak ere oso argi ikusten ditu gero. Gure gizartean, ordea, ez dugu lanketa hori egin, eta, ondorioz, enpatia falta ikaragarria dugu.
Eta horrek gero ekarriko digu bosgarren gaitasuna: trebetasun sozialak. Harremanetan lotura emozional sendoak egiteko erraztasuna ekartzen du horrek. Gaur egun zailtasun handia dugu horretan. Beraz, autokontzientzia, emozioen kudeaketa, barne-motibazioa, enpatia eta trebetasun sozialak.
Eta azkeneko gako bezala, nire ustez garrantzitsua den beste kontu bat: gure gizartean, lana jarri dugu bizitzaren erdian, eta periferian daude gure osasuna, lagunak, gustuko gauzak, gure ongizatea. Eta irauli egin behar dugu hori. Erdian gure osasun emozionalak, mentalak, sozialak eta biologikoak egon behar dute. Eta beste guztia, inguruan.
“Kaleak, eskolak, osasun-etxeak, familiak eta kuadrillak norbera espresatzeko espazio seguru bihurtu behar ditugu”
Nola landu daiteke hain oinarrizkoa den autokontzientzia?
Une honetan, pena da, baina batez ere terapia-prozesuetan lantzen da autokontzientzia, leku seguru bakarra terapia baita. Kaleak, eskolak, osasun-etxeak, familiak eta kuadrillak norbera espresatzeko espazio seguru bihurtu behar ditugu.
Gainera, egia da osasun mentala demokratizatu behar dela eta profesional gehiago behar direla, baina osasuna ez da hortik bakarrik etorriko. Gizartean aldaketak planteatu behar ditugu: ez du ezertarako balioko psikologo eta psikiatra gehiago izateak, gizarte gero eta neurotiko batean bizi bagara. Kontuz ibili behar dugu gizakia gizarte neurotiko honetara ohitzearekin eta normalizatzearekin. Konponbidea ez da inoiz izango pertsonak neurosiaren barruan funtzional bihurtzea.
“Kontuz ibili behar dugu gazteak gizarte neurotiko honetara ohitzearekin eta normalizatzearekin”