“Medikamentu psikiatrikoek ez dituzte aldatzen sufrimendua eragiten duten egoerak”

Jon García Ormaza psikiatra da Zamudioko Ospitalean. Suizidio-ideia eta -jokabideak dituztenen ondoezaren oinarrian, askotan, bizitzak sortutako ondoezari aurre egiteko abilezia falta sumatzen du. Esperantzarako arrazoiak baditu, ordea: gizartean azaleratzen ari den osasun mentalaren krisiaren ondorioz, laguntza eskatzeko gero eta erresistentzia gutxiago ikusten du.

Zein dira gazte batek min emozionala duela iragartzen duten alarmak?

Nerabe bat min emozionala pairatzen ari delako alarma-seinale ohikoenak izaten dira isolamendua, ingurukoentzat karga bat dela sentitzea, norberarekiko etsaitasuna, loaren nahasmenduak, eta, bereziki, bere ondoez emozionala kudeatzeko gaitasunik eza.

Nabarmena da gazteek min emozionala dutela. Zergatik dute hainbestekoa?

Pandemia-garaian ikusi genuen oso ohikoa dela gazteen artean ondoez emozionala edo min mentala izatea. Horren arrazoiak asko dira, baina ziurgabetasuna, pobrezia eta etengabeko kezka batean bizi den gizarte batean egotea dira horietako batzuk. Garatzen ari den garun zaurgarri horrek arrisku-sentsazioa areagotu dezake eta ondoezaren sentsazio jarraia izan.

Horri gehitzen zaizkio edozein modutako jazarpenak, tratu txarrak, guraso oso gogorrak edo autoexijentzia akademiko zorrotza. Berebiziko eragina dute gazteengan.

“Ez da nahastu behar ondoezari aurre egiteko trebetasun gutxi izatea eta nahasmendu psikiatrikoak izatea”

Azken urteotan, osasun-sistemak jasotzen dituen eskaerak handitu dira?

Bai, osasun-sistemak detektatu du ondoezaren edo min mentalaren inguruko demanda hori handitu egin dela, baina hemen bi gauza hausnartu behar dira:

Litekeena da ondoeza gehitu izana, baina ikusten ari gara gero eta erresistentzia gutxiago dugula laguntza eskatzeko, eta hori oso gauza positiboa da.

Bestetik, psikiatra moduan, niretzat garrantzitsua da jendeak ulertzea desberdina dela egunerokotasunak dakarren ondoezari aurre egiteko trebetasun pertsonal gehiago edo gutxiago izatea, eta nahasmendu psikiatrikoak izatea.

“Emozio zailak kudeatzeko trebetasun gutxi dugu”

Zertan bereizten dira?

Bizitzak betidanik sortu dizkigu arazoak, bai akademikoki, bai harreman interpertsonaletan, bai lanean. Eta beti landu behar izan dugu egoera horiek sortzen dizkiguten emozio zailak kudeatzeko gaitasuna. Horri deitzen diogu autorregulaziorako gaitasuna. Gaur egun gertatzen ari dena da ondoeza sortzen duten iturriak ugaritzen ari direla, eta, horrekin batera, emozio zailak kudeatzeko trebetasun gutxi dugula.

Badakigu ondoez emozionala hobeto kudeatzeko faktore babesleak egon badaudela. Garrantzitsua da etxean, eskolan eta kalean inguru lasai eta babesle bat izatea, loarekiko erritmo egokia izatea, elikadura osasuntsua eta ariketa fisiko erregularra egitea… Psikiatriako kontsultetan haur eta nerabe asko jasotzen ditugu, eta haietako askok transmititzen digutena da haien bizimoduan sortutako ondoezari aurre egiteko abilezia falta sentitzen dutela.

Beste batzuek, ordea, badituzte benetako buru-nahasmenduak, hala nola antsietate-arazoak, depresioa eta, zenbaitek, psikosia. Buruko nahasmendu bat diagnostikatzeko, sintomatologia hori denboran mantendu behar da, nahasmendu psikiatrikoak kronikoak izaten direlako.

Etiologia oso konplexua dute buru-nahasmenduek, faktore askok batera eragiten baitute. Biologikoki zaurgarritasun bat egoten da, baina, aldi berean, inguruneko faktoreek asko eragiten dute: edozein modutako jazarpenak, elikadura txarrak, estresak, drogekiko menpekotasunak…

“Sufrimenduari bizkarra ematen dion gizarte batean bizi gara”

Min emozionala eta nahasmenduak dituztenak nahasten dira kontsultan?

Azkenaldian, sufrimenduari bizkarra ematen dion gizarte batean bizi gara. Eta gehienetan komunikabideek edo sare sozialek transmititzen dute irreala den fantasiazko eta zoriontasunezko mundu bat. Hori nerabe baten burmuinean kokatu behar dugu, nerabearen burmuinak garrantzi handia ematen diolako sozialki arrakasta izateari eta esperientzia berriak bilatzeari. Etengabe ari dira konparatzen beren burua gizarteak ematen dituen eredu horiekin.

Horrek autokritika zorrotzak sortzen ditu, eta norberarekiko etsaitasuna pizten du. Orduan, ezinegona eta min mental handia sortzen da. Hori kudeatu ahal izateko, gazteak trebetasun handia behar du. Alde batetik, emozio zail horiek detektatzeko trebetasuna; baina, bestetik, bereak diren sentimendu horiek ulertzeko gaitasuna, eta, zailena dena, sortzen zaizkion pentsamenduek eragiten dioten minari heltzeko gaitasuna. Ez da erraza gaztaroan hori dena garatua izatea. Baina ezinbestekoa da hori lantzea, zeren medikamentu psikiatrikoek ez dituzte egoera zailak eta sufrimendua eragiten dituzten egoerak aldarazten. Hori argi adierazi behar dugu.

Jon García Ormaza

Osakidetzako mediku psikiatra da Zamudioko Ospitalean. Neurozientzietan doktorea da, eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean suizidioa ikertzeko arduraduna. Neurozientzietako eta osasun mentaleko ikertzailea da EHUn eta Biobizkaian.

Scroll to Top