“Osasun mentaleko arazoei psikofarmakoekin erantzuteko modu bat errotu da gizartean”

Soziologiaren begirada ezinbestekoa da osasun mentalaren gainbehera ulertzeko. Hamarkada eskasetan aldaketa oso sakonak gertatu dira gizartean, harremanak egiteko modua iraultzeraino, eta horrek guztiak osasun mentalean zer eragin izan duen galdetu diogu Amaia Bacigalupe soziologoari. EHUko OPIK ikerketa-taldearen burua da Bacigalupe.

Nola aldatu da gizartea azken hamarkadetan, eta nola eragin die horrek nerabeei?

Azken hamarkadetan, aldaketa bortitzak gertatu dira gizartean, batez ere sistema kapitalista deitzen diogun egitura horretan. 1980ko hamarkadatik aurrera, neoliberalismoan sartu gara: merkatu ekonomikoak lehenengo mailako agente politiko bihurtu dira, eta horrek ekonomia-mailan aldaketa asko eragin ditu.

Bestalde, ongizatearen estatua deitzen diogun horretan ere aldaketa handiak egon dira: merkatuak gailentzean, politika sozialak asko ahuldu dira.

Baina ez hori bakarrik. Neoliberalismoa, gure marko ekonomiko eta politiko bihurtzeaz gain, gure marko kulturala ere bihurtu zaigu. Alegia, aldaketa sakonak gertatu dira pertsonen artean erlazionatzeko moduan. Lehen, elkarlana, elkartasuna eta konfiantza ziren balio kolektibo nagusiak. Orain, askatasun indibiduala eta indibidualismoa gailendu dira.

Mundu teknologikoa berebiziko tresna izan da neoliberalismoarentzat: horri esker, barruraino sartu da gizartean.

Zer eragin du horrek osasunean? Berdin eragiten die gizon eta emakumeei?

Genero-desparekotasunei dagokienez, gure gizartean bi sistema nagusi ari dira elkarlanean: kapitalismoa eta heteropatriarkatua. Bi sistema horien arteko sinergiak emakumeok bigarren mailako espazio desprestigiatuetan kokatu gaitu. Lan-merkatuan bizi ditugun diskriminazioak, zaintza-lanetan eta etxeko lanetan gertatzen diren banaketa injustuek, gizon-emakumeen arteko biolentzia propioek eta abarrek eragin zuzena dute osasunean, noski. Bai osasun mentalean, bai osasun fisikoan. Presio estetikoak ere badira. Eta nerabezaroa, bizitzako beste edozein fase bezala, presio eta arazo horien guztien isla da.

Dena dela, heteropatriarkatuak, kontraesankorra badirudi ere, efektu oso negatiboak ditu gizonen osasun mentalean ere. Osasun fisiko eta mentalean. Maskulinitatearen eredu sozial hegemonikoak espektatiba oso zorrotzak inposatzen dizkie gizonei. Ezartzen zaien rol sozial zorrotz horiek eragin zuzena dute beren osasun mentalean. Agerikoa da, batzuetan, gizonek eta, beraz, baita mutil nerabeek ere, zailtasunak dituztela beren ezinegon emozionalei buruz modu naturalean hitz egiteko beren lagun eta kideekin. Hori ez da gertatzen nesken kasuan. Hor badago adibide bat erakusten duena heteropatriarkatuak eragin negatiboa izan duela gizonen osasun mentalean.

Nerabezaroan izaten den lehenengo ikasketa esanguratsua da emakume edo gizon izatearena. Hamaika-hamabi urteko gazte horiengan genero-rolak oso modu indartsuan eragiten diote haien identitatearen eraikuntzari. Eta eragin zuzena dute osasun mentalean.

Are gehiago, konturatu behar dugu osasun-sistemak osasun mentalaren arloan emakume eta neska gazteei ematen dien tratua ere desberdina dela.

Nola ulertzen du osasuna gaur egungo gizarteak?

Osasunarekiko ikuspegia konplexua da. Edozelan ere, hiru alor oinarrizko hartzen ditu: fisikoa, mentala eta soziala. Hiru horien arteko oreka behar du. Eta oreka horren presentziaz disfrutatzeko ahalmena da, nire ustez, osasuna. Ongizatearekin du zerikusia.

Iraganeko osasunaren ikuspegi kliniko hertsi horretatik pixka bat askatzea lortu da, behintzat. Orain dela gutxi arte, nahasmendu psikiatrikoekin oso lotuta zegoen osasun mentala. Gaur egun, segur aski, askoz ere kontzepzio sozialago batetik ulertzen dugu, eguneroko gauzekin oso lotua.

Baina beste paradoxa bat gertatzen da hemen ere: osasun mentala ulertzeko garaian ikuspegi soziala txertatu dugun arren, osasun mentalaren kudeaketa oso plano klinikoan egiten da. Osasun mentaleko arazoak identifikatzean, ez ditugu abian jartzen horren atzean kausa moduan dauden baliabide sozialak. Jarraitzen dugu pentsatzen osasun-sisteman kokatu behar dela horren kudeaketa.

Zuen ikerketatik, zer nahasmendu ikusi dituzue gaur egungo gazteen artean?

Gure ikerketetan aztertu ditugu alor klinikoan diagnostiko batez identifikatuta dauden nahasmenduak. Baina, etengabe, askoz ere adierazle sozialagoekin identifikatuta dauden bestelako osasun arazo batzuetara ere begiratzen dugu.

Alor klinikoan, une honetan, ume eta gazteen artean lau nahasmendu-mota diagnostikatzen dira nagusiki: arretaren defizita eta hiperaktibitatearen nahasmendua, antsietateari lotutako nahasmenduak, depresioari lotutako nahasmenduak eta portaeraren nahasmenduak.

Ikusi dugu lau nahasmendu horietan generoaren profila oso ezberdina dela. Sufrimendua ez dute berdin adierazten neskek eta mutilek: portaerari lotutako nahasmenduak eta arretaren defizita edo hiperaktibitateari lotutako nahasmenduak haurtzaro eta gaztaro osoan zehar azaltzen dira, eta mutiletan diagnostikatzen dira batez ere. Antsietate eta depresioaren kasuan, ordea, hamaika-hamabi urteren bueltan azaltzen dira, eta nesken artean, oso modu nabarmenean.

Psikofarmakoen kontsumoa ere –lasaigarri, lo-eragile eta antsiolitikoen moduko psikofarmako horien guztien kontsumoa– askoz ere handiagoa da nesketan mutiletan baino, hamaika-hamabi urteen buelta horretan.

Nola artatzen dira lau nahasmendu horiek?

Osasun mentaleko arazo gehienek, batez ere antsietate eta depresioarekin erlazioa daukaten nahasmendu horiek, erlazio zuzena dute gizarte-egiturarekin eta gizarte honetako bizimoduarekin. Baina, era berean, arazo horien gestioa oso alor kliniko batera eraman dugu.

Gaixotzera eraman gaituzten balio sozial horiek berek –bizkortasuna, berehalakotasuna, pazientzia-galera–, hau da, kapitalismo teknologikoaren marko kultural horrek, arazoei oso azkar erantzuteko beharra sustatu du, eta hortik ari gara erantzuten osasun mentaleko arazoei ere, antsietate horretatik. Gaur egun, egunean 24 orduz zabalik dugun errekurtso publiko bakarra osasun-sistema da; beraz, horra bideratzen ditugu. Uste dut horrek azaltzen duela, neurri handi batean, zergatik duen medikuntzak arazo hauen kudeaketaren monopolioa.

Osasun-sistemak, bere aldetik, aukera gutxi ditu horrelako eskari handi bati aurre egiteko, ez bada pastilla bat preskribatuz. Azkenean, guztiz naturalizatu da psikofarmakoen eta, batez ere, ansiolitikoen kontsumoa. Osasun mentaleko arazoei farmakologikoki erantzuteko modu hau erabat errotu da imajinario kolektiboan. Inork ez du zalantzan jartzen jada.

Amaia Bacigalupe De la Hera

Soziologoa eta Osasun Publikoko doktorea da. Desberdintasun sozialek osasunean eta osasun-arretan duten eragina ikertzen du; batez ere, generoak eragindakoa. OPIK Osasunaren Gizarte Determinatzaile eta Aldaketa Demografikoari buruzko ikerketa-taldeko burua da.

Scroll to Top