Entrenatzaileentzako dekalogoa

Erreferentea

Erreferentea zara kirolari gazteentzat. Indartu itzazu, motibatu, eta izan konfiantza haiengan.

Komunikazioa

Komunikazioa beharrezkoa da konfiantza eraikitzeko. Zaindu kirolariekin komunikazioa eta baita haien familiekin ere. Autoritarismoa baztertu, eta izan zaitez lider eraikitzaile bat.

Balioestea

Taldekide bakoitzaren indarguneen eta ahulguneen jabe izan. Zure ardura da guztiak baliotsu sentiaraztea.

Errealista

Helburu errealistak jarri, bakoitzaren gaitasuna, heldutasuna, kultura eta asmoak aintzat hartuta.

Ahalegina

Baloratu ahalegina emaitzen gainetik beti.

Marko legala

Entrenatzaileak hezitzaileak zarete. Trebatu zaitez, ezagutu marko legala eta errespetatu gazteen eskubideak.

Babesa

Zure ardurapeko gazteren batek arriskua bizi duela uste baduzu, maila fisikoan edo emozionalean, zure egitekoa da hori behar den lekuan jakinaraztea eta gaztea babestea.

Bazterkeriarik ez

Bazterkeriarik gabeko kirol-gunea sortzeko ardura hartu. Eten hitzezko bortizkeria eta keinuak, berdintasuna sustatu, aniztasuna onartu.

Balioak

Balioetan hezi gazte kirolariak. Zuk ere zaindu zure portaera eta hitzezko jarduna, mezuak, txantxak… Berdintasuna eta laguntasuna sustatu.

Bideratzailea

Lagundu gazteei dituzten emozioak modu osasuntsuan adierazten. Komunikazioa da giltzarria; galdetu, eta entzun. Haien emozioak sostengatu egoerak zailtzen direnean.
Scroll to Top